Katalunia eta Euskadiren arteko topaketan Misioetan oinarritutako berrikuntzan aurrerapausoak eman ditugu

Bartzelonako Canòdromen elkartu gara Euskadiko eta Kataluniako eragileen arteko topaketa bat egiteko. Bertan, misioetan oinarritutako berrikuntzarekin, erakunde publikoen eraldaketarekin eta lankidetzazko gobernantzarekin konprometituta dauden hainbat eragile bildu gara. 

Bartzelonako Pla Estratègic Metropolitàk (PEMB) eta Arantzazulab-ek elkarrekin sustatutako topaketa hau Igarorekin batera diseinatu eta erraztu dugu, eta askotariko parte-hartzaileak bildu ditu: aldundietako ordezkariak, Eusko Jaurlaritza, udalak, garapen agentziak, unibertsitateak eta berrikuntza publikoko prozesuetan bidelaguntza ematen dituzten erakundeak. 

Helburu nagusia konfiantzazko gune bat sortzea izan da, esperientziak partekatzeko, elkarrekin ikasteko eta praktika komunitate bat indartzeko, lankidetzazko gobernantza eredu berrietan aurrera egiteko. 

Konexioak sortzeko gune bat 

Hitzaldiez gain, topaketak arreta pertsonengan eta prozesu mota hauek bultzatzen dituztenen arteko harremanetan jarri du. 

Konektatzeko dinamika ezberdinen bidez, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko, interes komunak identifikatzeko eta bi erregioetan garatzen ari diren ekimenak ezagutzeko aukera izan dute. Topaketako “pasaporteak” (horrelako jardunaldietarako diseinatu dugun tresna batek) eta eragileen eta ekimenen mapa elkarrekin eraikitzeak konexio berriak sortzea erraztu dute, eta ekosistemaren aberastasuna eta aniztasuna ikusgai jarri dituzte.

Esperientzia desberdinetatik eratorritako ikaskuntzak 

Jardunaldietan hainbat esparrutatik eraldaketa prozesuak bultzatzen ari diren pertsonen ekarpenak izan dira eta beraien inspirazio pilulekin askotariko egitasmoak zein hurbilpenak ezagutzeko aukera izan dugu. 

Canòdrom espazioa kudeatzen duen Colectic kooperatibako kide den María Saezek ongietorria eman zuen, eraikin honek berrikuntza demokratiko eta teknologikoaren erreferente gisa duen esanahi historikoa eta gaur egungoa partekatuz. 

Bartzelonako Diputazioko Zerbitzu zuzendari Sara Aguilarrek erakundeak eraldaketa sistemikoko prozesuak bultzatzeko erabiltzen duten marko estrategikoa aurkeztu zuen. Horrez gain, martxan dauden hainbat ekimen partekatu zituen, besteak beste, lehentasunezko gaitasun instituzionalen markoa, ekintza publiko eraldatzailearen programa, local.iA eta lankidetzazko gobernantzarako eragileen, ekipamenduen eta zerbitzuen mapa. 

Pompeu Fabra Unibertsitateko ikertzaile eta irakasle Jaume Lópezek erakunde publikoetan xedearen garrantziaz hausnartzera gonbidatu gintuen, baita sustatzen ditugun ekimenetan etengabe “zertarako?” galdera egitearen beharraz ere. Azpimarratu zuen misioak erantzuten diola zer eraldatu nahi dugun galderari, eta xedeak, berriz, egiten duguna zergatik egiten dugun horri. 

Bestalde, School of International Futures erakundeko ikerlari Fátima Fernándezek etorkizunerako prestatutako politika publikoen (future-proof policy making) garapenari eta belaunaldien arteko ekitatea erabakiak hartzeko prozesuetan txertatzeari buruzko ikasketak partekatu zituen. Kontzeptu horien arteko elkargunean mugimendu bat nola eraikitzen ari diren azaldu zuen, epe luzeko ikuspegitik trantsizioak aktibatzeko. Era berean, dagoeneko martxan dauden espazio horietara batzeko gonbidapena luzatu zigun. Adi, urrian Bartzelonan ekitaldi bat antolatzen ari baitira. 

Azkenik, Bartzelonako Udaleko Partaidetza eta Berrikuntza Demokratikoko zuzendari Arnau Monterdek udalaren estrategia aurkeztu zuen, demokraziaren kalitatea eta herritarren parte-hartzea indartzeko. Horrez gain, nazioartean aitortutako hainbat ekimen ere aurkeztu zituen, hala nola Decidim plataforma, azpiegitura digital publikoen sustapena, Bartzelonako Udalaren kode irekiko bulegoa, Hiri Ituna Eskubide Digitalen eta Teknologia Demokratikoen alde, eta Adimen Artifizial (AA) etikoaren estrategia. 

Partekatutako erronkei buruz hausnarketa egitea 

Topaketan garrantzi handiko tartea eskaini diogu elkarlanari eta talde txikietan egindako hausnarketari. 

Lehenengo elkarrizketan, parte-hartzaileek ekimenen mapan identifikatutako jarduera esparru ezberdinen inguruko esperientziak partekatu zituzten: klima, elikadura, mugikortasuna, osasuna, gizarte kohesioa eta sustapen ekonomikoa, besteak beste.

Ondoren, elkarrizketa Misioen Topagunearen baitan lantzen ari diren zeharkako erronka nagusietako batzuetan zentratu zen: misioen ikuspegia nola instituzionalizatu, eragileen inplikazio esanguratsua nola sustatu, eraldaketa posible egingo duten lidergoak eta kultura politikoak nola garatu, eta mota honetako prozesuen ebaluazioan nola egin aurrera. Elkarrizketetan galdera eta gai berriak sortu dira, eta horiek partekatuko ditugu espazio honetan irekitako hausnarketari jarraipena emateko. 

Eraikitzen jarraitzeko abiapuntua 

Amaierako hausnarketak adostasun argi bat utzi zuen agerian: espazio honi jarraipena emateko borondate partekatua dago. 

Parte-hartzaileek bat egin zuten konektatzeko, ikaskuntzak partekatzeko eta ezagutza kolektiboa eraikitzeko aukerak sortzen jarraitzearen garrantzian. Horrek misioen ikuspegia garatzen, erakunde publikoen eraldaketan aurrera egiten eta lankidetzazko gobernantza ereduak indartzen lagunduko du. 

Topaketa hau bide horretan emandako beste urrats bat izan da. Eta, aldi berean, Arantzazulab-etik sustatzen eta partekatzen jarraituko ditugun elkarrizketa, ikaskuntza eta lankidetza berrien abiapuntua ere izango da.