Ko-sorkuntza ekosistema: 2024ko ikasketak – Bideratu eta Sustatu lantaldea
2024an egindako lana
2024a urtea emankorra izan da Bideratu eta Sustatu taldearentzat. Lau kide izatetik, hiru kide izatera igaro gara, eta pertsona aldaketak egon dira. Bide horretan, lau ardatz nagusietan garatu dugu ekosistemari gure ekarpena:
- Ekosistemaren misio eta bisioa gorpuztea.
- Gobernantzaren diseinua eta gauzatzea.
- Finantzazio eredu berrien esplorazioa.
- Kanpo inspirazioarekin konektatzea.
Ekosistemaren misio eta bisioa gorpuztea
2023. urtearen amaieran galdera honi erantzuteko xehetasunak jaso genituen dokumentu batean, zehazki ondorengoak deskribatu genituen:
- Bisioa eta misioa
- Helburu estrategikoak
- Zein galdera esploratu nahi dira?
- Nola egiten dugu lan?
- Nortzuk osatzen dugu ko-sorkuntza ekosistema?
2023. urteko gogoetetan jasotzen genuen gauza bat zela informazio hau dokumentu batean jasota izatea, eta beste bat, ekosistemako kideek informazio hau barneratua izatea. Eduki hauek gure narratibetan eta egiteko moduetan txertatzen joateko, roleplay ariketak egin ditugu. Kosorkuntza ekosistema egitasmoa rol desberdinei nola aurkeztuko genien antzeztu genuen eta bideoak grabatu genituen. Grabaketa horiek gure kanpo harremanak eta komunikazioa diseinatzen hasteko oinarria izan ziren.

Gobernantzaren diseinua eta gauzatzea
Ko-sorkuntza ekosistemari forma emateko, 2023. urtean 5 taldeetan ibili ginen lanean eta 2024. urtean talde berri bat sortu da eta besteak egokitu dira, ekosistemaren garapenari erantzuteko. Gaur egun 6 taldeetan dihardugu lanean:
- Bideratu eta Sustatu
- Ezagutu eta konektatu
- Esperimentatu
- Behatu eta Ebaluatu
- Kanpo harremanak eta komunikazioa
- Konektoreak
Barne gobernantza azaltzeko eta gure arteko adostasunak jasotzeko, lan dokumentu batean xehetasun hauek jaso ditugu: taldearen deskripzioa, helburuak, funtzioak, rolak eta kideak.
Ko-sorkuntza ekosistemaren barne antolaketaren irudia:

Barne funtzionamendua adosten joan garen heinean bi protokolo idatzi ditugu:
- Erabakiak hartzeko protokoloa.
- Irteerak eta sarreren koordinaziorako protokoloa.
Finantzazio eredu berrien esplorazioa
Gure taldean finantzazio eredu berrien inguruko gogoeta aktibatu dugu, eta ekosistema garatzeko diru-iturri berriak esploratzen hasi gara.
Finantzazio eredu berriei buruzko ikerketak eta hausnarketak testu batean sintetizatu ditugu, eta atal hauek deskribatzen ditugu:
- Ekosistemaren testuingurua
- Zer finantziatuko dugu?
- Zertarako finantziatuko dugu?
- Nola kudeatuko ditugu balizko diru-iturri berriak?
- Diru-iturrien kudeaketarako faseak
- Finantzaziorako irizpideak
- Finantzazio aukerak eta orain arteko ekosistemaren esperientziak

2024an Ko-sorkuntza ekosistema bezala bi deialditara aurkeztu gara. Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzak i-lab-aren baitan sustatutakoa eta Esperimentatu taldetik garatutako ezagutza sintetizatzeko proposamena egin zen. Deialdi horretan ezezkoa eman ziguten.
Bigarren deialdia, Kutxa Fundazioak sustatutako Desafio ekosozialak deialdia izan zen. Gizabidea fundazioak Debagoiena2030 egitasmoaren baitan, tokiko beste eragileekin batera, proposamen bat prestatzeko prozesua koordinatu du, zehazki, ondorengoekin: Arizmendi, Athlon, Ciclogreen, Gizabidea Fundazioa, Maraka-Kogarri-Apitropik, MGEP, Tipi, Txatxilipurdi. Aliantza honetan kosorkuntza ekosistema bezala aurkeztu gara, eta abenduaren hasiera jaso berri dugu berri ona, proposamena onartua izan dela eta 2025. urtean lanean hasiko gara, hori izango da ko-sorkuntza ekosistema bezala inplikatzen garen lehen egitasmoa.
Desafio ekosozialak deialdian aurkeztean elementu positibo batzuk identifikatu ditugu, baita ikasketa batzuk ere.
Alde positiboei dagokienez, hiru ideia azpimarratuko genituzke:
- Kosorkuntza ekosistema bezala ekarpena egin dezakegun esparruak identifikatzeko baliagarria izan da: Berrikuntza ekosistemen diseinua eta gauzatzea; Ikuspegi sistemikoa prozesuetan txertatu eta horretan oinarrituta egitasmoak garatzea; Ebaluazio ebolutiboaren bidez lagun kritikoaren rola hartzea.
- Kosorkuntza ekosistema bezala egitasmoak elkarrekin garatzeko sortzen diren galderak identifikatzea eta horiei irtenbideak proposatzen hasteko lehen hausnarketa batzuk egitea. Puntu honetan goraipatzekoa da ekosistemako kide guztiek bide honetan erakusten ari garen malgutasuna, elkarlana gauzatu ahal izateko ezinbestekoa.
- 2024. urtearen hasieran, ekosistema bezala adostutako helburu bati ekarpena egiten dio: Kanpora ateratzea eta ekosisteman garatutako ezagutza praktikara eramateko egitasmoetan parte hartzea.
Eta ikasketei dagokienez, hauek nabarmenduko genituzke:
- Ko-sorkuntzan, ikaskuntza kolektiboa eta ebaluazio ebolutiboa ziklo biziak dira. Sistemak ulertzeak, ebaluazio ebolutiboa txertatzea eskatzen du. Sistemak, denaren kontzientzia hartzea eskatzen du. Honek puntu itsuen edo-ta Leverage point-en identifikazioa errazten du: adib. Aurrediseinuaren lan-karga eta ordu-kostearen justifikazioa, elefante handi 2 izan dira desafio ekosozialen deialdiaren aurrediseinuan eta solasaldietan.
- Gobernatzak zaintza eskatzen du. Beste era batera esanda, agentzia (1), pertenentzia(2) eta hatu-emanaren(3) oreka, gune-espazio neutroak eskatzen ditu.
- Zaintza eta baliabideen kudeaketa malgua eta dinamikoa eskatzen du.
- Gobernantza partekatuak, entzuketa sakoneko 3 gune-espazio neutroak eskatzen ditu, zaintzarako konfiantza espazioak.
- Gatazka eraikitzailea eta eraldatzailea da, beldur barik ematen bada. Solasaldietan polaritateen dantza agertzen da.
Kanpo inspirazioarekin konektatzea
Urte honetarako jarritako beste helburua, kanpo inspirazioarekin konektatzea izan zen. Lan ildo honetan Arantzazulab-ek antolatutako Demokraziaren Berrikuntzarako Jardunaldietan sakondu genuen, bertan aukera izan genuen nazioarteko eta tokiko hainbat ponentzia eta mahai-inguruetatik ikasteko. Gainera, jardunaldian Kosorkuntza ekosistemaren mahai-ingurua izan genuen, horrek bisibilidadea eman zion gure lanari eta gure gogoetak hedatzeko aukera eman zigun.
2025. urteari begira, hau lantzen jarraitzeko aukera ikusten dugu. Halaber, sormena sustatzea eta elkartrukeak beste talde, ekosistema edo erakundeekin ez ditugu esploratu, eta datorren urtean horietan ere sakontzen jarraitu nahiko genuke.

2024ko ibilbidean ikasketak
Hasieran esan bezala, 2024. urtea aberatsa izan da eta ekosistemaren garapenarekin aurrera egiteko hainbat ikasketa azaleratu zaizkigu, -tximeletaren eraldaketa metafora erabiltzen dugu sarritan barrura begira geure eboluzioa ulertzeko-. 2024ko ikasketak, 2023. urtearen amaieran zehaztutakoekin ere konektatzen ditugu, azken hauek 2023ko azaroan argitaratutako blogpostean zehaztu genituen.
1) Bisioa eta misioa gorpuzteko denbora behar da, eta ekintza hau ezin da azeleratu. Helburuak lurreratzeko elkarlanak eta praktika partekatuak ezinbestekoak dira, eta 2025. urtean ko-sorkuntzaren ezagutzan modu kolaboratiboan sakontzen jarraitzeko aukerak esploratzen jarraituko dugu. 2023ko ikasketetan jasotzen genituen hainbat galdera honetan sakontzen jarraitzeko, zehazki, lidergo kolektiboaren sorrerari eta misioa-bisioari zentzua emateko gaiekin lotuta.
2) Taldeak ekosistemaren eboluzioari egokitu egin dira eta horrela ekosistemaren lana indartu da. Talde txikiak kohesionatzearekin batera, talde osoko pertenentzia zerbait ahuldu da, eta horri erantzuteko moduak proposatu dituzte Ezagutu eta Konektatu taldetik, bai ekosistemaren lan saioetan bai taldeekin izandako konbertsazioetan. Hemen ikasi dugu nola gobernantza diseinatzearekin batera, kideen harremanak eta zaintza ere indartu beharra dagoen, azken horretan denbora eta baliabideak inbertitu behar dira ezinbestean. Peter Drucker adituaren hitzetan “Kulturak estrategia jaten du gosaltzeko goizero” eta guk hori bizi izan dugu ekosisteman.
2023. urtearen amaierako gogoetetan, taldeen arteko informazio trukaketari erreferentzia egiten genion, eta konektoreen figurari buruz gogoeta egiten genuen; honen harira, 2025. urteari begira, taldeen arteko zubiak sustatu behar dira eta kideen arteko konexioetan sakondu. Halaber, gobernantza eta zaintza elkarrekin garatuz jarraituko dugu, bata bestearen beharra du ekosistema garatzen jarraitzeko.
3) Ekosisteman kideen parte hartzeari dagokionez bi bide egon daitezke: ekosistema diseinatu eta garatzeko egiturazko taldeetan; eta edukizko taldeetan, kosorkuntza ezagutzan sakontzeko askotariko taldeetan. 2022. urtean hasi eta orain arte, egiturazko taldeetan ibili gara lanean ekosistemari forma emateko.
2023. urteko ikasketetan zehazten genuen gobernantzan aktibo zeuden taldeen etengabeko gogoeta aktibo mantendu beharra, horrela egin dugu 2024an zehar. Era berean, 2023ko ikasketetan jaso genuen gobernantzaren definizioan arriskua dagoela talde asko sortzen amaitzearena eta ekosistemari konplexutasun gehiegi gehitzearena.
2024. urtearen hausnarketa egin ostean, ulertu dugu egiturazko talde hauetan garatutakoak lagundu digula ekosistema diseinatzen eta hemendik aurrera horren bertsio arina mantendu beharko dugula ekosistema sustengatzeko. Baina, horrekin batera, kosorkuntza ezagutza garatzeko interesa dugu talde bezala, eta hori ahalbidetu ahal izateko moduak esploratzen hasiko gara 2025ean kanpora begira bidea jorratzen goazen heinean. Betiere, kontuan hartuko ditugu orain arteko ikasketak, funtzionamenduan beharrezkoa ez den konplexutasuna ekidin egingo dugu eta taldeen gogoeta bizi mantenduko dugu.
Laburbilduz, 2025erako ondorengo erronkak ditugu esku artean, adostutako bisio eta misioari jarraipena emateko eta ekosistemaren gauzatzean aurrera egiteko:
- Gobernantza egokitu eta arindu xede izanik kosorkuntza ezagutzan sakontzea.
- Edukizko balizko taldeen aukera esploratzea, edo kosorkuntzaren ezaguntzan sakontzeko aukera berriak eskainiko dituzten moduak lantzea.
- Ekosistemaren sustentagarritasuna bermatzeko bideak arakatu.