Gipuzkoako Foru Aldundiak Herritarren Batzarraren gomendioei erantzunak eman dizkie ekitaldi publiko batean
Eider Mendoza gobernantza diputatuak banan-banan erantzun ditu gaur Gipuzkoako Herritarren Batzarra deliberazio prozesu aitzindarian herritarrek proposatutako bederatzi gomendioak.
9 gomendioei erantzuna
‘Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?’ Galderari erantzuteko sustatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab-ek eta Telesforo Monzon laborategiak deliberazio prozesu berritzailea, Gipuzkoako Herritarren Batzarra. Demokrazia deliberatiboan sakontzeko prozesu berritzailea da, eta herritarra politika publiko batzuetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako erronkari lotutako erabaki publikoetan herritarren ahotsa aintzat hartuz.
Urtarrilaren 14ko saioan Gipuzkoako Herritarren Batzarreko batzarkideek Gipuzkoako Batzar nagusietan burututako azken deliberazio saioan 9 gomendio luzatu zizkioten Gipuzkoako Foru Aldundiari: Lehen sektorea estrategiko bihurtzea, tokiko produktuak sustatzea hobari fiskalak egokituz, edo basoen kudeaketa I+G bitartez sustatzea bezalako proposamenak izan ziren batzarkideek deliberazio prozesu sakonaren ostean egindako proposamenak. (Ikusi gomendioa zerrenda).
Gaur Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak ireki duen ekitaldian, Eider Mendoza Gobernantza diputatuaren bitartez Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatutako 9 gomendioei erantzuna (ikusi dokumentua) jaso dute herritarrek, foru erakundeak Herritarren Batzarra deitzean hartutako konpromisoa betez. Gomendio bakoitzari buruz zer den egingo den, zein aurrekontu esleituko zaion eta zein epeetan gauzatuko den erantzun du horrela Eider Mendoza Gobernantza diputatuak. Modu horretan prozesu honen eragin positiboa, herritarren ahalduntzea eta politika publikoetan inpaktua bermatu nahi da.
Ekitaldi publikoan parte hartu dute: Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoek (Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatua, Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; Sebastian Zurutuza, Estrategiako zuzendari nagusia; Mikel Pagola, Herritarren Partaidetzako sailaren zuzendari nagusia; Xabier Arruti, Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria; Arantxa Ariztimuño, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaria), batzarkide izan diren 32 herritarrek, prozesuaren erakunde sustatzaileak (Arantzazulab, TMelab), eta prozesuan bidelagun izan diren hainbat eragiletako ordezkariek (Deliberativa, UPV/EHU, Aztiker, Artaziak).
Ikusi ekitaldiaren nondik norakoak eta arduradun politikoen balorazioak eta adierazpenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Prentsa Oharrean.
Urtebeteko prozesua askotariko eragileen lankidetzarekin
Gipuzkoako Herritarren Batzarra demokrazia deliberatiboa praktikan jartzeko egitasmoa da, bigarren Herritarren Batzarra gure lurraldean Arantzazulab-ek Tolosan sustatu duenarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telesforo Monzon Herrigintza laborategiak eta Arantzazulab-ek sustatu dute, Deliberativa aholkularitzaren bidelaguntzarekin. ELGA/OCDE erakundeak, zehaztutako praktika onen printzipioak oinarri hartuta, 2022ko azaroan abiatu zen Herritarren Batzarra. Ia urtebeteko diseinu lana eta gero, ausaz edo zozketa zibiko bidez aukeratuak izan ziren Gipuzkoako 32 herritar, lurraldeko aniztasuna ordezkatzeko irizpide ezberdinak kontuan hartuta (adina, generoa, hezkuntza-maila, hizkuntza ezagutza, bizitokia eta tokiko produktuei ematen zieten garrantzia).
Aukeratutako 32 herritarrek 40 orduko deliberazio-prozesuan parte hartu zuten 2022ko azaroa eta 2023ko abendua bitartean lau asteburuetan elkartu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako erronkari erantzun eta proposatutako galderari gomendioak egiteko. Prozesuan gaian adituak diren pertsonek ere parte hartu zuten, herritarrei beharrezko informazioa helarazteko.
Prozesuaren emaitzak oso positiboak izan dira: deliberazio prozesu hauek lankidetzazko gobernantzan sakontzeko tresna bat eskaintzen dutela ikusi da, herritarrak erabaki guneetarako gerturatuz, eta herritarrek erakunde publikoekiko duten konfiantza areagotzen lagunduz. Prozesu hau hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker gauzatu da : Sustatzaileak (Gipuzkoako Foru Aldundia, Arantzazulab, TMelab), Bidelaguntza aditua (Deliberativa, ELGA/ECDE), Prozesuaren erraztaileak (Aztiker, Artaziak), Prozesuaren kanpo ebaluatzaileak (UPV/EHU Parte-Hartuz ikerketa taldea).
Bi egitasmo hauekin Arantzazulab-en azken helburua da demokrazia deliberatiboaren inguruko ezagutza garatzea, tokiko gaitasunak sortzea eta euskal erakundeetan deliberazio prozesuak instituzionalizatzeko baldintzak sortzea; euskal erakundeetan herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeko deliberazio tresna hau modu egonkorrean txertatuz.
Prozesuaren ebaluazioa eta emaitzak
UPV/ EHU-k Arantzazulab-ekin duen lankidetzaren markoan, Parte Hartuz ikerketa taldeak Herritarren Batzarraren ebaluazioa egin du, kanpoko ikuspegi neutrala emanez, eta prozesua perspektiba ezberdinetatik ebaluatuz: prozesuaren diseinua eta inplementazioa, herritarren bizipena, eta deliberazio prozesuaren eragina.
Ebaluazio txostenean jasotakoetatik zera nabarmendu daiteke: “Prozesuak eragin positiboa izan du batzarkideengan, eta parte hartu ondoren konfiantza handiagoa dute politikan, demokrazian eta partaidetza-prozesuetan”. Txosten hau eskuragarri jarriko da egitasmoaren webgunean laster.
Modu osagarrian, Arantzazulab-ek erakunde sustatzaile bezala, hainbat ikasketa jaso ditu prozesuan, batzuk nabarmentzearren:
- Prozesu hauek lankidetzazko gobernantzan eta berrikuntza demokratikoan sakontzeko aukera ematen digute eta erakunde publikoen eta herritarren arteko harreman eredu berriak aktibatzen dituzte.
- Ikasketa sakoneko prozesuak izan dira: prozesu konplexuak eta erronka handiko gai zehatz batzuk jorratzeko dira egokiak
- Tokiko eragile askoren arteko lankidetza eraginkorraren bitartez gauzatu dira
- Erakunde publikoen barne eraldaketan eragina izan dute
- Demokrazia deliberatiboaren esparruan nazioartean adituen eta gobernuen sareetan posizionatu ditu Gipuzkoako lurraldea eta Arantzazulab
Prozesua ez da gaur bukatzen; datozen hilabeteetan gomendioen inplementazioaren jarraipena egingo diote 32 batzarkideek, eta Arantzazulab-ek horretan lagunduko die. Beste bi mugarri aurreikusten dira datozen hilabeteetan, bata, 2023ko udazkenean, eta bestea, 2024. urteko amaieran. Modu horretan prozesu honen eragin positiboa, herritarren ahalduntzea eta politika publikoetan inpaktua bermatu nahi dira.