Lankidetzazko Gobernantza eta Generoa: Herri politiketan lanketa eraikitzaile baterako baldintzen garapena
Egileak: Ione Ardaiz, Naia Begiristain, Miren Estensoro, Naiara Goia, Claudia Icaran, Miren Larrea eta Ane Miren Valenciano.
Hainbat urtetan elkarrekin, batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren herri politiken esparruan, lankidetzazko gobernantza sustatzen aritu ondoren, Arantzazulab eta Orkestrako lantalde batek gobernantza modu honen eta generoaren intersekzioa aztertu nahi dugu. Horretarako lehen pauso moduan alde batetik bi erakundeok aitortzen dugu ibilbide eta ikuspegi partekatu bat lankidetzazko gobernantzari dagokionez, eta bestetik, generoaren inguruko hausnarketak alor honetan izan beharko zukeen lekua aitortu nahi dugu. Elkarlan honen hasierako hausnarketak herri politikak errazteari buruz gutako batek, Miren Larreak (2024), idatzi eta marraztutako “Herri-politiken eraldaketa errazteko artea” liburua izan zuen oinarrian. Bertan herri politikak lankidetzazko gobernantzaren bidez garatzean azaleratzen diren hamar pentsamolde dikotomiko gainditzearen beharra azpimarratzen da, eta pentsamolde zein jokaera horietako batzuetan generoaren dimentsioei eragin nabarmena aitortzen zaie. Ondorioz, elkarrekin egiten ari garen lanketa honen helburua gure inguruan lankidetzazko gobernantza sustatzeko egiten diren ekimenetan genero rolak nola erreproduzitzen ditugun kontzientzia hartu eta egoera horien eraldaketarako oinarriak ko-sortzea da. Horretarako, galdera bikoitz batetik abiatu gara: nola erreproduzitzen ditugu genero rolak gure lankidetzazko gobernantza prozesuetan? Eta, zer aldatu behar dugu gure prozesuetan horrela gerta ez dadin?

Lankidetzazko gobernantza definitzeko askotariko moduak daude. Guk azpimarratzen dugu lankidetzazko gobernantza irtenbide bat izan daitekeela gizartea deliberazioan eta erabakiak hartzeko prozesuetan txertatzeko, eta baita gobernuen eta gizarte zibilaren arteko baterako sorkuntza, hausnarketa partekatu eta ekintzarako espazio berriak garatzeko ere. Izan ere, lankidetzazko gobernantzak pertsonak modu eraikitzailean inplikatzea bilatzen du bestela lortu ezingo liratekeen eta hainbat aktorek amankomunean dituzten helburuak modu kolektiboan lortzeko. Gobernuen, gizarte antolatuaren eta herritarren lankidetza eredu kolaboratibo honek, gizarte zibila agenda publikoko gai garrantzitsuetan modu esanguratsuagoan inplikatzea bilatzeaz gain, egiturazko desberdintasunak murriztea ahalbidetu dezakeela uste dugu, eta horien artean, baita genero desberdintasunak ere. Helburu hori erdiesteko bidean, uste dugu interesgarria izan daitekeela lankidetzazko gobernantza eta genero-dimentsioak uztartzea harreman sareen eraikuntzan, erraztearen paperean edo/eta lidergo-modu desberdinetan sakontzerakoan.
Gobernantza eta generoaren intersekzioaren analisiak duen potentziala aitortzearekin batera, ordea, aipatu beharra daukagu urteak daramatzagun arren lankidetzazko gobernantzaren lanketan, gure ibilbidean ez direla lankidetzazko gobernantza eta generoaren inguruko hausnarketak modu esplizituan uztartu. Ondorioz, orain lankidetzazko gobernantzaren markoak eta genero ikuspegiak nola uztartu daitezkeen eta horrek zer eragin izan ditzakeen ikasi nahi dugu. Horretarako erabiliko ditugu gure esperientzia eta, modu osagarrian, literatura feministak lankidetzazko gobernantza prozesuak diseinatu eta gauzatzeko irizpide, egitura, eta rolei egiten dien ekarpena. Horretarako erreferentziazkoak izan dira gure hausnarketan, besteak beste, Jone Martinez Palacios (2018, 2021), Mari Luz Esteban (2017) eta Fraser eta Glass (2020).

Laburbilduz, zergatik uztartu nahi ditugu lankidetzazko gobernantza eta generoa? Gure lanaren ondorengo elementuak aberastuko dituela uste dugulako: lidergoa eta errazte lana, eraldaketarako prozesuetan agertzen diren rol desberdinak, garatu beharreko gaitasunak, kultura, eta askotariko ezagutza modu eta ikuspegiak prozesuetan barne hartzea, besteak beste.
Eremu horien artean bereziki landu nahiko genituzke lankidetzazko gobernantzak eskatzen dituen lidergo modu desberdinak. Izan ere, lankidetzazko gobernantzak lidergo era batzuk eskatzen ditu prozesuetan parte hartzen duten aktoreak nahita (modu intentzionatuan) konprometitzen dituztenak, banakako ahaleginak lorpen kolektiboan bihurtzeko. Horrek ezinbestean harremanetarako lidergo moduak eskatzen ditu, hau da, banakako lidergoan fokoa jartzetik sistema osoan fokoa jarri eta bertako harremanak, konplexutasuna edo komunikazioa prozesuaren erdigunean jartzera garamatza. Lidergo-eredu horizontalago eta irekiago honek boterea ulertzeko zein boterea erabiltzeko moduak interpelatzen ditu, lankidetzazko gobernantza prozesuetan boterea partekatua edo kolektiboa izan behar badu. Abiapuntuko gure hipotesia da generoak baduela eragina hemen, gure gizarteratze modu desberdinen ondorioz gizon eta emakumeen artean botereaz jabetzeko moduak ere ezberdinak direlako. Hipotesi honen arabera lidergo femeninoak modu kolektiboagoan erabiltzen du boterea eta maskulinoa, berriz, indibiduazioan gehiago oinarritzen da.
Ikerketarako eremu hau irekia uzten du, adibidez, Mari Luz Estebanek aipatzen duenean ez dagoela “informazio enpiriko nahikorik baieztatzeko Euskal Herriko erakunde publiko zein enpresa pribatu, partidu politiko eta sindiktuetan ardurak dituzten feministak lidergo mota oso ezberdinak” ote dituzten, baina bai intuizioak eta zantzuak (Esteban, 2017, 74, orr). Antzeko intuizio eta zantzuetatik abiatzen gara ondorengo galderak mahai gainean jartzerakoan: Gure herri politiken gobernantzan nabarituko ote dira gizon eta emakumeen artean modu honetako desberdintasunak? Nabarmenduko ote da gaur egun emakumeek herri politiketan eta lankidetzazko gobernantza prozesuetan lidergo rolean aritzeko bestelako erak dituztenik, adibidez jarduera parte-hartzaileagoak, horizontalagoak, erlazionalagoak? Edo zertan bereizten dira lidergo modu hauek balizko praxi maskulino lehiakorragoengandik? Lidergo era berri hauetan arreta ipini nahi dugu, balioan jarri, haien balizko eraginari buruzko elkarrizketa ireki eta genero ikuspegiekin nola lotzen diren ulertu.
Aipatu dugu gure abiapuntua taldekide batek, Miren Larreak, lankidetzazko gobernantzaren bidez garatzen diren herri politikei buruz argitaratutako haunsarketa bat dela, zeinak dion hainbat pentsamolde dikotomikoa gainditu beharra daukagula, horien artean maskulino eta femeninoaren arteko pentsamolde dikotomikoa. Pentsamolde hauek herri politiketan duten indarra bat dator Jone Martinez Palaciosek (2018) aipatzen duen moduan, binarismora dugun joerarekin, binarioak diren genero identitateak eta generoaren arabera eduki behar ditugun joeren inguruko arau zorrotzak barneratuz. Binarismo honen baitan botere desberdintasunak indartu, eta gauzei ematen zaien balioa aldatu egiten da genero batekin edo bestearekin duten loturaren arabera. Gure azken urteko lanketa ikuspegi horiek gainditzeko ahalegin bat izan da.

Baina hausnarketatik abiatu arren, prozesuaren hasieratik izan genuen buruan egunen batean lanketa hau gure lurraldean lankidetzazko gobernantzan diharduten hainbat eragilerekin egitea. Dokumentu hau gure lana partekatze horren atarian idatzi dugu, gure arteko lanketaren eta lurraldeko eragileekin egingo dugunaren arteko zubia izan dadin.

Datozen hilabeteei begira gure asmoa blog hau sinatzen dugunon ibilbide eta oinarri partekatu honekin, “Gobernantza eta Generoa”, ardatzean izango dituen elkarrizketa gune bat abiatzea da, herri politiken markoan lankidetzazko gobernantza prozesuetan generoak duen garrantzia agerian jartzeko, eta hausnarketan zein ikasketetan sakontzeko. Lehen ekarpena idatzi honen bidez egitea otu zaigu, bertan partekatzen ditugun hausnarketak eta galderak mahaigaineratuz, erantzunak bilatzeko ez ezik galderak berriz osatzeko, eta gaiari buruzko elkarrizketa irekitzeko. Hausnarketa prozesu honetan ekarpenik egin nahiko bazenu oso gustura jasoko dugu ondorengo helbidean: alab@arantzazulab.eus
Erreferentziak:
- Esteban, M.L. (2017). Feminismoa eta politikaren eraldaketak. Zarautz: Susa, Lisipe.
- Fraser, T. eta Glass, J. (2020). Bridging the fields of feminist and systems practice: Building ecosystems for gender equity. The Systems Sancturary.
- Larrea, M. (2024). Herri-politiken eraldaketa errazteko artea. Deusto Argitalpenak.
- Martinez-Palacios, J. (2018). No te pongas nerviosa. Pamiela.
- Martinez-Palacios, J. eta Ripio Rodriguez, V. (2021). Pegarse a la cuerpa. Ménades Editorial.