Arantzazulab-en izandako esperientzia

Arantzaulab_Amaia_Albistea
  • Blog-postaren xedea: Arantzazulab-en egindako egonaldia partekatzea
  • Egilea: Amaia Ruiz Castellanos (Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak graduko ikaslea)

Gaur egun existitzen diren hainbat krisiek gizarte moduan bizimodu aldaketetarako trantsizioa egin behar dugula adierazten digute. Egungo erronken konplexutasunak, gizabanakoak duen ziurgabetasunak eta existitzen diren etengabeko aldaketek gizartearekin aurrera ekiteko sistema berri baten beharra eskatzen dute. Gizakiaren bizimodua gizatasunerantz bideratzeko beharra dagoela behin eta berriz erakusten digu egungo egoerak. Gaur egun indarrean dagoen indibidualismoak zalantzaz eta beldurrez beteriko gizarte baterantz bideratzen gaitu, gizarte likidoago baterantz. Hori dela eta, pertsonok bizimodu aldaketarako beharra dugu egunero, berrikuntzan oinarrituriko aldaketa.

Honetan, benetan berezia den Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategia dugu bidelagun. Kultura, natura, balio humanoak, heterogeneotasuna, horizontaltasuna, berrikuntza, taldean lan egitea eta ondarea haien balio zentralak izanik, Euskadin sortzen diren arazo konplexuei aurre egiteko ikerketak, baliabideak eta laguntza eskaintzen diete hainbat erakunde zein gizarte talderi.

Horregatik aukeratu nuen Arantzazulab praktikak egiteko erakunde erreferente lez. Jada Humanitate Digital Globaletako lehenengo urtean Naiara Goiaren klasea/hitzaldia izan genuen eta, nahiz eta urte horretan jasotzen genuen berrikuntzaren inguruko heziketa guretzat guztiz ezezaguna eta arraroa zen, laborategi horrek erabiltzen zuen terminologia, adibide (ebidentzia), zein irudiak bereziki erakarri ninduten. Horretan, nabarmentzekoak ziren gaur eguneko paradigma azaltzeko erabiltzen zuten modua, haien saio eta dinamikak zituzten parte-hartzearen balioa, askotariko pertsonen parte-hartzeari ematen zioten garrantzia, haien metodologia eta esplikabideak, ko-sorkuntza saioei eskaintzen dieten definizio eta ereduak eta haien inplikazioa eta lan egiteko moduak, besteak beste.

Arantzazulab_Amaia_02

Orobat, ni pertsona bereziki interdependentea naiz. Kontziente naiz etorkizunean izan daikeadan enplegua jendearekin harreman handia izan behar duena dela. Horren ustearen gainean nago, alde batetik, jendearekin berbetan egoteak, haien esana entzuteak eta ikuskera berriak ezagutzeak nire ongizatean eragin positibo handia dutelako eta, bestetik, askotariko jendearekin lan egiten baino ezin delako, nire aburuz, etorkizun edota proiektu konpleto eta onuragarria sortu. Hori dela eta, ikasketen 3. urtean bertan praktikaldia egin nahi nuela argi izan nuen.

Azken horren harira, fundazio horrek lan egiten duen lan eremu anitzek eta laborategiaren hazkunde arinak haien lana modu egokian enfokatzen ari direla erakusten dute. Bada, pertsona anitzekin eta askotariko profesionalekin harremanetan jarduten dira haien prozesu/proiektuetan zehar ikaskizun berriak eskuratzeko eta feedback ezberdinak jasotzeko haien ikuspegia handitu eta aberastu ahal izateko. Hau izan da berton izan dudan heziketarik eta nabariena. Jende anitzarekin solasaldian ibiltzea eta haien pentsamendu eta ikuspegiak entzuteko denbora eskaintzea bereziki aberasgarria da bai bakoitzaren hazkunde pertsonalerako, bai gaur egun dugun gizarte askotarikoaren ulermen eta bizikidetzarentzako. Horrekin kriston proiektu garrantzitsu eta politak sortu ahal direla argi geratu zait, Gipuzkoako Etorkizuna Eraikiz, Galdakao 2030, Tolosako Herritarren Batzarra eta Galdera ikurrak proiektuak adibide egokiak izan daitezke horren ebidentziarako.

Aurrekoaz gain, Arantzazulab-en barruan duten funtzionamendua azaltzea ere dago. Langileen artean duten lan dinamika nabarmentzekoa da. Taldeko bilerak eta ko-sorkuntza saioen prestaketen sorkuntza kolektiboak ere agerian uzten dute lantaldeak duen izaera kolektiboa, baita komunikazio horizontala ere. Bada, bakoitzak bere lana egitearen erantzukizuna du eta astean behin guztiak batzen dira bakoitzak eginikoaren berri izateko eta behar dutenaren iritzia guztien artean konpartitzeko. Horretan duten dinamika eta eginkizuna berezia da ere: bilera izan baino lehenago bakoitzak bere denbora hartu behar du dokumentu elkarbanatuan duten gunean astean zehar egin duena laburki azaltzeko. Ostean, bileran idatzi/eginikoa azaltzeko behar duten denbora izaten dute zerbait zoriondu behar izatekotan, guztion artean zoriondu eta ospatzeko. Honetan, praktikan gauden bioi eskaini diguten arreta ere nabarmentzekoa da, batzarrean zehar hitz egiteko aukera eskaini digutelako, baita haiekin lortutakoa elkarbanatzeko ere.

Gainera, ko-sorkuntza saioetan talde bezala lan handia egiten dute. Horiek aurrera eraman baino lehen batu eta bakoitzaren eginkizuna zehazten dute eta zenbait duda izan ezkero, guztien artean ebazten dute. Horretan konfiantza handia sortzen dute bata bestearengan eta talde izaera handia eta polita sortzen dute. Nabaritzekoa da nigan izan duten konfiantza. Bada, saio dinamikoetan dinamizatzaile izateko aukera eskaini didate eta horrek konfiantza handia sortu dit nigan. Hori benetan eskertzekoa da. Halaber, parte hartu duten dinamika eta hitzaldi dexentetan parte-hartzeko aukera eskaini didate praktikaldiaren esperientzia eta ikaskizuna onuragarriagoa eginez.

Ko-sorkuntza saioa

Amaitzeko, Ane Mireni eskaini didan arreta eskertzea baino ez zait geratzen. Astero izan ditugu jarraipen bilerak eta edozein duda edota laguntza emateko prest egon da momentu oro.  Horretaz gainera, niganako konfiantza handitzen asko lagundu dit eta lanari ahal dudan kaña gehiena sartzera animatu nau. Nahiz eta niri egokitutako ikerketa gehiena etxetik egin, ez dut bertara joateko aukerarik galdu. Gustatuko litzaidake Arantzazulab-eko esperientzia askoz presentzialagoa izatea, bada, hizketaldi eta batzar presentzialak baino ekintza humano eta hezitzailerik ez dago. Dena den, ez naiz ez deskonektatua ezta taldetik kanpo sentitu eta gizarte berrikuntza laborategiko langileei zor diet hori. Hortaz, mila esker esperientzia hau izaten uzteagatik eta laster arte!