Ko-sorkuntza ekosistemaren egituratzea: 2023ko ibilbidea eta ikasketak

2021. urtean jarri genuen abian Ko-sorkuntza ekosistema. Euskal Herriko askotariko eragileekin batera eraikitzen ari gara ezagutza konektatzeko eta egiteko modu berriak sortzeko gunea. Abiapuntutik eta orain arte, 7 lan saio izan ditugu, Euskal Herrian kosorkuntzan esperientzia dugun 30 erakunde konektatu gara, 2 esperimentu garatu ditugu (Galdera Ikurrak eta Galdakao2030) horietatik ikasketak eratortzeko, eta bost lantaldek osatutako ekosistema bat eraikitzen ari gara.

2022. urtea ekosistemaren oinarriak jarri genituen: ko-sorkuntza ekosistemaren misioa adostu, nazioarteko zenbait esperientziekin lotura egin, eta, ko-sorkuntza esperimentuak baliatuz eta bakoitzak aurretik izandako esperientziak ardatz hartuta, ko-sorkuntzaren oinarriak jasotzen lan egin genuen. Eta ondorengo elementuak finkatu genituen ko-sorkuntzaren inguruan egin nahi dugun bidearen oinarri gisa: irizpideak; pentsatzeko erak eta jarrerak; prozesu fase eta ekintzak; gobernantza, rolak eta erantzukizunak; metodologiak eta tresnak; ebaluaketa ebolutiboa; etika.

2022. urteko ikasketa gakoak bi izan ziren: Bata, Arantzazulab-ek finantzatutako esperimentuak zirenez, erabakimena eta lidergoa erakunde bakar batek hartzen zuela bere gain. Hortaz, ekosistema bat ezaugarritzen duen lidergo partekatua ez zen betetzen, eta zerbait aldatu beharra zegoen hori ahalbidetzeko. Bigarren ikasketa izan zen esperimentuetan parte hartzen ez zuten beste erakundeak saiora etortzen zirela beraiek finantzatutako denborarekin, eta ekosistemari egiten zioten ekarpena bere baliabideekin egiten zuten. Ekosistema denboran iraunkorra izatea nahi bagenuen, hori ere berpentsatu beharra genuen.

Horregatik, ko-sorkuntza ekosistema kide ezberdinek osatutako berrikuntza sare bezala denboran iraunkor, eraginkor, bere azken helburuarekin lerrokatuta eta ekosistemako kideak konprometituta mantentzeko eredu berri bat proposatu genuen Arantzazulabetik 2022. urtean zabaldutako deialdian. Urrats berri bat eman genuen, egitura bera mantentzeko eta denboran bere inpaktua areagotzeko finantzazio-eredu berri batekin esperimentatuz: proiektuak diruz lagundu ordez, sarea bera sustatzeko baliabideak jarri dira; baliabide horiek deialdian hautatuak izan ziren eragile ororen artean partekatu ziren ekosisteman ekarpena egiteko.

Nola aukeratu ziren ekosistemaren kide izango zirenak? Ondorengo irizpideak ardatz hartuta: 

  • Ko-sorkuntzan eskarmentua izatea eta praktika esparru horretan lanean jardutea (positiboki baloratu zen Arantzazulab-en ko-sorkuntza ekosistema eta bere baitan orain arte egindako ibilbidea ezagutzea). 
  • Ekarpenaren ebaluazioa: Ekosistema garatzeko zein aberasteko ekarpenaren kalitatea. 
  • Ekosisteman baliozko ekarpena egiteko motibazioa eta eskarmentua. 
  • Hizkuntza: Euskaraz lan egiteko gaitasuna.
  • Praktika ez-egokiak ez garatzea.
  • Deialdiaren prozedura eta epeak betetzea.

Deialdian onuradunak izan ziren 14 erakunde eta 2023. urtean 20 pertsona buru-belarri ari gara sare berritzailearen eraikuntzan. Rol desberdinak dituzten 5 lantaldetan banatuta dihardugu: bideratu eta sustatu (ekosistemaren estrategia, misioa eta gobernantza lantzen ditu), saretu eta konektatu (eragileak zein ekosistemari ikusgarritasuna eman eta loturak sortzea du helburu), esperimentatu (ekosistema osoarentzako baliagarriak diren esperimentuak diseinatu eta gauzatzen ditu), behatu eta ebaluatu (egindakoaren inpaktua eta ebaluazioa garatzen du), eta konektoreak (lantaldeen arteko koordinazioa bermatzen du).

Aktore ezberdinen arteko elkarlanerako eredu berriekin esperimentazioa Arantzazulab-en blogpostean abiapuntuan ematen ari garen urratsen berri partekatu genuen. Ondorengo hilabeteetan lantalde bakoitzak garatutako lanaren berri eman nahi dugu, eta horretarako hainbat blogpost argitaratzen joango gara. Hau lehenengoa da, eta bertan lantalde bakoitzaren lanaren berri xeheagoa emango dugu.

Ko-sorkuntza ekosistemaren kideak ondorengoak gara: Arantzazulab, Apitropik, Beta, Be&Lab, Colaborabora, Elhuyar, Emun, Farapi, Impact Hub Donostia, JM aholkularitza, Kutxa fundazioa, Maraka, Pez estudio, Tipi eta Wikitoki.