Euskadiko Erakunde publikoen Misioen Topagunea, eraldaketarako gaitasunak eta ezagutza sortzeko gunea abian da

Misioen ikuspegiaren topaketa

Euskadiko Erakunde publikoen Misioen topagunearen helburua da ezagutza sortzea  eta misioetan oinarritutako berrikuntza euskal erakunde publikoetan zabaltzea. Arantzazulab-ek sustatu du Apitropik, Maraka eta Ko-garri berrikuntza eragileekin batera.  

Egungo gizarte erronkek erakunde publikoei ere eragiten diete, eta jakina da erakunde publikoak birpentsatzeko beharra. Honi ekarpena egin nahian, ohiko formakuntza espazioetan lantzen denaz haratago joango den eta aldaketarako eragileak gaitzeko esperientzia proposatzen dugu.

Elkar ezagutzeko, ikasketak eta bertako zein nazioarteko esperientziak elkar trukatzeko, eta era berean, misioen ikuspegian sakontzeko ezagutza sortzen lagunduko duen gunea izatea nahi dugu. Horrez gain, zerbait gehiago izatea nahiko genuke: bidaia pertsonal bat, misioetan oinarritutako berrikuntza prozesuak garatzeko aldaketa bultzatuko duten pertsonak gaitzeko bizipen desberdin bat. Horretarako, ikuspegi honekin lanean hasi diren erakundeekin sarea sortzen hasi gara. Topagunean parte hartzen dute Udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak. 

Zehazki, topagunearen helburuak ondorengo lauak dira:  

  • Misioen ikuspegian hausnarketa egin eta ezagutzan sakontzea. 
  • Misioetan oinarritutako berrikuntzari lotutako esperientziak eta ezagutzak partekatzea. 
  • Ikasketak lortu, tokiko proiektuetatik eta nazioarteko eragileekin harremanetan jarriz.  
  • Eraldaketa pertsonala bultzatzea. 

Ikasketa esperientzia hau 3 fasetan banatzen da: DESeraiki, KOeraiki eta BERReraiki. Fase bakoitzean bi saio egitea proposatzen dugu, ikuspegi honen ezagutzan sakontzeko. Halaber, Demokraziaren eta Gobernantzaren berrikuntzarako ondorengo hiru gaitasunak landuko ditugu: harremanak eta elkarlanak bideratzea; esperimentazio berritzailea diseinatu eta sustatzea; eta aldaketarako lidergoa. 

Martxoaren 15ean topagunearen lehen saioa 

Erakunde publikoen Misioen topagunearen lehen jardunaldia martxoaren 15ean izan zen Arantzazulab-en. Lan saioan tokiko erakunde publikoen ordezkariek parte hartu zuten: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Zarautzeko udala, Usurbilgo udala, Mundakako udala eta Igorreko udala; beraiekin batera, Orkestra ikerketa taldearen eta Debagoiena2030 sarearen ordezkariak ere egon ziren. 

Lehen saio honetan, topaguneari hasiera eman genion, misioen ikuspegia praktikara eramaten ari diren erakundeetako ordezkariek elkar ezagutu zuten, Rainer Kattel-en nazioarteko inspirazio aurkezpena izan genuen eta konplexutasunari buruzko gogoeta egin genuen. 

Saioari hasiera Arantzazulab-eko Ione Ardaizek eman zion, topagunearen helburuak eta jarraituko den ikasketa esperientzia deskribatu zuen. Espazioa inauguratzeko nazioarteko hizlari ezaguna gonbidatu genuen, Rainer Kattel. Estoniako akademiko eta zientzia administratzailea da. Irakasle eta ko-zuzendariordea da Institute for Innovation and Public Purpose (University College London) erakundean. Tallingo Unibertsitate Teknologikoan Berrikuntza Politika eta Gobernantza Teknologikoko katedran lehendakari eta irakaslea da.  

Bere inspirazio aurkezpenean Kattel-ek nabarmendu zuen berrikuntza politikoa dela beti, alegia, berrikuntza sustatzen duten eragileak dira berrikuntzen norabideak markatzen dituztenak eta hori guztiz lotuta dago politikarekin. 

Estoniako ikerlariaren hitzetan, legeak, foru arauak eta ordenantzak hausnarketa sakona egin gabe sortzen dira eta horrela erakunde publikoen zerbitzuak zein egitekoak hobetzea zaila da. Misioetan oinarritutako berrikuntzak egiturazko aldaketak sustatzea bilatzen du, eta politika esperimentalagoak zein esanguratsuagoak sortzea ahalbidetu dezake.  

Misioen ikuspegiaren oinarrian dago norabide amankomun bat ezartzea eta adostea askotariko eragileen artean, zehazki, erakunde publikoetako ordezkari zein teknikari, herritar antolatu eta herritarren artean. Ikuspegi berritzaileak proposatzen du motibagarria, neurgarria eta aspirazionala den helburu amankomuna adostea, eta ondoren, talde edo pertsona bakoitzak identifikatzea zein den hori lortzeko egin dezakeen ekarpena. Rainer Kattel-ek topaguneari galdetu zion: zein da Euskadik markatu nahi duen norabidea? Zein da euskal kulturatik aktibatu daitekeen misioetan oinarritutako erakunde publikoen eraldaketa? 

Inspirazio aurkezpena grabatu genuen, eta Arantzazulab-en Youtube kanalean egongo da eskuragarri. 

Nazioarteko esperientzien aurkezpenaren ostean, sareko kideek elkar ezagutzeko tartea izan genuen, bakoitzak misioen berrikuntzan izandako esperientziak eta hori praktikara eramateko ikusten genituen aukeretan sakonduz. 

Saioaren azken atalean, konplexutasunari buruzko hausnarketan jarri genuen fokoa eta hori misioetara nola ekarri gogoeta egin genuen. Ondorengoak bezalako galderak egin genituen abiapuntuan: Nola eragiten du ziurgabetasunak gure egunerokoan eta gure erakundeetan? Nola kudeatzen dugu ziurgabetasuna? Nola entzuten dugu eta jasotzen dugu errealitatea? 

Errealitatea oso modu desberdinetan ikusi eta ulertzen dugula azalarazteko, espazioaren behaketa egin genuen. Partaide bakoitzak espazioaren deskribapena jaso zuen eta ondoren amankomunean jartzean bakoitzak egindako irakurketen eta interpretazioen inguruan jardun ginen.  

Gogoeta marko batekin sintetizatu zen, ikuspegi bakarra eta ikuspegi anitzen egitekoak, ekintzak, adierazpenak eta ideal etikoa jasotzen duen taula, hain zuzen. 

Ikuspegien taula

Taula horrek jasotzen dituen ikuspegien azalpenarekin itxi genuen saioa, eta hurrengo saioan horretan sakontzen jarraituko dugu.  

Bigarren saioa apirilean izango da, eta hilabetean behin elkartuko gara Erakunde Publikoen Misoen Topagunea orain eta uztailera bitartean. Sortzen den ezagutza partekatzen joango gara hemen eta sare sozialen bidez.