Abian Arantzazulab eta Tolosako Udalaren herritarren deliberazio egitasmo ordezkatzailea

Arantzazulab_Tolosako_Udala

Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak herritarrekin deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiatzeko ekitaldia egin dute gaur Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren egoitzan, Gandiaga Topagunean (Oñati). Hitzorduaren helburua bikoitza izan da:  batetik, Arantzazulab-ek eta Tolosako Udalak sustatutako herritarren deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiaraztea; bestetik, bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatzea. Eragile ezberdinak batu ditu ekitaldiak, hala Gandiaga Topagunean, nola streaming bidez: Tolosako Udaleko ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu saileko ordezkariak, lurraldeko beste udaletako eta tokiko erakunde publikoetako kideak,  Arantzazulab-en Ikerketa Elkarguneko hiru unibertsitateak (Euskal Herriko Unibertsitatea -UPV/EHU-, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea), edota Arantzazulab-en batzordeetako zein ekosistemako askotariko eragileak eta eragile sozialak (TMeLab, Agirre Lehendakaria Center , Eusko Ikaskuntza,  Aztiker, EIBE Elkartea, Tolomendi, Debagoiena 2030, Julen Mendoza aholkularia, Deliberativa eta abar). Hitzordua, goizeko 10:15ean hasi dena, zuzenean streaming bidez eskaini da Arantzazulab-en Youtube kanalean, eta jarraipen zabala izan du.

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak eman dio hasiera ekitaldiari egitasmoaren markoa azalduz, eta Arantzazulab-en misioarekin lotura eginez: “Herritarrek egungo agenda publikoaren diseinuan modu esanguratsuan parte hartzeko eta erakundeetan lankidetzazko gobernantza praktikan jartzeko egitasmo bat bezala ulertu behar da Tolosan abiatuko duguna, herritarrak erabaki publikoetan modu aktiboan inplikatzeko. Udal mailan egingo dugun lehen esperimentazioko ekimen bat izango da halako prozesuek erakunde publikoen eta herritarren arteko harremanean duten eragin positiboa erakusteko. Esperientzia hori beste herri batzuetan errepikatzeko eta zabaltzeko moduak aztertuko ditugu jarraian. Finean, herritarrekin lankidetzazko gobernantza modu berrietan sakondu nahi dugu, gobernantza inklusiboagoa sustatuz, eta herritarrei paper protagonista emanez erabaki publiko batzuk hartzerako orduan”. Ildo horretatik, Arantzazulab-ek demokrazia deliberatiboko prozesuak gure herrian zabaltzeko eta instituzionalizatzeko elkarlana abiarazi du aurten Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA/OCDE) ausaz aukeratutako herritarrekin partaidetza prozesu berritzaileak sustatzeko, erabakiak hartzeko deliberazio prozesuak gure herrian zabaltzeko nahiz instituzionalizatzeko, tokiko gaitasunak sortzeko, eta baldintzak sortzen hasteko. Egitasmo honetan Tolosako Udalaren eta Arantzazulab-en bidelagun izango da ELGA, esparru horretan erakundeak duen ezagutza eta nazioarteko esperientziak ekarriz.

Tolosan gauzatuko den egitasmoak bertako herritarrekin deliberazio prozesu bat abiatzea du helburu. Tolosako Udalak aukeratutako erronka edo arazo publiko jakin baten inguruan deliberazio prozesu berritzailea abian jarriko da. Berezitasun moduan adierazi behar da prozesuan ausaz aukeratutako herritarrak inplikatuko direla, bertako komunitatearen aniztasuna ondo ordezkatuko duen pertsona-taldea izango da, tolosarren aniztasuna bermatuz parte-hartzaileen artean. Prozesu hauen irizpide eta jarraibideen arabera egituratuko da egitasmoa, pertsona talde horrek informazioa aztertuko du, adostasuna bilatzeko deliberatuko du jarraian, eta azkenik, agintari publikoei zuzendutako gomendioak garatuko ditu proposatutako arazo publikoaren inguruan. Bestalde, deliberazio egitasmotik irtendako gomendioei jarraipena eta erantzuna ematera konprometitzen da Tolosako Udala. Ekimena 2022ko urtarrilean abiatuko da eta 2023ko udaberria arte luzatuko da. Iraupena, sustatzaileen esanetan, hamabost bat hilabetekoa izango da.

Mahai-ingurua eta prozesuaren faseak

Ongietorriaren ondotik, solasaldia egin dute honako partaide hauekin: Olatz Peon, Tolosako alkatea; Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia; eta Mauricio Mejía, ELGA/OCDE-ko Herritarren partaidetza berrikuntza arduraduna. Solaskide hau modu birtualean konektatu da Paristik. Solasaldian egitasmoaren inguruko informazioa eskaintzeaz gain, prozesuan inplikatuta dauden partaideen papera zein den argitu dute. Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak horrelako prozesu bat sustatzeko zergatietan jarri du azpimarra eta abiapuntuko baldintzei buruz aritu da.  Olatz Peon, Tolosako alkatea, Tolosako Udalari eskaintzen dizkion aukeren eta erronken inguruan jardun da: “Gobernantzaz hitz egiten ari garenean, demokraziaz, partaidetzaz, komunitateaz eta elkarlanaz hitz egiten ari gara, herrigintzaren ardatz eta oinarriez, alegia, horregatik guretzat garrantzitsua da horrelako egitasmo batean parte hartzeko aukera izatea, gobernantza eredu berriak indartzeaz harago, herritarren eguneroko beharrei eta herri bezala ditugun etorkizuneko erronkei modu eraginkor, parte hartzaile eta adostuan erantzuteko moduan izango garelako, estrategia berriak, ausartagoak, berritzaileagoak martxan jarriz”.

Halaber, ELGA/OCDE-ren ordezkaria den Mauricio Mejíak Tolosan egingo den egitasmoaren fase nagusien berri eman du jendeak ezagutu dezan, zehazki, nola garatuko den prozesua: “Urtarrilean egitasmoa diseinatuko dugu, eta deliberaziora eramango den galdera zehatza definituko da Tolosako Udalarekin batera. Jarraian, herritarrak aukeratzeko zozketa zibikoa egingo da egitasmoan parte hartuko duten herritarrak ausaz aukeratzeko. Faseei dagokienez, deliberazio-prozesu ordezkatzaile guztietan bezala, komunitatearen aniztasuna ordezkatzen duen pertsona-talde batek informazioa aztertuko du, adostasuna bilatzeko deliberatu egingo du, eta agintari publikoei zuzendutako politika publikoko gaiei buruzko gomendio zehatzak garatuko ditu”.

Bestalde, publikoko parte-hartzaileek ere izan dute aukera egitasmoaren inguruko galderak solaskideei egiteko. Ekitaldia egitasmoaren bi sustatzaileen lankidetza hitzarmenaren sinadurarekin itxi da. Olatz Peon Tolosako alkateak eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta pozik agertu dira egitasmoa elkarrekin sustatzeko. Biek ala biek, egitasmo honek gurera ekarriko dituen aukerak azpimarratu dituzte, eta “gure herriak” behar duen lankidetzazko gobernantza ereduak “guztion proiektua” izan behar duela gaineratu dute.