Etorkizuneko euskal gizarteaz eta Arantzazulab-en ekarpenaz hausnartu dute MU-ko DBZ masterreko ikasleek

Arantzazulab_DBZ_MU

Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroko masterra ikasten ari diren ikasleen bisita izan berri dugu. Guztira, Goi Eskola Politeknikoko 32 pertsona izan dira Arantzazulab-en. Goizaren hasieran ikasleek Ausolan Kooperatibari aurkeztu dizkiote azken hilabeteetan egindako lanak, eta horren ondotik, Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren nondik norakoa gertutik ezagutu dute Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren eskutik. Jarraian, Arantzazulab-en ekimenei beren ekarpenak egiteko dokumentua betetzeko proposamena luzatu die Ione Ardaizek Arantzazulab-eko Gizarte Berrikuntza proiektuen zuzendariak.

Lanketa horretan ikasleek hiru galderen inguruan hausnartuko dute:  Euskal gizartea 2050.urtean, nolakoa nahiko zenukete izatea? Zer ekarpen egin dezake Arantzazulab-ek hori lortzeko? Nola nahiko zenukete Arantzazulab-en parte-hartu?. “Datozen egunetan jasoko ditugu gazteen erantzunak. Proposatu diegun ariketa hau funtsezkoa da, izan ere, Arantzazulab-en egitasmoak gazteekin elkarlanean ko-sortzea ezinbestekoa dugu, eta gaurkoa bezalako saioek gure lana aberasteko balio handia dute”, azpimarratu du Ione Ardaiz-ek. Ikasleen bisita honek hauspoa ematen digu gazteak gizarte berrikuntzara konektatzeko, eta elkarlana ardatz hartuta, Arantzazulab bilakatzeko etorkizuneko erronken inguruan ikasteko, hausnartzeko eta esperimentatzeko erreferentziazko gune.