Erasmus+ hezkuntza programan parte hartu du Arantzazulab-ek

Arantzazulab_Erasmus+_Mapa

Arantzazulab SIED Erasmus+ egitasmoaren bigarren ikasketa moduluan parte hartzen aritu izan da apirilaren 28tik 30era bitartean. Ekimena, gizarte berrikuntzari buruzko Europar Batasuneko hezkuntza exekutiboko programan kokatzen dena, esparru digitalean burutu da osasun egoerak hala aginduta. Agirre Lehendakaria Centerrek (ALC) eta Arantzazulab-ek sustatuta, hitzorduak Europako hainbat herrialdetako ikasleak batu ditu, eta baita ekimenaren sustatzaileak diren Norvegiako VID unibertsitateko zein Alemaniako Heidelberg eta Trier unibertsitateetako ordezkariak ere.

Gizarte berrikuntzaren inguruan Euskal Herrian abian diren zenbait esperientzia eraldatzaile ezagutzera eman ditu ekimenak. Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria den Gorka Espiauk Euskadiren eraldaketa sozial eta ekonomikoaren eredua aurkezteaz gain, Gizarte Berrikuntza Plataformen ikuspegia ere azaldu du. Arantzazulab-i dagokionez, Naiara Goia zuzendari nagusiak laborategiaren nondik norakoak xehetu ditu. Halaber, Naomi Hasson, zein Elena Herrarte eta Jone Espilla, ‘Getxo Zurekin’ eta ‘Debagoiena 2030’ proiektuen inguruan jardun dira, hurrenez hurren. “Euskal Gizarte Berrikuntza esperientziak ardatz hartuta, esparru horretan dihardugun eragileok sustatzea nahiko genukeen eraldaketa sistemikoen inguruan hausnarketa egiten jarraitzeko aukera izan dugu hiru egunetan”, azpimarratu du Ione Ardaiz, Arantzazulab-eko gizarte berrikuntza proiektuen arduradunak. Hain zuzen ere, Ardaizek, kosorkuntza prozesuak hizpide izateaz gain, programaren egitaraua dinamizatu du. Hurrengo modulua, Trier Unibertsitateak gidatuko duena, ekainaren bukaeran izango da.