Demokrazia deliberatiboa sustatzen Euskadin
2021ean hasi genuen Demokrazia Deliberatiboan sakontzeko ibilbidea Arantzazulab-en. Ordundanik tokiko eta nazioarteko hainbat erreferentziazko eragileekin elkarlanean aritu gara. Askotarikoak izan dira helburu horri lotuta burutu ditugun ekintzak, batzuk aipatzearren: bi Herritarren Batzar diseinatu eta gauzatu ditugu (Tolosan eta Gipuzkoan); Euskadiko Herritarren Batzarraren diseinuan parte hartu dugu; jasotako ezagutza sistematizatu eta zabaldu dugu; DemocracyNext-ek argitaratutako “Herritarren Batzarrak diseinatu eta inplementatzeko” gida euskarara itzuli dugu eta gure ikasketekin osatu dugu; tokiko hainbat erakunde eta eragilerekin lankidetzan jarraitzen dugu deliberazio prozesu berrien diseinuan; eta oro har, demokrazia deliberatiboa gurean hedatzeko eta instituzionalizatzeko bideak esploratzen dihardugu.
Ibilbide honen mugarria da aste honetan, OCDE/ELGAk argitaratuta, erakunde honekin lankidetzan landu dugun “Demokrazia Deliberatiboa Euskadin sustatzen” txostena. Dokumentu honek Euskadin garatutako esperientzien balantzea egiten du, eta, batez ere, Tolosako Herritarren Batzarrean jartzen du arreta. Testuan zazpi aukera-eremu identifikatu dira etorkizuneko deliberazio-prozesuen kalitatea eta eragina handitzeko. Esperimentaziotik Euskadin deliberazio-prozesuen erabilera iraunkor eta sistemikora igarotzeko, ELGAk 10 gomendio iradokitzen ditu, 3 jarduera-arlo nagusitan deskribatuta: 1) deliberazio-praktikak instituzionalizatzea, 2) deliberazioa administrazio publikoan integratzea, eta 3) deliberazioa gobernuaren barruan eta kanpoan integratzea. Gomendio horietan, ekintza zehatz hauek aipatzen dira, besteak beste:
- Erakunde deliberatibo iraunkorrak eraikitzea, herritarrei parte hartzeko aukera egonkorra eskainiko dietenak eta erakunde ordezkatzaileekiko sinergiak indartuko dituztenak.
- Dauden legediak gaurkotzea edo esparru berriak hartzea loteria zibikoa eta ordainsaria ahalbidetzeko.
- Deliberaziorako inbertsio publikorako narratiba bat eraikitzea, etorkizuneko prozesuetarako baliabideak ziurtatuko dituena eta eskala-ekonomiak ahalbidetuko dituena.
- Deliberaziorako zerbitzu publiko dedikatu eta diziplinartekoa sortzea.
Txosten osoa esteka honetan irakurri dezakezue. Txostena ingelesez argitaratu da, eta laburpen exekutiboa hiru hizkuntzatan: euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz. Hemen deskargatu dezakezue laburpen exekutiboa.
Orain arteko ikasketak eta ezagutza jasotzeko, gure lana nazioartean kokatzeko eta demokrazia deliberatiboa Euskadin sustatzen jarraitzeko mugarri garrantzitsua da, eta oso pozik gaude. Hurrengo hilabeteetarako honi lotutako hainbat ekintza izango ditugu, joango gara horien berri ematen!