Ko-sorkuntza ekosistemaren egituratzea: Bideratu eta sustatu taldearen lehen urratsak

Ko-sorkuntza ekosistemaren egituratzeari buruz azken blogpostean azaldu genuen 2023ko ibilbidea eta ikasketak partekatuko genituela. Bost lan taldeetan egon gara lanean, eta testu honetan Bideratu eta Sustatu taldeak egindakoak jaso ditugu.

Bideratu eta sustatu taldearen helburuak ondorengoak dira: 

  • Ekosistemaren bisioa, misioa eta aldaketaren teoria sortu eta elikatu.  
  • Kideen artean helburu zein narratiba partekatua eraikitzea eta hori sozializatzea, alegia, tokiko zein nazioarteko eragileekin ekosistemaren helburuak kontrastatu eta aberastea. 
  • Barne antolaketa diseinatzea eta ekosistemako kideekin kontrastatuz hori adostea. 
  • Finantzazio aukera berriak esploratzea.

2023. urtean lehenengo hiruetan jarri dugu fokoa, eta laugarrenari dagokionez, lehen urratsak ematen hasi gara. Misio eta bisioaren lanketari dagokionez, kideon artean sortutako eta aberastutako aldaketaren teoria ekosistemarekin konexioa eduki dezaketen eragileekin kontrastatu dugu. Zehazki elkarrizketak izan ditugu erakunde publikoetako sei ordezkarirekin, bi fundazioetako arduradunekin, eta herritarrekin orain ari gara kontrastea egiten. 

Orain arte ekosisteman garatutakoa kontuan hartuta, eta arestian aipatutako elkarrizketetan jasotakoarekin aberastuta, ondorengo bisioa, misioa eta helburuak zehaztu ditugu: 

Bisioa 

Tokiko erronkei lankidetzan erantzuteko, erakunde publiko eta tokiko eragileekin batera ko-sorkuntzaren ezagutza partekatua sortzeko topagunea.  

Misioa 

Euskal Herrian tokiko erronkei lankidetzan erantzuteko, ko-sorkuntzarako baldintzak eta egiteko zein pentsatzeko modu berriak garatu.

Euskal Herrian tokiko erronkei lankidetzan erantzuteko, ko-sorkuntzarako baldintzak eta egiteko zein pentsatzeko modu berriak garatu. Parez pare ditugun erronka konplexu eta interkonektatuei aurre egiteko gizarte zibilaren eta erakundeen arteko harremanak berpentsatu, eraginkorragoak egin eta indartzeko elkarlanerako eredu berriak behar ditugu. Ko-sorkuntza ekosisteman lankidetzazko gobernantzan sakontzeko edo aktore ezberdinen arteko elkarlanerako eredu berri horiei buruz esperimentatzen, ezagutza berria sortzen eta dagoena konektatzen ari gara.

Elkarlanerako eredu berrien helburuak dira: 

  • Aktore eta sare ezberdinen arteko elkarlanerako eredu berriekin esperimentatzea, eta lankidetza-ekosistema garatuak eraikitzeko tresna eta hurbilpen berriei buruzko ezagutza sortzea. 
  • Gizarte zibila eta erakunde publikoen artean lankidetza garatu, erantzun eta lidergo kolektiboak sortzea erronka konplexuei aurre egiteko ahaleginak batuz. 
  • Herritarrak erabaki publikoetan eta politika publikoen diseinuan modu eraginkorrean parte hartzeko baldintzak eta testuingurua bermatzea. 
  • Banakako pertsonek zein erakundeek sortzen duten inpaktua zabaltzea, proiektu isolatuetatik aldaketa sistemikoa bilatuta. 
  • Trantsizio sozial, ekonomiko eta ingurumenezkoak aktibatzeko kapital soziala indartzea. 

Informazio hau guztia eta “Ko-sorkuntza ekosistema, zertarako ari gara ekosistema eraikitzen?” galderari erantzutearren dokumentu laburra sortu dugu. Hemen deskargatu dezakezue testu osoa.

Barne antolaketaren diseinuari dagokionez, hainbat gobernantza eredu berritzaile aztertu ditugu. Horietan inspiratuta eta gure testuinguruan oinarrituta, 5 lantaldek osatutako gobernantza eredua abian jarri dugu. Esperimentua bezala ulertzen dugu, eta lana aurreratzen dugun heinean, ikasketak jasotzen ditugu eta gobernantza eredua fintzen joango gara datozen hilabeteetan. Ikasketa prozesuaren lehen urratsa izan da talde berria sortu eta abian jartzea, zehazki, Harremanak, zubigintza eta komunikazioa taldea aktibatuko da hurrengo hilabeteetan.

Esan bezala, hauek dira aktibatutako 6 lantaldeak:  

  1. Sustatu eta bideratu taldeak ekosistemaren estrategia, misioa eta gobernantza eredua lantzen ditu. 
  1. Saretu eta konektatu taldeak eragileak zein proiektuak bisibilizatzeko eta loturak esploratzeko ekintzak aurrera ateratzen ditu. 
  1. Esperimentatu taldeak esperimentuak diseinatu eta aurrera ateratzen ditu. 
  1. Behatu eta ebaluatu taldeak, ekosistemaren, lan taldeen eta norbanakoen inpaktua zein ikasketak jasotzen ditu ebaluazio ebolutiboaren teknika zein metodologien bidez. 
  1. Konektoreen taldeak taldeen arteko informazioa partekatzen du eta topaketen diseinua zein fazilitazioa egiten du. 
  1. Harremanak, zubigintza eta komunikazioa taldeak ekosistemaren bozeramaile rola hartzen du, alegia, ekosistema gizarteratu, beste espazio edo erakundeen sareetan ordezkatu eta legitimizatu egiten du. 

Mapa bisual honetan jasotzen dira ekosistemaren xehetasunak: 

 

Barne antolakuntzaren xehetasunak irakurtzeko, hemen partekatzen dugu lan-dokumentua. 2023. urteko lanketan zailtasunak eta erronkak bizi izan ditugu, eta ikasketa moduan jasotzen ditugu jarraian: 

  • Lidergo partekatua eraikitzeak denbora eskatzen du eta ziurgabetasunean denbora gehiago igarotzea dakar. Erantzunaren bila pertsona bati edo erakunde bati begiratu beharrean, taldeari begiratzea esan nahi du lidergo partekatuak: guztion ahotsak entzun, zentzu-emate kolektiboa egin, deliberatu eta hortik erabaki kolektiboa hartu. Prozesu horrek konfiantza eta elkar ezagutza sakona ezinbestekoak ditu.  
  • Misioari eta bisioari zentzu emateko ekintza zehatzak beharrezkoak dira, eta denbora bat behar da hori ukigarri egiteko eta zentzu kolektiboa eraikitzeko. Etengabe lanketa hau mahai gainean jarri behar da, kideen espektatibak azaleratuz eta guztion artean deliberazio espazioak erraztuz. 
  • Gobernantzaren definizioan arriskua dago talde asko sortzen amaitzea eta ekosistemari konplexutasun gehiegi gehitzea. Efizientzia eta ekintzen banaketaren artean oreka bilatu behar da: zein dira abiapuntuan ezinbestekoak diren taldeak? Zein talde izan behar dira iraunkorrak eta zeintzuk aldi baterako sortuak? 
  • Taldeen arteko informazio trukaketa: zein da oreka? Zenbat informazio jakin behar dugu bakoitzak besteek egiten ari direnari buruz funtzionamendu egokia bermatzeko? Zein kanal dira eraginkorrenak? Guk ko-sorkuntza ekosisteman talde bat eta bi kanal aktibatu ditugu. Konektoreen taldean beste talde bakoitzeko ordezkari batek parte hartzen du, eta bakoitzak jorratzen duen edukiak partekatzen ditugu; dokumentuak eta bileren aktak Teams plataformaren bidez elkar trukatzen ditugu, eta Telegram kanalean bilera bakoitzaren ostean puntu gakoak zein azken berri garrantzitsuak jakinarazten ditugu.  
  • Gobernantzan aldiro aktibo dauden taldeen gogoeta egin behar da, eta ondorengoak bezalako galderak egin: taldeak bere horretan mantentzea zentzua du? Talde batzuk batzea beharrezkoa da? Talde berriak sortzeak gure funtzionamendua hobetuko luke?  

Ko-sorkuntza ekosistema egituratzen eta ondorengo galderetan sakontzen jarraituko dugu datozen hilabeteetan: zein dira pertsona, eragile eta sentsibilitate desberdinek elkarrekin hitz egin, entzun eta jardun dezaten behar ditugun rolak, lidergoak, antolakuntza ereduak, gaitasunak, tresnak, mekanismoak eta espazioak? Zein dira lidergo indibidualetik lidergo partekatua sortzeko baldintzak? Zein dira horrelako sareak denboran sostengatzeko eta inpaktu iraunkorra izateko beharrezko baliabideak eta finantzazio eredu berriak? 

Ko-sorkuntza ekosistemaren kideak ondorengoak gara: Arantzazulab, Apitropik, Beta, Be&Lab, Colaborabora, Elhuyar, Emun, Farapi, Impact Hub Donostia, JM aholkularitza, Kutxa fundazioa, Maraka, Pez estudio, Tipi eta Wikitoki. 

Eta Bideratu eta sustatu lan taldean parte hartzen dugu: Arantzazulab, Beta eta Wikitoki.