Arantzazulab-ek “Demokraziaren Berrikuntza” Jardunaldiak antolatuko ditu urrian
Saioak urriaren 9tik 11ra egingo dira Bilbon eta Arantzazun, eta izen-ematea zabalik dago irailaren 24a arte.
Urriaren 9tik 11ra, Demokraziaren Berrikuntza Jardunaldien lehen edizioa antolatuko du Arantzazulab-ek, Berrikuntza eta diseinua demokrazia indartzeko erronka konplexuen egungo testuinguruan lemapean. Askotariko adituen eskutik, helburu ezberdinak ditu jardunaldien zikloak: gaia eztabaida publikora eramatea; demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak ezagutzea eta eraldaketarako inspirazioa jasotzea; gogoeta partekaturako espazio bat sortzea; eta eztabaida hauek Arantzazulab-en lanarekin lotzea. Jardunaldiak aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, irailak 18, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan parte hartu dute: Asier Aranbarri, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendariak; Izaro Elorza, Oñatiko alkateak; Xabier Barandiaran, Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta ikerlariak; Julen Mendoza, Ko-garri gizarte berrikuntzaren alorreko aholkularitza-zerbitzuko arduradunak; eta Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak.
Naiara Goiak aditzera eman duenez, “Demokraziaren aurkako mehatxuak geroz eta handiagoak diren honetan, eta gobernuen legitimitatea eta konfiantza murrizten ari direlarik, lankidetzazko gobernantzaren beharra proposatzen dugu demokraziaren krisiaren alternatiba gisa, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko harreman-eredua aldatzeko. Gure iritzian, gobernuek eta gizarte-eragileek zein herritarrek, hurbilpen berritzaileak, ikuspegi estrategikoa, lidergo eraldatzailea eta erlazionala, maila politiko goreneko konpromiso irmoa eta lankidetza-eredu berriak behar dituzte, agenda publikoaren erronkei modu kolektiboan aurre egiteko”, nabarmendu du.
Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendaria den Asier Aranbarrik ere demokrazian sakontzeko beharraren ideia azpimarratu du: “Ezinbesteko gaia da. Ez dago elkarbizitzarik demokraziarik gabe. Elkarbizitzak komunitatea indartzea eskatzen du eta hau demokrazian sakontzetik, erakundeak indartzetik, herritarren partehartzea sustatzetik, lankidetza publiko-pribatua areagotzetik lortzen da. Era berezi batean gu bezalako identitate nabarmeneko komunitate txiki batean. Euskadi eta euskaldunon etorkizunarentzat funtsezkoa da demokrazian sakontzea. Arantzazulab erreferentziazko erakundea da guretzat demokrazian sakontzeko lan honetan”. Era berean, Izaro Elorza Oñatiko alkateak zera adierazi du: “Erronka berriei gobernantzarako modu berriekin erantzun beharra diogu, tokiko zein eremu zabalagoko erakundeetan herritarren partaidetzarako espazio berriak sortuz eta bitartekoak eskainiz. Horretan dihardugu Oñatiko Udalean. Gaia lantzeko Arantzazulab-ek antolatutako jardunaldiak aberasgarriak dira bide horretan, saretzeko, esperientzia desberdinak ezagutzeko eta gureak ezagutarazteko”.
Bestalde, Julen Mendoza Ko-garri aholkularitza-zerbitzuko arduradunak erantsi du “Populismoak eraikitako orden baterako bidea hartu dezake munduak, edo demokraziaren sakontzean eta herritarren ahalduntzean oinarrituko den orden berri bat eraiki daiteke etorkizunean. Ataka horretan gaude, eta horregatik da pertinentea gaia. Zentzu horretan, Arantzazulab-ek ekarpen oso interesgarria egiten dio abagune honi. Berrikuntzan sakontzen duelako, eta demokrazia zein konplexutasuna lotzen dituelako”.
Arantzazulab-entzat mugarri
Arantzazulab demokraziaren berrikuntzarako laborategia da eta gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentroa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan (www.arantzazulab.eus). 2020an sortu zen, tokiko erakunde publiko eta pribatu ezberdinek sustatuta. Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati) du egoitza laborategiak, eta gure testuingurutik eta balioetatik abiatuta, demokrazian sakontzeko eta lankidetzazko gobernantzaren alorrean modu berritzailean ikertzeko eta esperimentatzeko gunea da. Horretarako eragile ezberdinen arteko lankidetzak sustatzen ditu, nazioarteko ezagutza aurreratuarekin konektatuta lan egiten du, tokiko balioetan eta kulturan errotuta lan eginez.
Azken ideia honi heldu dio, hain justu, Xabier Barandiaran Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta ikerlariak: “Euskal balioen sistemak demokraziak egun dituen debateetarako zein ekarpen egin dezakeen ikertzea garrantzitsua da, hor badaukagu zeresana. Demokrazia indartzeko lankidetzazko gobernantzak gure testuinguruan zer esan nahi duen eta nola garatzen den sakontzen jarraitu behar dugu”. Halaber, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia den Naiara Goiak adierazi du: “lau urteko ibilbidearen ondoren, jardunaldi-ziklo hau mugarri garrantzitsua da guretzat. Izan ere, azken urteetako gure praktikan eta ikerketa lanean jauzi bat eman eta orain arteko ikasketak gizarteratzeko baliatu nahi dugu. Izaera berezia izango dute jardunaldiek, demokrazian sakontzeko berrikuntzaren aldeko apustua aldarrikatu nahi dugu; Arantzazulab-en bilatzen duguna demokraziaren berrikuntzarako, eta herritarrek agenda publikoan duten inplikazioa areagotzeko, ikerketa eta esperimentazio-eraldatzailea garatzea delako, herrigintzaren, erakunde-sistemaren eta gizarte-eragileen zerbitzura lan eginez”.
Punta-puntako hizlariak
Tokiko eta nazioarteko adituak gonbidatu dituzte jardunaldietara, berrikuntzaren alorreko profesionalak, arduradun politikoak, eragile sozialak, ezagutza-eragileak, ikerlariak eta herritarrak elkarrizketara batuz. Hitzaldi nagusiak nazioarteko hainbat adituren eskutik izango dira: Nicole Curato, Soziologia Politikoko irakaslea Canberrako Unibertsitateko Deliberaziozko Demokraziarako eta Gobernantza Globalerako Zentroan (Australia); Lucy Kimbell, Londresko Arte Unibertsitateko ikerlaria eta irakaslea; Paolo Gerbaudo, Universidad Complutense de Madrid-eko ikertzaile seniorra; Ingrid Burkett, Griffith Unibertsitateko Sistemen Berrikuntzarako Griffith Zentroko irakaslea eta ko-zuzendaria (Australia); Fang-Jui Chang, Berrikuntza zuzendaria Dark Matter Labs Erresuma Batuko laborategian; eta Claudia Chwalisz, DemocracyNext erakundeko zuzendari eta fundatzailea.
Jardunaldietan gonbidatu berezi bat ere izango da: Adam Kahane, nazioartean ezaguna. Bera Reos Partners kanadiar erakundeko zuzendaria da, pentsalaria, hainbat best-seller-en idazlea eta bitartekaria. Arantzazulab-en egonaldi bat egiten ari da eta bere ekarpenak jasotzeko aukera ere izango da. Aldi berean, gaian adituak diren tokiko hainbat ikerlarik ere parte hartuko dute, hala nola: Xabier Barandiaran (Deustuko Unibertsitatea); Miren Larrea (Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutua); Andoni Eizagirre (Mondragon Unibertsitatea) edota Antonio Casado (UPV/EHU). Gainera, Arantzazulab laborategia babesten duten erakunde eta fundazioko buruek ere parte hartuko dute elkarrizketa panel batean. Hizlarien informazio osoa jardunaldien web atarian aurki daiteke: https://arantzazulab.eus/dbj2024/
Izen-ematea eta egitaraua
Jardunaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian eta Arantzazulab-en egoitzan (Gandiaga Topagunea, Oñati), egingo dira. Urriaren 9ko lehen saioa Bilbon izango da, eta Ion Muñoak, Komunikazio eta gizarte berrikuntzako idazkari nagusia, (Eusko Jaurlaritza – Lehendakaritza) egingo du irekiera instituzionala. Aldiz, osteguneko eta ostiraleko jardunaldiak Oñatin izango dira, Arantzazulab-en egoitzan. Saio guztiak irekiak dira, eta gaian interesa duten eragile zein herritarrek ere parte hartzeko aukera dute. Horretarako, zabalik da izena emateko galdetegia irailaren 24a arte. Hiru egunetako egitaraua lotura honetan kontsultatu daiteke.