Abian da Arantzazulab eta nazioarteko OCDE antolakundearen arteko lankidetza

Arantzazulab_OCDE

Arantzazulab-ek lankidetza hitzarmena sinatu du Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA/OCDE), hain zuzen, nazioartean sona handia duen erakundearen baitako ‘Gobernu irekia eta herritarren partaidetza berritzailea’ sailarekin. Bi erakundeen arteko lankidetzaren helburua da gure herrian demokrazia deliberatiboa eta ausaz aukeratutako herritarrekin partaidetza prozesu berritzaileak sustatzen hastea, eta elkarlan horren baitan, bi urtetarako elkarrekin jorratzeko egitasmoa adostu dute. Ildo horretatik, hain justu, Arantzazulab-ek herritarren deliberazio egitasmo bat abiarazi du Tolosako Udalerekin elkarlanean.

Udal mailan, eskalan txikian, esperimentatzen hastea da xedea, halako prozesuek erakunde publikoen eta herritarren arteko harremanean duten eragin positiboa erakusteko. “Helburua herritarrak tokiko agenda publikoaren diseinuan inplikatzea da, deliberazio prozesu ordezkatzaile baten bitartez. Tolosako Udalaren eta Arantzazulab-en bidelagun izango da ELGA, esparru horretan erakunde honek duen ezagutza eta nazioarteko esperientziak ekarrita”, azaldu du Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, eta zera gaineratu du: “Lankidetza honen azken helburua, halere, demokrazia deliberatiboko prozesuak gure herrian instituzionalizatzea da, eta horretarako prozesu honek lagunduko du Euskal Herrian erabaki publikoak hartzeko deliberazio prozesuen inguruan ezagutza garatzen, tokiko gaitasunak eraikitzen eta konfiantza sortzen”. Modu horretan, gainera, Arantzazulab-en ardatza den lankidetzazko gobernantzaren esparruan praktikatik ezagutza garatzeko esperimentazioko prozesu berritzailea da proposatzen dena.

Deliberazio praktiken ulermen partekatua 

Demokrazia deliberatiboko prozesu hauen inguruan ikasten joateko, Arantzazulab-ek on-line bidezko ikasketa saioa antolatu du. Gaur goizean zehar egin den mintegiak deliberazio praktiken ulermen partekatua sortzea izan du helburu, betiere, herritarrek eta gizarte zibilak agenda publikoan parte-har dezaten. Nazioarte mailan egindako ikerketetan jasotako ikasketak eta praktika onak aurkeztu ditu gaurkoan ELGA-k, eta Kantabriako Gobernuko ordezkariak nahiz Deliberativa erakundeko kideak ere Besaya-ko Herritarren Batzarraz aritu dira. Mintegiak ondorengo partaide hauek bildu ditu: ELGA, Arantzazulab, Tolosako Udala, Kantabriako Gobernua, Deliverativa, eta demokrazia deliberatiboko prozesuak sustatzeko gakoak diren gure ekosistemako beste hainbat eragile ere, besteak beste, erakunde publikoetako ordezkariak: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi ezberdinak, udalak, ezagutza esparruko eragileak, eragile sozialak eta abar.

Berriki, gainera, ELGA-rekin sinatutako lankidetzaren bidez, Arantzazulab-eko kideek nazioarteko eragile erreferenteekin eta antzeko laborategiekin konektatzeko aukera izan dute OECD-ren Innovative Citizen Participation Network Meeting sarearen bidez. Mundu mailako adituekin izandako bileran sistema demokratikoaren epe luzerako eraldaketa izan dute mintzagai. ELGA-rekin lankidetzak Arantzazulab-en nazioartekotze estrategian urrats sendoa eragiteaz gain, eskala globalean garrantzitsuak diren sareetan laborategiaren posizionamendua indartzen du.