Ebaluatu baino, behatu: edo nola egin gehiago gutxiagorekin ko-sortzaileagoa ibiltzeko
Nola planteatu behar da eraikitze fasean dagoen ekosistema baten ebaluazioa? Hori da “Behatu eta ebaluatu” taldeko kideok hegaka izan dugun galdera urte osoan zehar. Bi bide-orri desberdindu ditugu: prozesuaren beraren ibilia batetik, eta, bestetik, bisio eta misioarekiko emaitzen eragina edo inpaktua.
Tokian tokiko proiektuetan ibiltzeko ohitura dugunontzat, ebaluazioari erreparatzen diogunean, inpaktuaren neurketara zuzenean jotzeko tentazioa handiegia da, bai eta misioaren edo helburuen betetze mailaren neurketa egitearena ere. Baina gisa honetako sare baten ebaluazioak ez ote du behar denbora luzeagoko arnasa?Are gehiago, aurtengo ekitaldian bezala, oinarriak finkatzeko unean gaudenean? Ibiliak, prozesuaren beraren ibiliaren eboluzioa behatzera eta sortzen diren sortze-tentsioak[1] mahaigaineratzera eraman gaitu.
Helburu handiak ditu gure ekosistemak, anbiziotsuak gara. Eta konformagaitzak. Horregatik, hain zuzen ere, paradoxikoa dirudien arren, ahalik eta xumeena izan da gure ebaluazioaren planteamendua. Asmoak handiak izanagatik, gutako bakoitzak eskaini ahal izan dion intentsitatea ez da oso handia izan, denok sartuta baikaude beste hainbat proiektu eta eginkizunetan. Hori dela eta, maxima bati jarraituz egin dugu lan; gehiago behatu ebaluatu baino. Adi egon, behatu, gertakizunen jarioari lekua egin eta utzi bidea egiten. Eta dokumentatu.Gizakiok ko-sortzen ditugun bizi sistematan[2]; ohituren, harremanen, jarreren behatzeak eta partaideek horiek sortzen dituzten tentsio-sortzaileetaz kontzientzia izateak berebiziko garrantzia dauka, beraien eboluziorako.
Arantzazulaben baitan osatutako Ko-Sorkuntzaren Ekosistemak ziklo berria hasia du 2023an, eragileon elkarlanean oinarrituta eta ekosistemaren oinarriak eta jarduteko printzipioak partaide guztien ko-kreazio bidez sortzea izan da aurtengo eginkizun nagusia. Hori dela eta, barrura begirako urtea izan da neurri handi batean. Honek zenbait ezinegon sortu dituen arren, urtearen amaieran horrela izan behar zuela ulertzera iritsi garela uste dugu. Kanpora begira lan egin aurretik, oinarriak landu eta adostu behar direlako sareko partaideekin. Horrek, bakoitzetik osotasuna behatzera, objektuetatik harremanetara, eskala maila desberdinak behatzera, kantitatea baino kalitatea behatzera, komunitate bizi bat behatzera eraman gaitu.
Ko-sorkuntzaren ekosistema bera izan da gure esperimentazio gunea
Urtearen hasieran lantaldeen araberako antolaketa osatu da: bideratu eta sustatu, saretu eta konektatu, Esperimentatu eta behatu eta ebaluatu, eta horien arteko harremana eta koherentzia ziurtatzeko xedearekin, talde bakoitzeko kide banak batzen dituen konektoreen taldea.Osotasun funtzional gisa jarduten duten unitate integratuak osatu dira, maila edo eskala desberdinetan komunitate bizi bat sortu da; egituratze horren behaketan aritu gara. Taldeek lanean jardun dute urte osoan zehar eta ko-kreaziorako une nagusiak izan dira Arantzazun egin diren lau topaketak: otsailaren 9an, uztailaren 13an, irailaren 28an eta azaroaren 23an.
Behatu eta ebaluatu taldeak ebaluazio ebolutiboaren logikatik heldu nahi izan dio prozesuari, eta horretarako, Oñatiko “Developmental Evaluation – Oñati Pilot Project” esperientzian inspiratu gara.
Bertan jasota daude ORID eta MSC (bizitako aldaketa -eta ikasketa- esanguratsuak) metodologiak. Biak ikuspuntu deskriptiboarekin lan egiten dute eta subjektuaren ikuspuntuetan eta narrazioetan oinarritzen dira. Izan ere, horiek jaso nahi izan dira; partaideon bizipenak eta kontakizunak, zirkulu progresiboki zabalagoetan: norbanako gisa aurrenik, lantalde gisa jarraian eta ekosistema gisa azkenik.
Eta zeintzuk izan dira jaso ditugun ikasketak? Ba asko, eta baliotsuak.
Sistema bizien ikuspegiak, prozesu ebolutiboak direla lehenak uste du, eta egitura oro azpiko interakzio-prozesuen agerpen agerikoa baino ez dela. Uste dugu entzute dispositiboak eta sortze-tentsioak azaleratzeak baliagarria dela ekosistemarentzat. Jarduteko printzipioekin bat dator eta elkarlanaren estrategia bat bezala funtzionatzen du. Baina tentuz egin behar da, edo, gutxienez, uneak ondo aukeratzen jakin, hausnarketak akzioari tokia utzi diezaion.
Ekosistemaren misioa eta bisioa taldeetan egin diren elkarrizketetan jasota daude, taldeek bere egin dituztela esan daiteke, baina hastapen fase honetan, ez dira kanpora begirako ekintzetan erreflejatzen momentuz. Badago bidea egiteke, misioa eta bisio eta interbentzioen artean. Hau albiste bikaina da, bidea egiten hasteko oinarri komuna ko-sortua delako jada.
Espektatibekin egon daiteke lotuta, neurri batean. Doiketa egin behar izan dugulako talde guztiok urte hasieran proposatutakoaren gainean. Lantaldeen helburuak handiak izan dira urte hasieran eta taldeak sistemaren eskakizunetara auto-erregulatzen jakin dute. Sistemaren koordenaden barruan dagoena izan da posible, eta aurtengo edizioan horiek barrura begirakoak izan diren neurrian horretara bideratu dituzte lantaldeek. Hortik, momentuz, misioaren erreflexu txikia ekosistemaren ekintzetan. Dena den, erakunde publiko zein gizarte eragile batzuekin abiapuntuko elkarrizketak izan ditugu, jarraibidea emango diegu datorren ikasturtean.
Esandako guztiengatik, ekosistemaren jardunak kutsu erreflexiboa izan du hainbat unetan, eta aitortu behar dugu planteatu dugun metodologiak ere baduela horretarako joera. Hori dela eta, gehiegitan eman da introspekziorako eta meta-analisirako joera aurtengo topaketetan. Ez al da gure taldea egoera horren erantzule izan zenbait unetan? Beharbada emankorragoa litzateke gure aldetik interbentzio gutxiago egitea eta gehiago dedikatzea behaketara? Sistemari berari uztea bidea egiten pausu bakoitzaren ondoren horri buruzko galderak eta hausnarketak probokatzea baino? ¿Ez al da oinarri komunak ko-sortzea egundoko aurrera jausia ikaragarria, zehazki, meta-narratiba handien gainbehera azeleratuko testuinguruak bizi gaituenean?
Puntu baikor bezala, uste dugu zenbait unetan galdera hauek balio izan dutela egindakoari buruzko kontzientzia hartzeko eta horri buruzko elkarrizketa kontzienteak probokatzeko, eta horrek erreakzioa sortu du eta zenbait inertzia edo tendentzia birbideratzeko balio izan duela.
Hurrengo urteari begira badugu ikasgai bat: eskuhartzea egiten badugu, izan dadila onuragarria sistemarentzat. Izan ere, oinez ikasten ari den haurtxoari ematen duen pauso bakoitzaren gainean galdegiten badiogu, laguntzen al diogu askeago ibiltzen? BEHATU ETA EBALUATU ekipotik esperimentazio ekosistemaren oinarri komunak eta ko-sortuak izan direla baieztatu dezakegu. Ta 2024ko ibilia izango da horren baieztapenik onena. 2024, urte berri on guztioi!
Ko-sorkuntza ekosistemaren kideak ondorengoak gara: Arantzazulab, Apitropik, Beta, Be&Lab, Colaborabora, Elhuyar, Emun, Farapi, Impact Hub Donostia, Ko-garri, Kutxa fundazioa, Maraka, Pez estudio, Tipi eta Wikitoki.
Eta Ebaluatu eta behatu lantaldean parte hartzen dugu: Be&Lab, Emun eta Tipi.
[2] Capra, Fritjof y Luisi, Pier Luigi (2014). The Systems View of Life. A Unifying Vision. Cambridge University Press.