Ko-sorkuntza ekosistema: 2024ko ikasketak – Esperimentazio lantaldea
2024an egindako lana
Esperimentazio lan-taldeak 2024. urtean gure barruan genuen kezka bati erantzun nahi genion. Izan ere, pertzepzioa genuen ikuspegi sistemikoaz asko hitz egiten dela, eta maila orokorrean, egungo erronka konplexuei erantzuterako orduan, ikuspegi sistemikoa presente izatearen balioa gai hauetan lanean ari garen eragile guztiok aitortzen dugula. Beste gauza bat da ikuspegi sistemikoa prozesu batean txertatzeko nahikoa tresna izatea.
Urte honetan zehar kezka horri erantzungo dion gida bat sortzeko nahia izan dugu. Gida hori esperimentaziotik sortzen saiatu gara, eta beti ere ekosistema osoarekin egiten genituen testatze saioetan ateratako ondorioetatik ere.
Lehenik eta behin ikuspegi sistemikoaren oinarrizko definizio labur bat egiten saiatu gara, eta bertatik prozesu batean egon daitezkeen gakoak eta galderak identifikatzen saiatu gara. Lau gako identifikatu ditugu: prozesuaren baldintzak, autokontzientzia, eraldaketa eta sisteman inplikatutako kideen helburuak.
Hemen gida horren lehen zirriborro bat jasotzen da. Esan bezala, lehen zirriborroa da, lanketa prozesuan dagoen dokumentua eta beraz aldatzen joango dena. Hurrengo urratsa edo nahia hemen jasotzen dena prozesu konkretu batean testatzea izango da, gida garatzen joateko eta ibilbidearen bukaeran erabilgarri izan ahal zaigun tresna-gida bat izateko eskuartean. Beraz, hartu ezazue hemen jasotzen dena prozesu baten lehen urrats gisa, ez azken emaitza bezala.