Ko-sorkuntza ekosistema: 2024ko ikasketak –Ezagutu eta konektatu lantaldea
2024an egindako lana. Ekosistemako Barne Kohesioa indartzeko dinamikak.
2024an hasieran proposatutako helburuak
2024 urteak ikasketa asko ekarri dizkigu Ezagutu eta Konektatu lantaldeari. 2023ko Ko-Sorkuntza Ekosistemako azken topaketan 2024rako helburuak finkatu genituen batez ere 4 lan ildoetan indarra jartzeko intentzioarekin:
- Barne kohesioa indartu
- Harremantzeko topaketak
- Norekin konektatu
- Inspirazio iturriak
Urteak aurrera egin ahala gure erronka nagusia Ko-sorkuntza Ekosistemako Barne Kohesioa indartzeko dinamika ezberdinak proposatu eta erraztea izan da. Ekosistemaren eraldaketa bidean sortu diren behar eta harremanei, emozioei, tentsioei, zailtasunei, desadostasunei zein gatazka ezberdinei erantzuteko. Erabaki hau ez dugu gehiegi hausnartu (buruarekin), gorputzak horretan jarri, denbora eskaini eta saiotik saiora energia non zegoen entzun, sentitu eta ekosistemak bere barne kohesioa areagotzeko beharrei erantzuten saiatu gara. Gure artean loturak ezartzeko eta ongizate giroaren alde egiteko oinarriak eraikiz. Modu honetan lan egiteak protokoloetatik haratago joatea ahalbidetu digu, bizirik dagoen horri lekua eta denbora eskainiz. Hau oinarri, urtean zehar ondoren azaltzen ditugun dinamika ezberdinen bitartez gutxieneko baldintzak ahalbidetzea lortu dugu.

Urtean zehar egindako dinamikak
1. Arrainontzi Itxia:
2023ko azken topaketan 2024ra begira, Ko-sorkuntza ekosistema beraren helburuak jorratu bagenituen ere, bideratu eta sustaturekin kontrastea egin ostean, gaia sakonago lantzeko beharra azaleratu zen. Ekintzak ondo bideratze aldera arrainontziaren dinamika ekartzea interesgarri ikusi genuen. Dinamikak denen ideia eta iritziak aurkeztu, argudiatu eta gaiak ikuspegi ezberdinetik landu eta sakontzeko aukera ematen du. Modu organiko batean Ko-sorkuntza ekosistema beraren helburuak eta ekintzak lehenetsiz.
Dinamika hau bi modutan garatu daiteke, modu irekian eta modu itxian. Modu irekiak pertsonak arrainontzian sartzea eta irtetea ahalbidetzen du. Gure kasuan dinamika itxia proposatu genuen lantalde bakoitzetik ordezkari bat aukeratuz arrainontzian parte-hartzeko.
Dinamika bi zirkulutan garatzen da. Alde batetik lantalde bakoitzetik arrain-ordezkari bat izendatzen da eta ordezkari guztiek erdigunean arrain-zirkulu bat egiten dute. Gainontzeko partaideak arrain-zirkulu honen kanpoaldean arrainontzia bat osatzen dute zirkulu haundi bat eginez.
Dinamikarako hiru galdera proposatu genituen:
- Zeintzuk dira Ko-sorkuntza Ekosistemaren 2024ko asmoak?
- Zer ekarpen egin diezaiekegu guretik?
- Zer harreman behar dira Ko-sorkuntza Ekosistemaren helburuak betetzeko?
Saioaren emaitzak hurrengo irudian azaltzen dira. 2024rako helburuak 3 zirela nagusiki adostu zen:
- Ko-sorkuntza Ekosistema kanpora zabaltzea
- Ko-sorkuntza Ekosistemaren barnea sendotzea
- Finantzazioa lortzeko bide eta iturriak aztertzea

2. Lantaldeen berregituratzea:
2024ko bigarren topaketan gure arteko harremana eta konfiantza lantzeko, Arantzazu ingurunetik entzute ibilaldi bat proposatu genuen. Bikoteka banatu eta bietako bat begiak itxita, bestea ibilalditik gidatu eta bi galderen inguruan hitz egiteko tartea emanez. Espazioak normalean gutxiago garatzen ditugun zentzumenekin esperimentatu, entzute esperientzia konfiantzako espaziorantz bideratuz, bikotearen beharra eta elkarrizketara moldatuz. Ondorengo lanketan proposatuta zeunden erabakiak hartzeko oinarria eraikiz.
Bideratu eta Sustatu lantaldetik lehen saiotik bigarrenera lantaldeak berrantolatzeko proposamen bat egin zen, lantalde berri baten sorrerarekin. Honek beste lantaldeetan korapiloak agerrarazi zituen, pertsonak jada lantalde horietara eginda zeudelako eta mugimendurako erresistentzia agertu zen. Ezagutu eta Konektatu lantaldetik, deskantsurako tartean eta egoera zein zen ikusita lantaldeak berrantolatzeko dinamika bat proposatu genuen.
Dinamika honek buruan eta aurreiritzietan atentzioa jarri ordez, fokoa gorputzera eta sentsazioetara eramatea zuen helburu. Horrela, lantalde bakoitzaren izena orri batean idatzi genuen baita kanpo komunikazio lantalde berria ere.
Ko-sorkuntza Ekosistemako parte-hartzaileak espaziora sartu zirenean bertatik mugitzea eskatu genien eta gehiegi pentsatu gabe eta beraien gorputzeko sentsazioetan atentzioa jarriz galdera hauei erantzutea eskatu genien: Zein lekuk (orriak) deitzen nau gehien? Non egin nezake gusturago nire ekarpena?
Honela, pixkanaka parte-hartzaileak leku batetik bestera mugitzen hasi ziren. Lantaldeetan mugimenduak egon ziren eta 10 bat minuturen bueltan lantalde berriak osatu ziren. Aldaketa egin zuten pertsona bakoitzaren ahotsa entzun genuen eta baita lantalde berdinetan mantendu ziren ahots batzuk ere.
3. Hitzaren Makila zailtasunak azaleratzeko
2024ko bigarren eta hirugarren saioaren artean lantalde bakoitzarekin online bilerak egin genituen eta hauetatik gai zehatz batzuekin zailtasunak zeudela azaleratu zen. Batez ere, proposamen berriekin eta lantaldeen erantzuna zein zen ikusteak Ko-sorkuntza Ekosistemako kide batzuengan “bajoia” sentitzen zen.
Gai “zail” hauetaz konfiantzaz eta erosotasunez hitzegiteko Ezagutu eta Konektatu lantaldetik Hitzaren Makila deritzon dinamika egitea proposatu genuen.
Dinamika hau egiteko zirkulu Kosorkuntza Ekosistema kideek zirkulu bat osatu genuen. Zentroan makiltxo bat jarri genuen eta hitza hartu nahi zuen edonork makila hartu eta partekatu nahi zuena esaten zuen. Bukatzean makila bere aurrean jartzen zuen feedback-a jaso nahi bazuen edo bestela makila zirkuluaren zentrora ekartzen zuen hurrengo kide batek partekatu ahal izateko.
Dinamika honek gai batzuk azaleratu zituen, hala nola KS Ekosistemako eta lantaldeetako abiadura ezberdinak, motibazioa eta erantzukizuna, momentu batzuetan argitasun eza, proposamenen aurrean erantzun desmotibagarriak jasotzea, lantaldeetatik mugitzera derrigortuak sentitzea, eta beste hainbat gauza ere partekatu ziren.
4. Stuck: oztopoetatik mugimendura
Urteko 4. lan-saiorako gorputz dinamika bat prestatu genuen. Orokorrean Ko-sorkuntza Ekosistema bera oztopo txikiekin aztoratzen zegoela sentitu genuen. Hortaz, oztopoei kontzientzia jarri eta hortik mugimendura pasatzeko Stuck dinamika egitea aproposa iruditu zitzaigun.
Lehenik eta behin gorputzarekin kontaktuan jartzeko parte-hartzaileak lurrean etzan genituen eta gorputzean atentzioa jarriz 10 minutuko meditazioarekin hasi ginen. Behin konexio hori eginda 3-4 pertsonako taldeak egin genituen eta talde bakoitzeko kideek Ekosisteman atzematen zituzten blokeoak gorputzarekin irudikatu zituzten. Honen ostean, blokeo hauei mugimendu-fluxua emateko ariketa egin genuen, oztopoak askatu eta aukera berriak identifikatzeko. Azkenik, talde haundian oztopoak eta mugimenduak irudikatu genituen.
5. Bizi-Lerroa
Urteko azken saiorako bizi-lerroaren dinamika egitea proposatu genuen. Alde batetik Ko-sorkuntza Ekosisteman urtean zehar egindako ibilbide eta momentu klabeak jaso genituen eta jarraian lantalde bakoitzak urtean zehar egindako ibilbidea partekatu zuen, bai ekintzen aldetik eta baita alde emozionaletik ere. Honek, modu analogiko batean atentzioa espazioan mantentzea ahalbidetu zuen, lantalde bakoitzaren ikasketak jaso eta hausnarketa orokorra eginez.

Urtean zehar izandako ikasketak
Zaintza-giroa eraginkorra izatea izan da gure esperimentu eta erronka handienetako bat. Bidean sortzen diren behar emozionalei, harremanetakoei eta sor daitezkeen tentsio zein desadostasunei eta ikuspuntu kontrajarriei erantzutea (horrek zer esan nahi duen ebaztea).
Gorputzarekin gehiago sentituz, bihotza irekiz eta pentsamendu arrazionalagoak alde batera utziz. Egunerokoan lanketarako tarte gutxiago ematen diogu eta horrela kalitatezko denbora eskaini diogu.
Gure artean lotura osasuntsuagoak ezartzeko eta ongizateren alde egiteko adimen emozionala jorratzeko dinamikak beharrezkoak dira, hasiera batean kosta egiten direnak praktikara eramaten baina konfiantza eta lotura sortzen laguntzen gaituztenak. Honek konfiantzarako espazioak lortzeko azpiegitura sortzen laguntzen duelarik.
Hau lortzeko ordea, aurretik lanketa eta prestatutako espazioa egotea gakoetako bat da. Zainketari espazioa ematea, zeharka eta dimentsioen ezberdinetan praktikatuz. Besteenganako judizioak, errua eta exijentziak gainditzen joan, lehenik geure buruan arreta jarriz. Emozio eta sentimenduen hizkuntzara gerturatuz
Guzti hau jokoan jartzen laguntzen gaituzten dinamikak lantzen ditugunean, elkar zaintzen dugu (ez modu formalean), zaintzarako tresnak eta rolak ahalbidetuz, gozatuz eta gure naturaltasunetik harremanduz.