Ko-sorkuntza ekosistema: 2024ko ikasketak – Behatu eta Ebaluatu lantaldea
2024an egindako lana. Ebaluazio ebolutiboaren egitekoa Kosorkuntza ekosisteman. Zenbait ondorio:
Duela urtebete, leku honetan bertan, planteatzen genuen galdera da ea nola planteatu behar den eraikitze fasean dagoen ekosistema baten ebaluazioa. Bada, urtebete beranduago, galdera beraren bueltan bilaketa prozesu betean dihardugu “Behatu eta ebaluatu” lantaldeko kideok. Horrek ez du esan nahi geldi egon garenik, ez eta ez garenik iritsi zenbait aurrerapauso ematera.
Aurtengo ekitaldirako gure fokua ebaluazioan baino, behaketan jarriko genuela ondorioztatu genuen iaz, eta nagusiki horretan saiatu gara ekitaldi honetan zehar. Hori dela eta, hausnarketa mamitsuak izan ditugu honen harira taldeko kideok.
Bestalde, ekosistemaren ebaluaziorako sistemaren zenbait oinarri jartzeko urtea izan dela esan dezakegu bidean hainbat buelta eman ditugun arren (edo horri esker, zehatzago esanda).
Ebaluazio ebolutiboaren ikuspegitik irekitasuna mantendu nahi izan dugu eta hiru planoak kontuan hartu (pertsonak – taldea – ekosistema), baina era berean, sistematizatu nahi izan dugu gure egitekoa, aurrera begira lagungarriagoak izango zaizkigun oinarriak finkatzeko asmoarekin.
Hori horrela, gaurkoan honako hiru elementu hauek ekarri nahi izan ditugu atari honetara:
a) Behaketa-ebaluaziorako heldulekuen beharra
b) Behatzaile-ebaluatzailearen rola ko-sorkuntza gunean
c) Behaketetatik ateratako zenbait ondorio
a) Behaketa-ebaluaziorako heldulekuen beharra
Prozesu iteratiboa da gurea, eraikuntza fasean dagoena eta gauza asko gertatzen ari dira aldi berean. Goizegi da inpaktuak neurtzen hasteko eta helburuen betetze maila ere urrun dago oraindik, hori dela eta beharrezkoa iruditu zaigu zerrendatzea zeintzuk izango diren behaketarako erabiliko ditugun euskarriak eta uneak, ebaluazioa planifikatu ahal izateko.
Behaketaz harago, ekosistema eraikitzen eta gorpuzten ari garen honetan, ebaluaziorako sistema ere eratzen eta eraikitzen ari gara. Iturri eta eredu desberdinak aztertu eta horietatik ari gara edaten eta ikasten; eta horietan oinarrituta definitu ditugu, adibidez, behaketarako lau alderdiak (ikus c. puntua). Baina, aldi berean, ekosistema honek dituen elementu guztiei erreparatu diegu, zer garen edo izan nahi dugun (misioa, bisioa…) eta batez ere horri erantzuteko zer egiten ari garen, alegia, lantalde bakoitza egiten ari dena, sortzen ari garen errelatoa eta bestelako edukiak.
Hauek dira guk zerrendatu ditugunak eta bakoitzarekin egitea proposatzen duguna:
| BEHAKETA EREMUA | BEHAKETA-GAIA | EGINKIZUNA |
| Ko-sorkuntza ekosistemaren aldaketaren teoria | Misioa-bisioa | Jarraipena egin |
| Ko-sorkuntza ekosistemaren topaketak | Pertinentzia, kooperazioa eta komunikazioa, parte hartzea eta botere-harremanak. Erabakiak hartzea. | Saioen behaketa egin |
| Ekosistemaren produkzioa: dokumentazioa, informazioaren zabalkundea, … | Misioa-bisioa, | Dokumentatzea |
| Ekosistemako kideen sarea: ezagutzak-proiektuak. | Kooperazioa, ko-sorkuntza aukerak, | Mapeatu (egiteko) |
| Kideen kokapena eta asebetetzea ekosisteman | Espektatiben asebetetzea eta helburuen betetze-maila | Kideei galdetzea |
Elementu hauek izendatuta, antolatu ahal izango dugu gure jarduna, baina exekuzio horretan, ondoko atalarekin egingo dugu topo.
b) Behatzaile-ebaluatzailearen rola ko-sorkuntza gunean
Behatzaile izateaz gain, agente aktibo ere bagara ekosistema osatzen dugun kideok, eta era berean, gure gain hartu izan dugu ebaluazioaren zama, zenbait unetan beste taldeek egiten dituzten egitekoekin talkan eror gaitezkeela kontuan hartu gabe. Hori dela eta, partekatu nahiko genukeen ikasketetako bat da gure eginkizuna den arren, behaketa eta ebaluazioa koordinatzea dela gure egitekoa, eta ez hainbeste bukaeraraino eramatea. Hau da, kontuan hartu beharko genituzke ebaluatzaile ebolutiboaren rolak[1] eta horiek zaindu,
- Lagun kritikoa. Bere funtzio nagusia da ebaluazioan zehar ikuspegi kritikoa izatea eta horren arabera balizko erantzunak proposatzea. Gainera ebaluazioan zehar bidelagun izango da eta taldea lana garatzera inspiratuko du.
- Bideratzailea. Bideratzaileek hausnarketa eta ikasteko gunea eskaintzen dute, gogoetarako eta ikaskuntzarako tresnen bitartez.
- Ikerlaria. Ebaluazioaren plangintza zehazten, informazio bilketan eta datu-analisian parte hartzen du.
- Dokumentatzailea. Prozesuaren ikaskuntzak jaso eta idazten du, baita oinarrizko aurkikuntzak ere.
Behatu eta ebaluatu taldeko kideon zeregina da ikuspegi hauek presente daudela ziurtatzea, ez baita gure gain bakarrik dagoen ardura. Gure rola da horiek ondo koordinatzea eta behar bezala jasotzea, eta beharbada aurten ez da modu koordinatuan eman.
c) Behaketetatik ateratako zenbait ondorio
Behin rola definituta, behaketari ekiteko garaia iritsi da. Kasu honetan, topaketak izan dira gure informazio iturri nagusia.
Baina, zeren arabera antolatu behaketa? Guk ondorengo lau elementuak behatu nahi izan ditugu ekosistemako kide guztiak batzen gaituzten topaketetan.

Ondorio argiak ateratzeko goiz izan daitekeen arren, nahiko agerian geratu da lau elementu hauek elkarlotuta dauden arren, badagoela menpekotasuna euren artean. Hau da, ezkerreko zutabeko elementuen araberakoa izango dela eskuinekoetan emango den jokamoldea.
Ekosistemako kideen ustez planteatu diren gaiak pertinenteak direla ulertzen denean eta kidetasunaren gaineko (pertenentzia) gatazkarik ez dagoenean, gaia erraz doa aurrera eta kideen arteko komunikazioa jariakortasunez doa eta kideen jarrera kooperaziokoa da.
Horrela ez denean, eta batez ere pertenentziarekin zerikusia duten gaiak direnean zalantzan daudenak, gehienetan, ekosistemako kide gisa hitzartua edo ulertua duguna zalantzan jartzen denean, komunikazioa zaildu edo oztopatu egiten da eta kooperazioa lausotu edo zatitu egiten da.
Behaketek aukera eman dute desbideratzeak unean bertan identifikatzeko eta dagokion lantaldearekin harremanetan jarriz zuzenketak garaiz bideratzeko.
Kontuan hartu beharrekoen artean, eskakizun nagusiak izan dira lanketa edo hausnarketa beharra duten gaiei buruzko informazioa aldez aurretik bidaltzea partaideei, pertenentziarekin zerikusia duten gaietan bereziki, kide bakoitzak bere erakundearekin erabakia hartzeko aukera eta denbora izan dezan. Horretaz gain, aurreikusitako dinamikak pentsatu bezala ateratzen ez direnean malgutasunari tokia egitea ezinbestekoa ikusi da ko-kreazioa landu nahi duen foro batentzat.
[1] Ebaluazio ebolutiboa, Arantzazulab, 2024. 52-57 orrialdeak