Aktore ezberdinen arteko elkarlanerako eredu berriekin esperimentazioa Arantzazulab-en
Gizarte zibilaren eta erakundeen arteko harremanak berpentsatzeko ezagutza garatzen ari da Arantzazulab beste 14 erakunderekin batera kosorkuntza ekosisteman.
Lankidetzazko Gobernantzan sakontzeko gizarte zibilaren eta erakundeen arteko harremanak berpentsatu, eraginkorragoak egin eta indartzeko sare berriak zein elkarlanerako eredu berriak behar ditugula uste dugu. Hori da hain zuzen Arantzazulab-en ko-sorkuntza ekosistema osatzen duen eragilea taldearen helburuetako bat eta pasa den uztailaren 13koa izan zen sarea elkartu den aurtengo bigarren topaketa.
Iazko abenduan deialdi berritzaile bat jarri zuen abian Arantzazulabek, aktore ezberdinen arteko sareen egitura eta eta harreman eredu berrien inguruan esperimentatzeko, eta horretan dihardute deialdian onuradunak izan ziren 14 erakundetako, 20 pertsonak, 5 lan taldetan banatuta: bideratu eta sustatu, saretu eta konektatu, esperimentatu, behatu eta ebaluatu, konektoreak.
Nazioarte mailan ematen ari den berrikuntza ekosistemen joera nagusiekin lerrokatuta, bilatzen dena da erakunde eta eragile ezberdinen arteko harremanak eraginkortzeko lankidetzazko gobernantzan sakontzea, besteren artean. Finean, lankidetza sare hauen azken helburua ere bada banakako inpaktua zabaltzea, erantzun kolektiboak sortzea eta kapital soziala indartzea. Horretarako esperimentaziotik eta zentzu-emate kolektibotik elementu gako batzuen inguruan hausnarketan ari dira Arantzazulab-ek sustatutako ekosistemako kideak: zein dira pertsona, eragile eta sentsibilitate desberdinek elkarrekin hitz egin, entzun eta jardun dezaten behar ditugun rolak, lidergoak, antolakuntza ereduak, gaitasunak, tresnak, mekanismoak eta espazioak? Zein dira lidergo indibidualetik lidergo partekatua sortzeko baldintzak? Zein dira horrelako sareak denboran sostengatzeko eta inpaktu iraunkorra izateko beharrezko baliabideak eta finantzazio eredu berriak?
Galdera eta erronka hauei erantzuna bilatzeko antolaera modu berriekin esperimentatzen hasi dira, prozesuan hainbat berrikuntza txertatuz, eta hausnarketatik zein praktikatik ezagutza berria garatuz: 5 lan talde sortu dituzte eta Arantzazulab-en egiten den topaketan lan talde bakoitzak bere lana partekatu eta kontrastatu du gainontzeko kideekin: hala nola, “Sustatu eta bideratu” taldeak ekosistemaren estrategia, misioa eta gobernantza eredua aurkeztu ditu, baita sarean erabakiak hartzeko metodoa proposatu ere; Saretu eta konektatu taldeak eragileak zein proiektuak bisibilizatzeko eta loturak esploratzeko mapatzea egin du, eta saretzeko egitasmo bat proposatu du, zehazki, Bilbao Design Week-en saio bat proposatuko dugu ko-sorkuntza ekosistematik; behatu eta ebaluatu taldeak, ekosistemaren inpaktua eta prozesuen ebaluazioa ikuspegi berritzailearen bidez egitea proposatu du; eta “Esperimentatu” taldeak, esperimentaziorako ikuspegi sistemikoaren hurbilpenean sakontzeko egin den lana partekatu du; azkenik, konektoreen taldea izan da taldeen arteko informazioa partekatzeaz ardura hartu duena bere gain, eta topaketaren diseinua zein fazilitazioa egin du.
Talde ezberdinak urrats emankorrak ematen ari dira, Ezagutza hau lankidetzazko gobernantzan eta ekosistemen berrikuntzan sakondu nahi duten erakundeen eta gizarte eragileen zerbitzura jarriko dute,datozen hilabeteetan. Hurrengo topaketa irailean izango da!
Ko-sorkuntza ekosistemaren kideak ondorengoak gara: Arantzazulab, Apitropik, Beta, Colaborabora, Elhuyar, Emun, Farapi, Impact Hub Donostia, JM aholkularitza, Kutxa fundazioa, Maraka, Pez estudio, Tipi eta Wikitoki.
