Kooperatiben erabakiak hartzeko prozesuak eta gobernantza indartzeko urrats berriak deliberazioa eta teknologiaren eskutik

Asko pozten gaituen lankidetza baten berri eman nahi dizuegu. MONDRAGON-ek, DemocracyNext-ek, MIT Center for Constructive Communication-ek (CCC) eta Arantzazulab-ek, elkarlanean, ekimen berri bat abiatu dugu enpresen testuinguruan erabakiak era demokratikoagoan hartzeko helburuarekin modu berriak ikasteko eta aztertzeko.
Hau praktikara eramateko, 2025ean modu berriak aztertzen hasiko gara MONDRAGON Korporazioko kooperatibetan. Horretarako herritarren batzarren (demokrazia deliberatiboaren modu hedatuenetako bat dira) printzipioei eta praktikei buruz ikasiko dugu: zozketa (ausaz hautatzea erabakiak hartzeko arduradunak), deliberazioa eta txandakatzea. Hortaz, aztertuko dugu printzipio horietakoren bat aplika daitekeen erabakiak hartzerakoan eta kooperatiben gobernantza alorrean. Langileen konpromisoa berpiztea eta garai konplexuetan erabaki hobeak, informatuagoak zein legitimoagoak hartzen laguntzea ditu helburu ekimenak.
Gainera, frogatuko dugu teknologia berriek nola aberastu ditzaketen deliberazio-prozesuak eta ikuspegi berriek nola erraztu ditzaketen kooperatibetan erabakitze-prozesuak. Esperimentu praktiko hauetatik ikastea bilatzen dugu, aurrerago MONDRAGON Korporazioko beste kooperatiba batzuetan ere erabilera sustatzeko, eta beste hainbat kooperatiba –eta, oro har, afiliazioan oinarritutako enpresak eta erakundeak– inspiratzeko, mundu osoan antzera esperimentatu dezaten.
Abiapuntua
Hain zuzen ere, teoriak (Carol Pateman-ek 70eko hamarkadan parte-hartzeari eta teoria demokratikoari buruz egindako lanean oinarrituta) honakoa dio: lantokian parte hartzen duenak eta bere erakundean rol aktiboa duen pertsonak, komunitatearen bizitzan hiritar aktiboagoa ere bada.
Euskal Herrian kooperatibek, eta zehatzago MONDRAGON talde kooperatibokoe kfuntsezko zeregina izan dute gure ongizatean, oparotasun ekonomikoan eta kapital sozialean. MONDRAGON Korporazioa kooperatiben elkarte bat da, 81 kooperatibaz osatutako taldea, lau arloren inguruan egituratua dagoena: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza. Euskal Herriko industria talderik handiena da. 2023an, 11.000 milioi euro baino gehiagoko salmentak lortu zituen; 70.000 langile baino gehiagoko lantaldea osatzen du; eta 593 milioi euroko irabaziak izan zituen. Zenbakiek erakusten digute kooperatibak eragile garrantzitsuak izaten jarraituko dutela gure gizarteen eraikuntzan; etorkizunean prestatuak izan gaitezen eta ekonomia erresilienteak sortzeko.
MONDRAGON-ek bilatzen duena da: bere kooperatibetako bazkide eta langile guztiak erabakiak hartzeko, inplikatzeko eta parte hartzeko modua hobetzea; betiere, aparteko egiten duen eredu ekonomikoaren balioak eta kultura zainduta. Halaber, langileen konpromisoa biziberritzeak erantzukizun partekatua handitzea esan nahi du, azken helburua alde batera utzi gabe: lehiakorrak izaten jarraitzea, eta hau guztia aldaketa sakonen eta inoiz eman den ziurgabetasun handienaren garaian.
Adibidez, MONDRAGON taldean funtsezko balioetako bat da: «langile batek, boto bat»; kooperatibetan horrela hartu ohi dira erabaki garrantzitsuak. Hala ere, erabakiak konplexutasun-garaietan hartzeak, arretaz entzutea eskatzen du, deliberatu eta abantailak nahiz desabantailak aztertzea. Horrek eskatzen ditu gaitasun, pentsaera eta egitura berriak sortzea, erabaki kolektiboak hartzerakoan egungo moduak indartzeko eta berriak ahalbidetzeko.
Erronka horri etengabe heltzen dio MONDRAGONek hainbat espaziotan -unibertsitateko ikerketaren bidez, gogoeta espazioetan-, baina proiektu honetan beste urrats bat emango du.
Esperimentatzeko balizko bideak
Testuinguru honetan, MONDRAGON Korporazioko kooperatibetan demokrazia deliberatiboaren printzipioak eta praktikak ikasi, esperimentatu eta aplikatzeko aukera dagoela uste dugu. Proiektu honek bi jarduera-ildo ditu:
- Demokrazia deliberatiboaren printzipioak (zozketa, deliberazioa, txandakatzea) espazio kooperatibora eramatea deliberazioa eta erabaki-hartzea hobetzeko; finean, langileen parte-hartzea eta konpromisoa areagotzeko. Esperimentatzeko hainbat aukera egon litezke: kooperatiben barruan erabakiak hartzeko prozesua ulertzea, erabakimena duten organoen eta egituren mapa eginda, eta erabakiak hartzeko printzipioen bidez hobekuntzak txertatuta; kooperatibako batzar-prototipo bat sustatzea, demokrazia deliberatiboaren printzipioei jarraituta erronka konplexu bati erantzuteko, eta abar.
- Teknologia berriak (besteak beste: AA, Adimen Artifiziala) txertatzea deliberazio espazioetan eta erabaki-guneetan. DemocracyNext eta MIT CCC erakundeek teknologiak indartu dituen herritarren batzarren inguruan egindako lana garrantzitsua da. Ildo horretan, MONDRAGON kooperatibei erabaki estrategikoak hartzen lagunduko lizkieke, askotariko ahotsak modu esanguratsuan txertatzea bermatuz. Bestalde, Adimen Artifizialak lagundutako tresnak lagungarri izan daitezke ikuspegiak sintetizatzeko, puntu komunak azaleratzeko eta deliberazioa errazteko, batik bat, antolaketa-egitura konplexuak dituzten kooperatiba handientzat. Gainera, tresna horiek epe luzeko oroimen-instituzionala sor dezakete; honela, erabakien jarraipena egin daiteke eta etengabeko ezagutza zein gaurkotzea ahalbidetu daiteke. Ikuspegi horrek aurreikusten du etorkizunean kooperatibek teknologiaz baliatuko direla konpromiso demokratikoan sakontzeko; horrela, gobernantza parte-hartzaileagoa, inklusiboagoa, eskalagarriagoa eta erresilienteagoa izango da. MONDRAGONn esperimentazio aurreraturako espazio bihur liteke, ekimen honi enpresa-testuingurua eskainiz eta ekimen honen anbizio-maila handituz.
Beraz, datozen hilabeteotan, erakunde ezberdinetako ordezkariok ezagutza eta hausnarketa gune bat aktibatuko dugu, gutariko bakoitzak duen ezagutza eta esperientzia guztia nola konektatu dezakegun aztertzeko eta MONDRAGON kooperatibetan pilotu espezifikoak identifikatzeko, eta praktikaren bidez ezagutza berria garatzeko.
Inplikatutako eragileak
Hauek dira lankidetza berri honetan aktiboki parte hartuko duten erakundeak.
Arantzazulab Demokraziaren eta gobernantzaren berrikuntzarako laborategia da, eta tokiko eragile ezberdinek sustatuta sortu zen: administrazio publikoa, gizarte eragileak, unibertsitateak eta eragile pribatuak. Demokrazian sakontzeko eta lankidetzazko gobernantza sustatzeko, modu berritzailean hausnartu, ikertu eta esperimentzeko gunea da. Bere misioa gauzatzeko laborategiaren egitekoaren oinarrian daude: demokrazian sakontzeko berrikuntza eta ikuspegi eraldatzailea txertatzea, lankidetzak sustatzea eta nazioarteko ezagutza aurreratuarekin konektatzea, eta gure balioetan eta kulturan errotuta lan egitea.
Gandiaga Topagunean kokatua (Arantzazu, Oñati), laborategiaren helburua da demokraziaren berrikuntzan aldaketa sistemikoa sortzea, erakunde publikoen eta gizarte zibilaren arteko lankidetzazko gobernantzako modu berriak sustatuz. Zertarako? Lankidetzarako kultura gizartean hedatzeko, zein erabaki eta politika publikoen diseinuan herritarrak aktiboki inplikatzeko, demokrazia sakontzeko eta indartzeko urrats esanguratsuak emanez.
MONDRAGON 1956an sortu zen enpresa kooperatibo baten emaitza da. Bere misioa jasota dago haren balio korporatiboetan: elkarrekiko lankidetza, kudeaketan parte hartzea, gizarte erantzukizuna, berrikuntza, antolaketa demokratikoa, hezkuntza eta gizarte eraldaketa, besteak beste.
Antolaketari dagokionez, MONDRAGON lau arloren inguruan egituratzen da: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza. Gaur egun 95 kooperatiba autonomo eta independentek, 70.000 pertsonak eta I+Gko 14 zentrok osatzen dute MONDRAGON. Euskal enpresen rankingeko lehen postuan dago, eta hamargarrenean, Espainiakoan.
LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia 2001. urtean sortu zen XXI. mendeko kooperatibismoaren oinarriak ezartzeko Mondragon Esperientziaren kooperatibekin elkarlanean arituta eta esperientziak partekatuta. Bere jarduera ildo nagusiak hauek dira: lehenik eta behin, MONDRAGONen esperientzia kooperatiboa eta mugimendu kooperatiboa orokorrean aztertzea; bigarrenik, ekonomia sozial eta solidarioa sustatzea; eta hirugarrenik, berrikuntza soziala eta autoeraketa sustatzea. Lankin ezagutza akademikoa eta praktikoa elkarri estu lotuta daude, eta bertako zein kanpoko errealitate kooperatiboan inpaktua eragitea bilatzen du hezkuntza kooperatiboa, ikerketa eta aholkularitza, eta zabalkundearen bidez.
DemocracyNext nazioarteko fundazioa da, eta herritarren batzar iraunkorrak, ahaldunduak eta kalitate handikoen hedapena bizkortzeko lan egiten du. DemNext-ek etorkizun justuago, alaiago eta kolaboratiboago batean sinesten du, non mundu guztiak botere esanguratsua izango duen bere gizarteei forma emateko. DemNext-ek lan egiten du boterea nork duen eta erabakiak gobernuan eta eguneroko bizitzako erakundeetan nola hartzen ditugun aldatzeko, hala nola lantokietan, eskoletan eta museoetan.
Ikerketa zorrotz batean eta arlo horretako praktika zabal batean oinarrituta, DemNext-en lanak demokrazia deliberatiboaren mugimendu globala, modu kolaboratiboan hazteko eta babesteko, eskaintzen du: asanbladari buruzko ezagutzak dituzten pertsonen kopurua handituko duen azpiegitura bat sortzea; boterea aldatuko duten erakundeak sortzea; eremu horren mugak zabalduko dituzten berrikuntzekin esperimentatzea; jendea ikastera eta jardutera bultzatuko duten istorio sortzaileak kontatzea; eta aldaketa sistemikoa ahalbidetuko duten inbertsioak egitea.
MITeko MIT Center for Constructive Communication (CCC) zentroaren lanak giza elkarrizketaren antzinako jakinduria eta teknologia digital berriak konbinatzen ditu, elkar ulertzea eta konfiantza partekatuak sustatzeko, sarriegi banatzen gaituen «parte-hartzea» eta pentsamendu bitarra indartu beharrean. MIT Media Lab-en du egoitza, eta Cortico irabazi-asmorik gabeko erakundearekin lankidetza estuan, CCCk ikertzaileak biltzen ditu adimen artifizialean, gizarte zientzia konputazionaletan, diseinu interaktibo digitalean eta ikaskuntza-teknologietan, software ingeniariekin, kazetariekin, politologoekin, diseinatzaileekin eta erakunde komunitarioekin.
DemocracyNext eta MITeko CCC elkarrekin laborategi bat zuzentzen ari dira, teknologiak hobetutako batzar deliberatiboei buruzkoa, teknologien gaitasunak probetxatzeko, sistema positiboak, eraikitzaileak eta gizakiek zuzenduak sortzeko, mundu osoko batzarren eredu frogatuaren arabera.