Arte tailerra izan da Arantzazulab-eko egoitzan ‘Elkarrekin Bila’ egitasmoko Zubietxe talde bizkaitarraren egonaldiaren baitan
Abian da 2023ko ‘Elkarrekin Bila’ egitasmoa. Arantzazuko frantziskotarrek, pertsona laiko talde batekin elkarlanean, urtero egiten duten proiektua da gure inguruan bizi-zailtasunak dituzten pertsona eta taldeei (gaixoak, menpetasunen bat dutenak, babesik gabe aurkitzen diren adin txikikoak, presoak, nolabaiteko urritasuna dutenak…) Arantzazun aisialdiari lotutako egonaldi bat eskaintzeko, eta, bide batez, nolabaiteko heziketa proposatzeko. “Arantzazuk ematen dituen aukerak baliatuz, pertsona eta talde horiei egonaldi atsegina eskaini nahi zaie eta, beren egunerokotik irtenda, bizitzeko beste molde bat bistaratu, horrela pertsona bezala hazi daitezen, beren barruan oinarriko konfiantza sortuz, eta bizi dituzten zailtasunei aurre egiteko bidea ikus dezaten”, azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek.
Aurten hamaika taldek parte hartuko dute. Zubietxe talde bizkaitarra izan da aurrenekoa, eta asteartetik ostegunera bitartean Arantzazuko aisialdiaz gozatzeko aukera izan dute, besteak, beste, Arantzazuko Basilika entzutetsuaren bisita gidatuarekin edota Gomiztegi Artzain Eskolan egindako saioarekin. Taldea Arantzazulab-en egoitza den Gandiaga Topagunean ere izan da, eta Maushaus arkitektura estudioko Anabel Varona eta Carlos Arrutiren eskutik arte tailerra egin dute. ‘Eulate, argi handi bat’ izenburupean, Xavier Álvarez de Eulate (1919-2012) artista frantziskotarraren artelanen unibertsora gerturatu dira, eta jarraian Arantzazuko Basilikako beirateen egilearen lana aintzat hartuta, argiak eta koloreak eremu baten eraldaketan zer-nolako eragina duten ezagutu dute nork bere artelana eginez. Ekimenak poztasun berezia eman digu, izan ere, gure herriko erreferentziazko berrikuntza nodo eta herritarren topagune bihurtzea da Arantzazulab-en azken helburua.
