LAN EREMUAK

IKERKETA, ESPERIMENTAZIOA, DIBULGAZIOA

Dimentsio anitzeko erronka konplexuen aurrean, galdera berriak eraikitzeko beharrezkoa den hausnarketak, ikasteko grina areagotu digu; soluzio berritzaileekin esperimentatzeko laborategi bezala dugun lizentziak, ausardia eta askatasuna eman dizkigu. Eta beste ezeren gainetik, Arantzazulab-en inguruko adostasun zabalak, erakunde publiko zein pribatuen laguntzak, legitimitatea ez ezik babesa eman digu, gure hasierako urratsak sendo emateko.

Marko estrategikoa

Zer egiten dugu? Ezagutza berria eta egiteko modu berriak  garatzeko ekintzak sustatuz eta dinamizatuz gizarte berrikuntzan katalitzatzaile gara. Gainera, Arantzazulaben bultzatu nahi dugun gizarte berrikuntza kontzeptu batekin lotzen da: Lankidetzazko Gobernantzarekin. Gobernuen eta gizarte zibilaren arteko harreman eta lankidetza modu berriak ezartzean oinarritzen da lankidetzazko gobernantza, agenda berri bati aurre egiteko. Agenda publikoan herritarren parte-hartzea eta ahalduntzea sustatuko ditugu. Euskal gizartearen beharrizanak ulertuz, herritarren inplikaziotik heldu nahi diegu gizarte erronkei, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik abiatuta.

4 ardatz estrategiko ditugu: Lankidetzazko Gobernantza; Ekosistemaren aktibazioa; Irekiera; Eduki berrien ikerketa, formakuntza eta sozializazioa.

Zein da gure azken helburua? Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta gizatiarragoa lortzeko erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea

Nola lortuko dugu hori? Hiru jarduera nagusi burutzen ditugu Arantzazulab-en: Ikerketa,Esperimentazioa eta Dibulgazioa.

ikonoa__MarkoZeharkakoak

Zeharkakoak / Euskarriak diren ekimenak

  • Saretzea eta elkarlana bultzatu
  • Ebaluaketa & komunikazio ebolutiboa garatu
  • Elkarlaneko gobernantza praktikatu
  • Finantziazio iturri berriak esploratu
  • Arantzazuko Ekosistema Kudeatu eta Ondarea Gizarteratu
Ikertu_Ikonoa

Ikertu & Ikasi

Ikerketak, gogoetak eta hausnarketak leku garrantzitsua du Arantzazulab-en. Gaur inoiz baino gehiago, bizi dugun aldaketa sakoneko garaian, gizartean eta munduan gertatzen diren gertakari eta erronka ezberdinak interpretatu behar ditugu, guregana ekarriko duten eragina ikertu eta soluzioen inguruan ezagutza berria garatu behar dugu.

Ikerketan egitasmo esanguratsuak:

1. Ikerketa Elkargunea: ikerketa egiteko beste modu bat

Arantzazulab-ek ikerketa egiteko beste modu bat proposatzen die gure herriko unibertsitateei eta ezagutza eragileei. Ezagutza garatzeko Ikerketa Elkargunea abian jarri dugu, lankidetzan ikerketa kooperatiboa egiteko modu eta espazio berritzailea. Unibertsitate ezberdinen banakako ikerketen batuketaz haratago, elkarlanean oinarritutako hausnarketa eta ikerketa elkargunea izatea da Arantzazulab-en balio proposamena.
Hasieran lehenetsitako Ikerketa esparruak (2021-22): Demokrazia eta Lankidetzazko Gobernantza (Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua)
Unibertsitateak: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea

2. Thinkers in Residence

Arantzazulab-en esparruan adituak diren nazioarteko ikerlariak eta profesionalak erakarri nahi ditugu gurera, ezagutza berria garatzen laguntzeko. Beraien ikerketak hemen burutzea, haien jakintza gurean txertatzea eta laborategia munduko profesionalen sarearekin konektatzea du helburu programak. Lehen urtean “Garapen komunitario aurreratuen eta gobernantza-proiektu eraldatzaileen” inguruko ikerketa burutuko duen eta esperientzia aurreratuak bilduko dituen ikerketa jarri da martxan, nazioarteko ikertzaile batekin programaren baitan.

Play Video

3. Lurraldeko Lankidetzazko Gobernantzaren mapa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren baitan Arantzazulab-ek gidatutako egitasmoa da. Bere helburua da “Gipuzkoa lankidetzazko gobernantza bultzatzen ari diren erakunde eta proiektuen mapa bat osatzea, haien ibilbidea eta jarduera sakonean ulertu eta haien arteko saretze prozesuaren oinarriak jartzeko”. Bestela esanda, lankidetzazko gobernantza hedatzea eta ikaskuntza-ekosistema eta praktika komunitate berritzaile bat eraikitzea da azken helburua. Gipuzkoako erakunde publiko guztiekin eta eragile sare esanguratsuenekin elkarrizketak burutuko dira 2022 urtean.

esperimentatu_Ikonoa

Esperimentatu

Arantzazulab, gizarte berrikuntzako laborategia da. Eta laborategi garen heinean, esperimentazioak ere aparteko lekua du gure jardunean. Esperimentazioa, “ezagutza berria eta egiteko modu berriak garatzeko ekintzak sustatu eta dinamizatzea” bezala definitu genezake. Modu berritzailean eta ikuspegi eraldatzailearekin esperimentatzeko ekimen esanguratsu hauek ditugu abian:

 

1. Lankidetzazko Gobernantza praktikan: Tolosan deliberazio egitasmo ordezkatzailea

Arantzazulaben Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearekin (ELGA/OCDE) elkarlanean herritarrekin partaidetza prozesu berritzaileak sustatzen hasi gara, demokrazia deliberatiboa tresna bezala erabilita. Ausaz aukeratutako herritarren arteko deliberazio publiko berritzailea da Tolosan abiatu dena (zozketa zibikoa, eztabaida informatua, erabakia/eragina). Elkarlan honen helburua eskala txikian esperimentatzen hastea da, egitasmo honetatik ikasteko, eta horrela, deliberazio prozesuak gure herrian zabaltzeko eta instituzionalizatzeko baldintzak sortzeko eta ezagutza garatzeko.

2. Lankidetzazko Gobernantza praktikan: Gipuzkoako Herritarren Batzarra

Gipuzoako Herritarren Batzarra landa eremua eta klima aldaketa uztartuko dituen herritarren deliberazio prozesua da. Gobernantza eredu berriak praktikara eramateko herritarren parte hartze prozesu berritzaile bat bezala ulertu behar da, demokrazia deliberatiboan oinarritzen dena.
Landa eremuaren papela balioan jarri nahi da aldaketa klimatikoaren aurrean, herritarrak trantsizio ekologikoaren elkarrizketan inplikatuz. Egitasmo honen sustatzaile nagusiak Arantzazulab eta TMeLab dira (Arantzazulab-en aholku batzordeko kidea dena), eta inplikatutako erakunde publikoa Gipuzkoako Foru Aldundia da.

3. Euskal Herriko Ko-sorkuntza eskosistema

Arantzazulab-ek abiatu duen esperimentazioa beste lan-ildo nagusi bat, Ko-sorkuntza ekosistema abian jartzea izan da.
Zer da Arantzazulab-en sustatu dugun Ko-sorkuntza ekosistema? Ikaskuntzarako, elkar-ekintzarako eta esperimentaziorako elkargunea da, eta bere helburua bikoitza da: (1) Euskal Herriko kosorkuntza guneak, ezagutza eta eragileak konektatzea eta (2)Esperimentatzeko espazioak dinamizatzea, sormena sustatzeko eta ezagutza berria sortzeko.

4. Hitzetatik Ekintzetara egitasmoa

Hitzetatik Ekintzetara egitasmo berria martxan jarri dugu Kutxa Fundazioarekin batera. Proiektuaren asmoa herritarrak Agenda 2030era hurbiltzea eta bertan zehazten diren helburuetan herritarrak aktibatu eta inplikatzea.

Erronka handien mailan egoteko, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko harremanak birpentsatu behar dira, kontratu sozial berri baten oinarriak adostu. Hitzetatik Ekintzetara proiektuari esker nortasun hori piztu eta berreskuratu nahi da, eta gizarteaeraldatzeko ekarpen berria eskaini.

Lehen edizio honetan, 2. Garapen Jasangarrirako Helburua jarriko da fokua: Gose eza. Herritarrak aktibatzeko Gipuzkoako 3. sektore eko-sozialeko eragileekin elkarlanean, KLIK ekintza-programa prestatu dugu.

5. Esperimentazioko beste proiektu batzuk

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak lideratutako Deep Demo proiektuan ekarpena eta talde motorrean parte-hartzea
  • Open Government Partnership (OGP) Euskadi, 4. konpromisoaren lantaldean parte-hartzea 
  • Unibertsitateetako ikasleekin erronka asteak
  • Monitoring Evaluation Learning guidelines (EIT Climate-KIC) aditu taldean parte-hartzea
  • Beste batzuk
dibulgatu_Ikonoa

Dibulgatu

Ikerketaren zein esperimentazioaren bidez garatutako ezagutza gizarteratzea du helburu gizarte erronken ulermenean sakontzeko, ezagutza berria zabaltzeko eta herritarrei helarazteko.

Dibulgazioko egitasmo nagusiak:

  • Formakuntza programetan eta Unibertsitate gradu zein master ezberdinetan heziketa programak eta lan saioak.
  • Gizarte Berrikuntzan Formakuntza exekutiborako Erasmus + programa diseinatu eta koordinatzen dugu. Europako ondorengo lau unibertsitaterekin batera: Osloko VID unibertsitatea, Alemaniako Heilderberg eta Trier unibertsitateak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Agirre Lehendakaria Center (EHU/UPV).
  • Hainbat foro, jardunaldi eta kongresuetan aurkezpenak