Arantzazulab Democracy R&D network nazioarteko sareko kide berria da

Arantzazulab_DemokarziRD

Arantzazulab Democracy R&D network nazioarteko sareko kide berria da, eta ohore handia da onartu izanaren berria partekatzea. Izan ere, lankidetzan diharduten erakunde, elkarte eta pertsonen nazioarteko sarea da eta horren xedea da tokian tokiko zein munduko demokrazia garatzeko, hobetzeko eta jorratzeko bideak sustatzea. Egun, 55 kide ditu, mundu osoko 43 herrialdetan kokatuak daudenak.

Sare honek demokrazia deliberatiboan nazioarteko adituak eta profesionalak bildu eta harremanetan jartzen ditu. Bertan parte hartzeak arlo horretako ezagutza eskuratu, praktika ezagutu eta adituekin konektatzeko aukera emango digu. Arantzazulab-en prest gaude gurean bultzatutako prozesuen  adibideak eta jasotako ikasketak partekatzeko.

Arantzazulab euskal gizartearen etorkizunari eta erronkei buruzko hausnarketa eta esperimentazio berritzailerako diseinatutako espazioa da. Gure helburu nagusia lankidetzazko gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko gure herriko gunerik garrantzitsuena izatea da, herrigintzaren, erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egongo dena. Gizartea deliberazio prozesuetan txertatzeko, batera sortzeko, eztabaidatzeko eta ekintza partekaturako gune berriak garatu behar dira, eta horrekin batera tresna, gobernantza eredu eta metodologia berrien inguruan ere ikertu eta esperimentatu behar dugu.

Gizarte berrikuntza laborategia garen heinean, hori da, hain justu, Arantzazulab-en egitekoa: Gobernuen eta gizarte zibilaren arteko harreman eta lankidetza modu berrien inguruan ikertu eta esperimentatzea, agenda berri bat elkarrekin eraikitzeko. Agenda publikoan gizarte zibilaren parte-hartzea eta inplikazioa sustatuko duten tresna eta mekanismo berriak behar ditugu. Helburutzat dugun eraldaketa aktibatzeko, Demokrazia Deliberatiboa funtsezko oinarria izango dela uste dugu.

2022an bi Herritarren Batzarrak sustatu eta martxan jarri ditugu tokiko gaitasunak garatzeko eta ikuspegi horrek sor ditzakeen aukerez sentsibilizatzeko. Honela, 2023an Euskal Herrian Demokrazia Deliberatiboa instituzionalizatzeko prozesuak eta ikuspegiak diseinatuko ditugu aipatutako bi herritarren batzar horien diseinuan eta inplementazioan parte hartu duten tokiko eragileekin eta nazioarteko bidelagunekin.