Arantzazulab-ek ‘Demokraziaren Berrikuntza’ Jardunaldiak 2024 antolatuko ditu urrian

Saioak urriaren 9tik 11ra egingo dira Bilbon eta Arantzazun, eta izen-ematea zabalik dago irailaren 13a arte.

Urriaren 9tik 11ra, Demokraziaren Berrikuntza Jardunaldien lehen edizioa antolatuko du Arantzazulab-ek, Berrikuntza eta diseinua demokrazia indartzeko erronka konplexuen egungo testuinguruan  lemapean. Askotariko adituen eskutik, helburua da demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak ezagutzea eta eraldaketarako inspirazioa jasotzea; gogoeta partekaturako espazio bat sortzea; eta eztabaida hauek Arantzazulab-en lanarekin lotzea . Gonbidatuen artean daude Nicole Curato, Soziologia Politikoko irakaslea Canberrako Unibertsitateko Deliberaziozko Demokraziarako eta Gobernantza Globalerako Zentroan; Jayne Engle, Dark Matter Labs-eko ko-zuzendaria; Paolo Gerbaudo, Universidad Complutense de Madrid-eko ikertzaile seniorra; eta Ingrid Burkett, Griffith Unibertsitateko Sistemen Berrikuntzarako Griffith Zentroko irakaslea eta ko-zuzendaria.

Arantzazulab demokraziaren berrikuntzarako laborategia da eta Gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentro Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan. 2020an sortu zen, tokiko erakunde publiko eta pribatu ezberdinek sustatutako gogoeta prozesu sakon baten ostean, lurraldeko tradizio demokratiko sakonari jarraipena eman eta Lankidetzazko Gobernantzan eta berrikuntzan sakontzeko. Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati) du egoitza laborategiak, eta  gure testuingurutik eta balioetatik abiatuta demokrazian sakontzeko eta gobernantzaren alorrean modu berritzailean hausnartzeko eta esperimentatzeko gunea da.

Ia lau urteko ibilbidearen ondoren, barne-gogoeta estrategikoan murgildu zen laborategia iaz, eta prozesu horren emaitzetako bat da urriko jardunaldiak. Bi helburu nagusi ditu: batetik, demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak eta ezagutza aurreratua jasotzea, askotariko eragileekin elkarrizketarako espazio bat irekitzea eta hausnarketan sakontzea; eta bestetik, ezagutza hau laborategiaren lanarekin konektatzea, gurean demokraziaren berrikuntzari lotutako lanean sakondu eta hori indartzeko.

“Jardunaldi-ziklo hau mugarri garrantzitsua da guretzat”, adierazi du Naiara Goia Arantzazulab-en zuzendari nagusiak, “azken urteetako gure praktikan eta ikerketa lanean jauzi bat eman eta orain arteko ikasketak gizarteratzeko baliatu nahi dugu”.

Hizlariak

Tokiko eta nazioarteko adituak gonbidatu dituzte jardunaldietara, berrikuntzaren alorreko profesionalak, arduradun politikoak, eragile sozialak, ezagutza-eragileak, ikerlariak eta herritarrak elkarrizketara batuz.

Hizlarien artean daude laborategia babesten duten erakunde eta fundazioetako buruak eta nazioarteko eta bertako adituak, hala nola, Arantzazulab-en sustatzaile diren erakundeetako arduradunak: Irune Berasaluze, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako foru diputatua eta bozeramailea; Asier Aranbarri, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendaria; Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia; Zigor Ezpeleta,  Mondragon Korporazioko Gestio Sozialeko zuzendaria; eta Izaro Elorza, Oñatiko alkatea.

Nazioarteko adituen artean, jardunaldietan izango dira, batzuk aipatzearren, Nicole Curato (University of Camberra), Ingrid Burkett (Griffith Centre for Systems Innovation – Australia -), Jayne Engle (Dark Matter Labs), Paolo Gerbaudo (Universidad Complutense de Madrid) eta Fang-Jui Chang (Dark Matter Labs). Eta aldi berean, gaian adituak diren tokiko hainbat ikerlarik ere parte hartuko dute, hala nola, Xabier Barandiaran (Deustuko Unibertsitatea); Miren Larrea (Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutua); Andoni Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea) eta Antonio Casado (UPV/EHU).

Izen-ematea

Jardunaldiak irekiak dira, eta gaian interesa duten eragile zein herritarrek ere parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, zabalik da izena emateko galdetegia irailaren 13ra arte. Informazio gehiago atarian