«Datozen belaunaldien herritarren rola berrirudikatu» dute Kanadako eta Euskal Herriko 37 ikaslek astebeteko egonaldian Arantzazulab-en
Arantzazulab-en ErronkaAstea-ren edizio berri bat izan berri dugu otsailaren 17tik eta 21era bitartean, eta Kanadako zein Euskal Herriko 37 ikaslek aste beteko egonaldia egin dute gurean. “Datozen belaunaldien herritarren rola berrirudikatzea”-ren erronka oinarri hartuta, esplorazioa garatu dute, hausnarketa egin dute eta erantzun berritzaileak aurkeztu dituzte astearen amaieran.
Aurtengo edizioa berezia izan da, tokiko unibertsitateetako ikasleak ez ezik, Kanadako unibertsitate bateko ikasleak parte hartu dutelako. Ikasle taldea unibertsitate eta gradu hauetako partaideez osatuta egon da: Huron College University-ko “Governance, Leadership and Ethics” graduko ikasleak, UPV/EHU–ko gradu ezberdinetako ikasleak, eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate Global Digitalak graduko ikasleak. Hiru unibertsitateetako ordezkariekin Arantzazulab-en Erronka Astea-ren egitasmoa aberastu dugu eta programaren bertsio berri bat sustatu dugu elkarrekin.

Erronka Astea Demokraziaren berrikuntza, ekintzailetza eta diseinua ardatz dituen programa bat da eta diziplina anitzetako ikasleak Arantzazulab-en astebeteko egonaldia egitera gonbidatzen ditugu. Egitasmo honen xedea da laborategiak jorratzen duen gizarte erronkaren inguruan (demokraziaren berrikuntza, kultura demokratikoan sakontzea eta gobernantzaren eraldaketa) gazteak modu aktiboan inplikatzea, beraien ahotsa jasotzeko, eta gure ekimenetara belaunaldi berriak erakartzeko. Halaber, egitasmoaren ikasketa helburuak dira: lankidetzazko gobernantzan sakontzea, nazio eta testuinguru desberdinetako ikasleen artean loturak sustatzea, eta arazo konplexuei aurre egiteko gaitasunak garatzea.
Aurtengoan gazteek erronka honetan sakondu dute: Datozen belaunaldien rola berrirudikatzea. Eta demokraziaren funtzionamenduarekiko pertzepzio negatiboak hazten garaian, ondorengo galderak proposatu dizkiegu abiapuntuan: nola indartu gazteen parte-hartzea eta ahalduntzea erakunde publikoetan eta agenda publikoan? Zer egin daiteke herritarrek erakunde publikoetan duten konfiantza areagotzeko? Nola lotu erakunde publikoak eta gazteak? Zein gobernantza-moduk inplikatu ditzake gazteak erabakiak hartzeko prozesuan?
Arantzazulab-en Erronka Astea sormenaren bidez erronkei irtenbideak proposatzeko metodologian eta diseinuaren ikuspegian oinarrituta sortu dugu. Urrats hauek jarraitu ditugu astean zehar:
- Gaia eta erronkaren aurkezpena
- Taldeetan erronka ikertu eta hausnarketa egin
- Adibide inspiratzaileak ezagutu
- Erronkari erantzuteko ideiak eta propotipoak garatu
- Garatutako kontzeptuen aurkezpena
- Ideiak erakunde publiko eta tokiko eragileen eskura jartzea
Lehen egunaren helburua izan zen inspirazioa eta ulermen partekatua sortzea. Arantzazuko inguruan ibilbideak egin genituen ikasleek elkar ezagutzeko, astean zehar jarraituko genuen ikuspegia ezagutzeko eta erronkaren abiapuntuko definizioa ezagutzeko.

Bigarren egunean Lankidetzazko Gobernantzari buruzko hainbat inspirazio aurkezpen entzun zituzten ikasleek, betiere paradigma berriak irudikatzera bideratzeko beraien lanketak. Egun honetan zehar, gazteak lan taldeetan erronkaren inguruan ikertu eta hausnarketa egin dute.

Hirugarren egunak inspirazio eta ulermen dosi sendo bat eskaini die partaideei, gurean Lankidetzazko Gobernantzako berrikuntzen berri izan dute ikasleek. Zehazki, bi esperientzia ezagutu dituzte: Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz estrategia eta MONDRAGON kooperatiben ekosistema. Goizean Iosu Arraiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendariak eta Olatz Errazkin Etorkizuna Eraikiz-eko zerbitzuburuak urteetan garatutako ereduaren lana aurkeztu dute. Arratsaldean, MONDRAGON korporazioa bisitatu dugu eta Lorenzo Hedapen Korporatiboko arduradunak talde kooperatiboaren historia, printzipioak, egitura eta lan egiteko moduak aurkeztu dizkigu.


Laugarren egunean, ideazio eta prototipazio faseari heldu diote ikasleek. Taldeetan murgilduta lanean ibili dira astean jasotako informazioa oinarri hartuta, eta Lankidetzazko Gobernantza hurbilpen berriak inspiratuta, ideia zein kontzeptu berritzaileak proposatzeko. Arantzazulab-eko kideok ideazioa eta prototipazioa egiteko ikuspegiak aurkeztu dizkiegu eta bidelaguntza eskaini diegu taldeei.
Azken egunean, ikasleek Erronka Astea-n landutako kontzeptu berritzaileak aurkeztu dizkiete unibertsitateetako aditu panelari abiapuntuan zehaztutako erronkari erantzunez. Ondoren, talde bakoitzaren lana positiboki baloratu du unibertsitateetako eta laborategietako ordezkariez osatutako panelak: Universidad de Deusto, Mondragon Unibertsitatea, UPV/EHU, Huron University (Kanada), Universidad Nacional de Rafaela (Argentina), Arantzazulab.

Partaideek positiboki baloratu dute esperientzia eta hauek izan dira ikasleek bizitakoaren inguruan partekatutako zenbait hausnarketa:
- Ideietan, pertsonetan eta prozesuan konfiantza izatea garrantzitsua da askotariko esperientziak eta ikuspegiak dituztenekin egitasmoak aurrera ateratzeko.
- Elkarlana gauzatzeko, desberdintasunak gainditzeko moduak aurkitu behar dira eta kultura aniztasuna ideien garapena aberasten du.
- Politikoki eta zibikoki inplikatu behar gara, biak dira garrantzitsuak eta maila berean jarri beharko genituzke.
- Sare sozialen eta Inteligentzia artifizialaren garapenean inplikatzeko moduak esploratu beharko genituzke.
- Erakunde sisteman parte hartzeko modu berriak daude eta horiek sakontzen jarraitzeko aukera dugu.
- Konpromisoak adostu eta kulturan sakondu behar dugu aldaketa nabarmenak lortzeko.
- Pazientzia eta denbora eskaini behar dugu une oro askotariko ikuspegiak eta ezagutzak entzuteko.
Eskerrik asko Erronka Astean modu aktiboan parte hartu duzuen ikasle eta irakasleei! Aste intentsoaren ostean, zortzi kontzeptu inspiratzaile garatu dituzue, konexio berriak sortu dira eta Lankidetzazko Gobernantzaren hausnarketan sakontzeko aukera ederra izan da.
Datorren urteari begira hurrengo edizioa prestatzen hasi gara dagoeneko!