Ko-sorkuntza ekosistemaren laugarren urtea abian da! 

Lau urte dira ko-sorkuntza ekosistemaren ibilbidea hasi zela.  2021ean izan genituen ekosistemaren lehen bilerak eta saioak, 2022an bi esperimentu garatu zituzten tokiko hainbat eragilek eta horiei buruzko ezagutza ekosisteman txertatu genuen, 2023an ekosistema ikuspegia jarraituta lan egiten hasi ginen eta bost lantalde aktibatu ziren. Aurten, 2024. urtean, ekosistema garatu eta indartzeko helburua dugu.

14 erakunde eta 20 pertsona dihardugu lanean, bost lantaldeetan banatuta:   

  • Bideratu eta sustatu 
  • Saretu eta konektatu 
  • Esperimentatu 
  • Behatu eta ebaluatu.  

Gainera, taldeen lanak eta sortzen den ezagutza konektatzeko konektoreen taldea dago, eta aurten kanpo komunikazio eta harremanetarako taldea aktibatuko da. Otsailaren 8an urteko lehen lansaioa izan dugu, konektoreen taldeak diseinatu eta erraztu du talde guztien ekarpenak jasota. Xedea izan da 2024ko helburuak adostea. 

Urteko lehen saioan ekosistema indartu egin da 

Lanketari hasiera emateko, talde bakoitzean egindakoak entzuteko aukera izan dugu. 2023ko azken topaketatik eta orain arte, talde bakoitzak 2023ko ikasketak jaso ditu eta 2024eko ekintzei hasiera eman die. 

Ondoren, ekosistemaren 2024ko helburuak adosteko arrainontzi ariketa egin dugu. Dinamika hau bi uneetan bereizten da: lehenik, talde txikietan eztabaidatu egiten da; eta horren ostean, talde bakoitzeko ordezkari batek hitz egindakoa partekatzen du erdian, solasaldia sortzen da talde bakoitzeko ordezkarien artean eta beste kideek entzun egiten dute. Entzule rola duen pertsona batek hitza hartu nahi badu, bere talde ordezkaria sorbaldan ukitu, eta bere tokia hartuko du erdian. Taldeen arteko konbertsazioaren ostean, talde txikietara bueltatu daiteke, hitz egindakoan sakontzeko, eta ondoren, talde bakoitzeko ordezkariek berriz ere zentroan partekatu dezakete beraien taldeetan hitz egindakoa. Behar den aldi guztietan errepikatuko da bi gune horietan solasaldia. 

Dinamika horri jarraituta, ondorengo galderei buruzko hausnarketa egin dugu: Zeintzuk dira ko-sorkuntza bezala ditugun helburuak 2024rako? Helburu hauek ardatz hartuta, nola lan egingo du gure lantaldeak? Helburu hauek gauzatzeko, zein konexio edo harreman daude taldeen artean?   

Solasaldi sakonaren ostean, 2024rako helburu hauek adostu ditugu, ondorengo asteetan zehazten jarraituko ditugu eta plangintza zehatz batean jasoko ditugu:

  • Ekosistema kanpora irekitzea: egiten ari garen lana komunikatu, esperimentaziorako aukerak identifikatu, tokiko erronkak zeintzuk diren ulertu eta horiei irtenbideak proposatzeko elkarlanak aktibatu… 
  • Ekosistemaren lantaldeak eta misioa/bisioa indartzea. 
  • Ekosistema sustengarri egiteko bideak esploratzea.

Egunaren bigarren ariketa nagusia izan da ekosistemaren misio eta bisioa komunikatzeko narratibak sortzea. 2023. urtean ondorengo bisio eta misioa zehaztu genituen ekosistemarako: 

BISIOA – Tokiko erronkei lankidetzan erantzuteko, erakunde publiko eta tokiko eragileekin batera kosorkuntzaren ezagutza partekatua sortzeko topagunea. 

MISIOA - Euskal Herrian tokiko erronkei lankidetzan erantzuteko, kosorkuntzarako baldintzak eta egiteko zein pentsatzeko modu berriak garatu.  

Ekosistemako kideak lau taldeetan banatu gara, eta talde bakoitzean pertsona talde bati kosorkuntza ekosistema aurkezteko narratibak zehaztu dira. Zehazki, ondorengo taldeei: herritarrak, erakunde publikoak, elkarteak eta enpresak. Lehenik eta behin, talde bakoitzak tartea izan du zuzenduko zen entzuleentzat edukiak prestatzeko. Ondoren, talde bakoitzak bere aurkezpena egin du eta beste partaideok entzulego horren rolean jarrita galderak egin ditugu.  

Saioari itxiera eman diogu datozen hilabeteetako mugarriak gogora ekarriz. Taldeetan lanean jarraituko dugu, eta guztion arteko hurrengo saioa udaberrian izango da.