UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Arantzazulab batu egin dira laborategiko ikerketa-gune berritzailea elkarlanean garatzeko

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, eta Euskal Herriko Unibertsitateak -UPV/EHU-, Mondragon Unibertsitateak zein Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute Arantzazulab-en, laborategiaren helburuekin bat datozen esparruetan elkarlanean ikerketa kolaboratiboa egiteko eta ezagutza gune erreferente bihurtzeko. Ekitaldia gaur goizean (11:00etan) izan da Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati), eta hitzarmena sinatu dute: Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko erretoreordea; Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Falkultateko dekanoa; Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreordea; eta Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia. 

Arantzazulab-en sorreratik erakundeek elkarren artean izan duten harremana sendotzen da hitzarmenarekin, eta datozen urteetarako Arantzazulab-ek proposatzen duen gune berritzailean elkarren arteko lankidetzari bide ematen zaio. Arantzazulab-en oinarrietako bat da lurraldeko unibertsitate ezberdinen elkarlana zein laborategian beraien parte-hartzea sustatzea. Hasiera-hasieratik, modu berezian egon dira inplikatuta laborategiaren bilakaeran: elkarlanean parte-hartu zuten laborategia sortzeko hausnarketan nahiz jatorrizko diseinuan, eta mugarritzat hartu daitekeen gertaera izan zen hori. Gainera, egun, hiru unibertsitateek Arantzazulab-en Aholku Batzordean ere parte-hartzen dute modu iraunkorrean. 

Modu osagarrian, lankidetza hitzarmenaren babesean aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduera ezberdinak zehaztu dira, hala nola:  ikerketa, berrikuntza, ezagutza sortu zein eraldatzea, sareko lana eta lankidetzazko proiektuen sustapena. “Egun pozgarria da gaurkoa guretzat, lankidetza hitzarmen honek eta hiru unibertsitateen konpromisoak oinarri sendoa jartzen dutelako, Arantzazulab-en ikerketa elkargunean proposatzen dugun espazio eta antolaera berritzailea abian jartzeko, baita gure esparruan ezagutza-gune erreferente izateko ere”, azpimarratu du Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. Ildo beretik mintzatu da Agustin Erkizia, EHU-ko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea. “Hitzarmen honen bidez beste urrats bat ematen dugu elkarren artean eraiki nahi dugun hausnarketarako espazio berri eta berritzaile honen sorreran, eta bertan UPV/EHUko hainbat ikerlari eta pentsalariek euren jakinduria eskaini eta partekatuko dute”.

Aldi berean, Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, lankidetzak sortzen dituen aukerak nabarmendu ditu. “Arantzazulab-en eta hiru unibertsitateen artean sinatutako hitzarmen honek aukera emango digu ikerketarako kolaborazio espazio berria eta berritzailea sortzeko, indarrak batzeko ikerketaren esparruan eta nazioarteko ikerketan posizionatzeko herri gisa. Erronka konplexu eta globalei eragile ezberdinen begiradatik erantzuteko aukera bat ere bada hitzarmen hau. Mondragon Unibertsitatearentzat eta Mondragon Unibertsitateko ikerlarientzat elkarlanean aritzea gakoa da ezagutzaren garapenerako eta ezagutza agenda publikora bueltatzeko. Hitzarmen hau katalizatzailea izango da. beraz, sormenean oinarritutako ikerketa egiteko eta landutakoaren dibulgazio lana egiteko”. Halaber, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea, zera gaineratu du: “Deustuko Unibertsitatearen plan estrategikoaren lemak ‘Mundu berri baten alde elkarlanean’ dio. Elkarlanaren bitartez berrikuntza bultzatzea gure misioaren erdigunean jartzen dugun zeregina da. Horren adibide ederra da gaur sinatzen duguna. Unibertsitate desberdinek bat egingo dugu etorkizuneko gizartea irudikatu, aztertu eta lantzen laguntzeko asmoz”. 

Informazio gehiago