Genero berdintasuna lankidetzazko gobernantzan: Nola?
Ione Ardaiz, Naia Begiristain, Miren Estensoro, Naiara Goia, Claudia Icaran, Miren Larrea eta Ane Miren Valenciano.
Gobernantza eta generoa: nola landu?
Aurrez argitaratutako post batean Arantzazulab eta Orkestrako talde batek datozen hilabeteetan “Gobernantza eta Generoa” ardatzean izango dituen elkarrizketa gune bat abiatzeko gure asmoa azaldua genuen. Helburua herri politiken markoan lankidetzazko gobernantza prozesuetan generoak duen garrantzia agerian jarri eta hausnarketan zein ikasketetan sakontzea da.
Baina nola egin nahi dugu hau? Azken aldian sarri aipatu dugu gure ekimenen baitan zer egiten dugun bezain garrantzitsua dela nola egiten dugun. Horregatik, aurreko postaren osagarri idatzi dugu oraingoa, nola horri garrantzia eman eta landuko dugun prozesuaren atzean dauden marko metodologikoak partekatuko ditugu jarraian
Arantzazulab-ek eta Orkestrak metodologia desberdinekin lan egiten dugu bata Demokraziaren berrikuntzarako diseinua da eta bestea Lurralde garapenerako ekintza-ikerketa, baina lotura ugariak ere badituzte. Lotura horietan oinarrituz ari gara lankidetza bultzatzen.
Demokraziaren Berrikuntzarako Diseinua
Arantzazulab-en demokraziaren berrikuntzan ikertzeko eta sakontzeko praktika garatzen dugu, gure lan metodologia propioan oinarrituta Demokraziaren Berrikuntzarako Diseinua izena eman dioguna.
Metodologia honen bidez, gure lan egiteko modua, jarraitzen dugun prozesua bera, eta gure lanaren oinarri edo printzipio filosofikoak azaldu nahi izan ditugu (nola egiten dugu lan eta zergatik?). Demokraziaren berrikuntzan ekarpen bat egin asmo du gure lanak, eta lan-metodologia hori du oinarrian, hark ematen dio koherentzia. Metodologia hori ez da oinarri teorikoetatik abiatuz egiten den proposamen bat (nahiz eta markoa proposatzen dugunok teoriaren eragin nabarmenak izan; eta nahiz eta baita, gure lanean beste hainbat hurbilpen eta metodologia ezberdin erabiltzen ditugun), baizik eta Arantzazulab-en ibilbidean eta metodologia sortu dugunon esperientzian garatutako ikasketak sistematizatzen dituen marko bat. Gutxi konektatuta dauden bi ezagutza esparru uztartzen ditu: diseinua eta demokraziaren berrikuntza.
Diseinuaren diziplina ardatz hartuta eta hark inspiratuta sortu da Demokraziaren Berrikuntzarako Diseinuaren metodologia. Hala, diziplina horrek demokraziaren berrikuntzarako gure eguneroko lanean duen eragina eta eraldatzeko ahalmena aldarrikatu nahi ditugu. Izan ere, diziplina ezaguna da diseinua, hainbat arlotan aplikatzen dena (gizarte-berrikuntzan, berrikuntza publikoan, eraldaketa sistemikoan, erronka konplexuen erantzunak esploratzeko markoetan, herri-politiken sorreran askotariko ahotsak eta ezagutzak txertatzeko prozesuetan). Esan daiteke, beraz, gure garaiko erronka konplexuei aurre egiteko berrikuntza marko gehienak diseinuaren diziplinan oinarritzen eta elikatzen direla (oso-osorik edo beren elementuren batean).
Baliteke hain ohikoa ez izatea, ordea, diseinua aplikatzea demokraziaren berrikuntzaren esparruan. Guk, hain zuzen ere, uste dugu eta Saward ikerlariaren hitzekin bat gatoz (Saward, 2021) diseinuak zeregin bat duela demokraziaren gabeziei eta haren berrikuntzaren potentzialari heltzeko orduan, gizakiak sortu dituen eta, printzipioz, (bir) diseinagarriak diren sistemak, sinboloak eta balioak birpentsatzeko. Gure lan metodologiak 5 oinarrizko fase ditu: Elkarrizketa jarraitu eta aktiboa eta harreman sareen eraikuntza; Elkarlana irudikatu eta egingarri egin; Esperimentaziorako gaitasun eta baldintzen garapena; Ko-sorkuntza; eta Sistematizazioa eta hedatzea. Guztiak aintzat hartuko ditugu noski, baina Ko-sorkuntza prozesuan jarriko dugu bereziki arreta landuko dugun prozesuan eta “Lankidetzazko Gobernantza eta generoa”-ri buruzko topagunean. Ko-sorkuntza prozesu bat izatea nahi dugulako, askotariko ahotsak gonbidatuko ditugu prozesura, mahai gainean jartzen dugun gai honi buruzko hausnarketa eta zentzua-emate eraikitzaile bat proposatuko dugu (informazioan zein emozioetan arreta jarriz egingo dena), modu berritzailean egiten saiatuko gara, ikasten goazen ahala ekintzak egokitu eta ezagutza berria sortzen joateko.
Modu berean prozesuan eragina izango dute baita, ezinbestean, gure lan-printzipioek. Izan ere, kasu honetan bereziki nabarmendu nahiko genukeen alderdi bat da honakoa: printzipio horiek gure lanaren oinarri filosofikoak izan ez ezik, generoaren dimentsioari buruzko gogoeta honetan hausnarketaren erdigunera eramango ditugu (nolabait prozesuaren subjektua eta objektua bera konektatuz). Arantzazulab-en jarduera definitzen duten printzipioetatik (ikusi guztiak gure metodologiaren txostenean) hauetan sakondu nahiko genuke generoaren perspektibatik:
- Boterea birpentsatzea (herritarren ahalduntzea eta erakundeen eta gizartearen arteko harreman-eredua eraldatzea)
- Elkarlana sustatzea (lankidetzazko gobernantzan sakontzeko herritarrekin eta askotariko eragileekin lan egiteko baldintzak, moduak eta espazioak sustatu eta dinamizatzea)
- Askotariko jakintza motak uztartzea, betiere ezagutza berria sortzeko baldintza gisa (askotariko ezagutza moten balioa aitortzea: teorikoa, esperientziala, bizi-esperientziaren ezagutza)
- Dialogoak erraztea (denen ahotsak errespetatzea)
- Ikuspegi sistemikoa (erronka konplexuen ulermenean eta lan egiteko moduetan ideiak modu konektatuan proposatzea)
Uste dugu gainera gure printzipio hauek badutela baita lotura metodologia feministen printzipio batzuekin (Luxan eta Azpiazu, 2017), hala nola: subjektuaren eta objektuaren arteko harremana; teoriaren eta praktikaren arteko interdependentzia azpimarratzea; edozein ikerketa-prozesuetan dauden botere-harremanak aitortzea eta eraldatzea; ezagutzaren ekoizpen kolektiboaren alde egitea.

Lurralde garapenerako ekintza-ikerketa
Gobernantza prozesuetan genero ikuspegia lantzeko ahalegin honetara Orkestrak dakarren metodologiak Lurralde Garapenerako Ekintza-Ikerketa du izena, azken 17 urtetan garatutako metodologia da eta lotura ugari ditu Arantzazulab-en Demokraziaren Berrikuntzarako diseinuarekin. Metodologia honen inguruko argitalpen ugari dago eskuragarri Orkestraren webgunean.
Demokraziaren berrikuntzarako diseinuak lez, metodologia honek ere konplexutasuna eta ikuspegi sistemikoa ditu ardatzean, eta berdintasunaren bidean, lankidetzazko gobernantzan genero ikuspegia txertatzerako orduan prozesu ikuspegia jartzen du erdigunean. Honek esan nahi du jadanik dakiguna aplikatzeko prozesuen ordez, eginez ikasteko prozesuak proposatuko ditugula. Lankidetzazko gobernantza ekintza-ikerketaren bidez garatzerakoan bi izango dira kontzeptu gakoak, praxia eta ko-sorkuntza, eta generoaren ikuspegia txertatzeko orduan ere horiexek dira gure proposamen metodologikoa.
Praxia
Praxia teoria eta praktikaren arteko harremana ulertzeko modu zehatz bat da, non teoria eta kontzeptuen balioa ez da eztabaida teorikoaren arabera neurtzen, praktikan laguntzeko duten gaitasunaren arabera baizik. Ondorioz, gure prozesuetan arazo bat daukagunean, hainbat marko eta kontzeptu ekartzen ditugu eztabaidara, baina soilik eskuartean dugun arazoa konpontzen laguntzen ditugunak txertatzen ditugu prozesuan.
Praxia sarri hausnarketa-ekintza-hausnarketa ziklo jarraituak moduan deskribatzen da, baina, bada ariketa bat ekintza-ikerketa ulertzen lagundu diguna. Abiapuntua ez da hausnarketa, konpondu nahi dugun arazoaren inguruko gaur eguneko ekintza baizik. Sekuentzia, beraz, zuzenagoa da ekintza-hausnarketa-ekintza moduan azaltzen denean. Aldaketa xumea dirudi, baina, praktikan eragin handiak dituena. Ariketa ez da egoera ideal bat irudikatu eta hura ezartzen edo aplikatzen saiatzea, ariketa gaur egungo ekintzetatik abiatu eta haiek hobetzeko behar dugun hausnarketa egitea da, ondoren berriro ekintzara itzultzeko. Generoari dagokionez ere, gure proposamena ez da ariketa teoriko bat egitea egoerak nolakoa izan beharko lukeen deskribatzeko, gero hura aplikatzeko helburuarekin. Gure proposamena gaur egungo egoeretatik eta esperientzietatik abiatzea da, horien inguruan hausnartu eta eraldaketa bultzatzeko.
Honek ez du esan nahi marko teorikoen eraginik ez dugunik, edo hauek lan tresna moduan erabiliko ez ditugunik. Gure kasuan marko hauek ekintza-ikerketa feministatik hartu ditugu eta batez ere feminismotik Lurralde Garapenerako Ekintza-Ikerketa aberasteko ekarpena egin duten Patricia Gayá eta Eleonora Spinelli-ren lanetatik . Baina marko hauek beti ere parte hartzen duten pertsonen esperientziatik abiatu ondoren, hausnarketarako erabili nahi ditugu.

Ko-sortzea
Lurralde garapenerako ekintza ikerketa, Demokraziaren Berrikuntzarako Diseinuaren metodologia bezala, ko-sortze prozesuetan oinarritzen da. Lehenengoaren berezitasuna da lurraldeko eragile eta ekintza-ikertzaileen arteko jakintza berriaren sorkuntza prozesuetan dagoela egoerak eraldatzeko gakoa.
Orain arte egindako prozesuetan honek eskatu du, alde batetik, herri politiken arduradunak eta ekintza-ikertzaileok konpondu nahi genituen arazoaren inguruan ados jartzea, eta bestetik, konfiantzazko harremanak eta ikuspegi partekatua garatzea. Ikuspegi partekatuak ez du esan nahi arazoak eta haien konponbideak berdin ikusten ditugunik, edo gauza guztietan iritzi berdina dugunik. Esan nahi du ezagutzen dugula zertan gauden ados eta zertan ez eta adostasun horiek prozesuan aurrera egiteko aukera ematen digutela.
Generoaren inguruko lanketa ere ko-sortze prozesua izango da, gure inguruan herri-politiken eremuan lankidetzazko gobernantzaren bidez lanean diharduten emakume eta gizonengana gerturatu nahi dugu, haiekin batera egoera eraldatzen lagunduko digun jakintza ko-sortzeko.
Hurrengo pausoa: Lankidetzazko Gobernantza eta Generoa hausnarketa topagunea abian jartzea
Ekimen honen markoa eta helburuak aurkeztuz lehen post batean aipatu genuen topagune honen baitan zer egin nahi dugun, eta oraingoan jaso dugu nola lana egingo dugun. Aipatutako bi metodologiek badute nahikoa amankomunean biak inspirazio iturri moduan hartu eta elkarlanean aritzeko. Ondorioz, prest sentitzen gara datozen hilabeteetan gure lurraldeko hainbat emakume eta gizonengana gerturatu eta haien esperientziatik ikasten hasteko; eta ikasitakoarekin gurean lankidetzazko gobernantza prozesuetan egon daitezken genero-arrakalak izendatzeko, bidezkoagoak diren orekak sustatzeko eta finean berdintasuna bultzatzeko.