Gaur eman dira ezagutzera Arantzazulab-en Ko-sorkuntza Esperimentuen Lehiaketaren proiektu irabazle berritzaileak

Gaur goizean eman dira ezagutzera Arantzazulab-ek antolatutako Ko-sorkuntza Esperimentuen Lehiaketaren irabazleak. Ekimenaren lehen ekitaldiko garaileen aurkezpena webinar baten bidez egin da. Lehiaketak, urriaren 4tik azaroaren 8 arte martxan izan dena, erantzun zabala izan du, eta deialdiaren helburuekin bat eginda, 12 proposamen aurkeztu dira. Jasotako lanek Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren gizarte berrikuntza ikuspegiak izan dituzte ardatz: lankidetzazko gobernantza, herrigintza eta garapen komunitarioa. Lehiaketaren xedea izan da ezagutza berria eta egiteko modu berriak ko-sortzea eragile ezberdinen arteko elkarlanaren bitartez esperimentu ausartak sustatuz. Ildo horretatik, lehiaketaren ebazpen batzordeak nabarmendu du aurkeztutako proiektuak, lehiaketaren irizpideekin lerrokatuta izateaz gain, “ausartak, berritzaileak eta oso interesgarriak” ere izan direla.

Lehiaketa Arantzazulab-ek aurten abiarazitako euskal ko-sorkuntza ekosistema-ren baitan kokatzen da. Horregatik, jasotako proiektuen bidez euskal ko-sorkuntza ekosistemaren azken helburuari ekarpena egitea bilatzen dute proposamenek; hots, herritarrak, eragile sareak eta erakunde publikoen artean agenda publikoa ko-sortzea. Ebazpen batzordeak bi irabazle aukeratu ditu lehiaketaren irizpideekin “guztiz” lerrokatu baitira: G2030 eta Galdera Ikurrak. Gaurko online bidezko saioan bi egitasmo garaileen sustatzaileek beraien proiektuen nondik norakoa azaldu dute. Galdakaoko Udala, Maraka eta Apitropik-eko ordezkariak dira Ko-sorkuntzatik Galdakao 2030 marrazten izenburupean aurkeztutako lanaren egileak. Horrela, Galdakaok (Bizkaia) dituen erronka nagusiak kontuan hartuz, horiei aurre egiteko misioak definitu eta beraien gaineko ko-sorkuntza espazioak garatuko dituzte. Gainera, espazio hauek erabiliko dira partaidetza modu berriak esperimentatzeko. “Ko-sorkuntza esperimentuen lehiaketako irabazle ginela jakiteak ilusio handia egin zigun, izan ere, proiektu honek aukera eskaintzen baitigu ikuspegi berriak praktikara eramateko eta ikasitakoa ko-sorkuntza ekosistemako beste eragileekin partekatzea”, adierazi dute G2030 taldekoek.

Bestalde, Galdera Ikurrak lanaren egileak diren Farapi eta Medialab Tabakalerako kideak ere euren egitasmoaz mintzatu dira. Esplorazioa eta eraikuntza irekian oinarritzen den proiektu honek nerabeei galderak egin, esploratu, eta ingurunearekin konektatzeko espazioa emango die. Ongizatean eta osasun mentalean fokoa jarrita, haur eta gazteekin bideak esploratuko dituzte hainbat ikuspegi berritzaile jarraituta. Ko-sorkuntza bi mailatan lantzea eta horren inguruko hausnarketa egitea proposatu dute: batetik, gazteekin; eta bestetik, proposamena landuko duten eragileen artean. “Proiektu honek aukera eskaini digu ko-sorkuntza ikuspegiekin esperimentatzeko hasiera-hasieratik. Proposamenaren prestaketa bera esperimentua izan da eta ideia sustatzen dugun eragileen arteko sorkuntza prozesu partekatua landu dugu. Aipatzeko puntu garrantzitsua da gure proposamenaren oinarrizko ardatza Arantzazuren balio humanistekin lerrokatuta dagoela, pertsonek eraikitzen baitituzte egitasmoak eta ez gaiak”, azaldu dute Galdera Ikurrak-eko ordezkariek.

Herritarrak ahaldundu eta esperimentazio maila

Honezkero, 6 hilabete dira lehiaketari bide eman dion euskal ko-sorkuntza ekosistema abiarazi zenetik. Egitasmo horretan Ko-sorkuntza prozesuetarako identifikatutako erronkekin eta irizpideekin lotura izatea eskatu zaie aurkeztu diren proposamenei. Gainera, herri bezala ditugun gizarte erronkekin ere konektatu behar izan dute: Demokrazia liberalaren krisia, krisi klimatikoa, ongizatea, elkarbizitza edota lana. Hain zuzen, esperimentu irabazleak aukeratzeko irizpide gakoak bi izan dira: Herritarren parte-hartzea zein ahalduntzea zentroan jartzea, eta proposamenen esperimentazio eta ausardia maila.

2022ko urtarrilean abian jarriko dira lehiaketa irabazi duten bi esperimentuak, eta urria arte elkarlanean arituko beharko dira bi proiektuen baitan dauden sustatzaileak, herritarrak eta inplikatutako erakunde publikoak. Lehiaketaren aurrekontua 60.000 eurokoa izaki, proposamen bakoitzak 30.000 euroko dirulaguntza jasoko du egitasmoa garatzeko. Aurkeztutako lan guztien informazioa ondorengo taulan dago ikusgai.

Era berean, Arantzazulab-eko lantaldeak gaineratu du “aurtengo lehiaketaren irabazleak izan diren esperimentuetan garatzen den ezagutzak ikasteko aukera eskainiko  digu ko-sorkuntza ekosistemako hurrengo saioetan, eta baita Euskal Herrian zehar gertatzen ari diren zenbait ko-sorkuntza ekimenekin konektatzen jarraitzeko ere”.