Ko-sorkuntza ekosistemaren eredu berria abian jartzeko lehen saioa izan da gaur

2022. urtearen amaieran ko-sorkuntza ekosistemaren lankidetza-egitura berria diseinatzeko eta indartzeko proposamena eta deialdia aurkeztu zituen Arantzazulab-ek. Ekosistemak edo eragile sareak finantzatzeko deialdi berritzailea izan zen. 14 izan dira deialdiaren onuradunak eta gaur izan da egitura berriari forma ematen hasteko lehen saioa Arantzazulab-en egoitzan Gandiaga Topagunean.

Zergatik aktibatzen da ko-sorkuntza ekosistema?

Ko-sorkuntza ekosistemaren kide ezberdinek osatutako berrikuntza sare bezala denboran iraunkor, eraginkor, bere azken helburuarekin lerrokatuta eta ekosistemako kideak konprometituta mantentzeko eredu berri bat proposatu da. Eredu berritzaile honek bilatzen duena da ekosistema indartzea, kideen atxikimendua areagotzea, lidergo partekatua eraikitzea eta elkarrekin garatutako ezagutza biderkatzea.

2021. urteko lehiaketan esperimentuak garatzean jarri genuen fokoa eta 2022. urtean elkarrekin sortzeko eta egiten ikasteko espazioa eratzen hasi gara. Orain urrats berri bat ematea proposatu da, egitura bera mantentzeko eta denboran bere inpaktua areagotzeko finantzazio-eredu berri batekin esperimentatuz: proiektuak diruz lagundu ordez, sarea bera sustatzeko baliabideak jarri dira; baliabide horiek 2022.urtearen amaieran egindako deialdiaren onuradunen artean partekatu dira eta horiek guztiak ekosistemaren eragile aktibo izango dira 2023an.

Zer da ko-sorkuntza ekosistemaren eredu berria?

Askotariko eragileak egiten ari direna konektatzeko eta ezagutza berria garatzeko lantaldea da.

Kapital inkremental eta progresistatik, kapital eraldatzailera nola igaro esploratu beharko dugu. Eta hori egin ahal izateko, koordinazio-logikatik, koherentzia-logikara igaro beharko gara, xedea izanik lanean ari direnen artean lidergo kolektiboa garatzea.

Eredu hauen inguruko esplorazioak nazioarte mailan ere interes orokorra pizten du, izan ere ekosistemak indartzeko egiteko modu berriak baina hauek sostengatzeko modu alternatiboak ere bilatu behar direlako.

Eta 2023an zer? 

Bi planotan egingo dugu lan:

Alde batetik, ekosistemaren funtzionamenduari eta finantzazioari dagokion xehetasunak definitu beharko ditugu, besteak beste: misioa, bisioa, helburu estrategikoak, erabakiak nola hartuko diren, gure artean informazioa nola partekatuko den, nola finantzatuko dugu ekosistema…Eta beste alde batetik, abian jarriko diren lan taldeak eta horien erantzukizunak zein egitekoak zehaztu eta aurrera eramango ditugu.

2023ko lehen saioan 

Gaur 2023ko lehen saioa izan dugu eta, deialdian onuradunak izan diren ekosistemaren diseinuan inplikatuta dauden 15 eragileen ordezkariak gogoetan murgilduta eman dugu goiza ondorengo galderei buruz deliberatzen: 

  1. Zergatik erabaki dugu ko-sorkuntza ekosisteman inplikatzea? Zer eraiki nahi dugu elkarrekin?
  2. Zer hartu eta eman nahi du bakoitzak?
  3. Zer ikusi nahiko genuke 2023an?
  4. Nola lan egingo dugu gure artean?
  5. Eta lan talde bakoitzean zer egingo dugu?

 Ondorengo funtzioak dituzten lau lantalde sortu dira: koordinatu eta sustatu; saretu eta konektatu; esperimentatu, ikasketak jaso eta partekatu; behatu eta ebaluatu.

Joango gara lanketen eta ikasketen berri gure sareetan partekatzen. Ko-sorkuntza ekosistemaren hurrengo saioa uztailaren 13an izango da.