Arantzazulab Gobernu Irekiko Aliantzaren (OGP) Goi-bileran Gasteizen (urriak 6-10)
Aste intentsoa amaitu da, Gobernu Irekiko Aliantzaren (OGP) goi-bileran izan gara Gasteizen. Gobernantza irekiarekin, parte-hartzearekin eta berrikuntza demokratikoarekin konprometitutako mundu osoko gobernu, gizarte-erakunde, profesional eta herritarrak batu ditu konferentziak.
Arantzazulab-entzat, aukera paregabea izan da antzeko ikuspegia duten pertsona eta erakundeekin berriro elkartzeko, esperientziak partekatzeko eta lankidetzarako aukera berriak esploratzeko solasaldi aberatsak izan ditugularik: Josh Lenner (People Powered)-ekin Demokraziaren Narratiba Berriak ekimenari buruz; Javier Pérez eta Thai (Political Watch)-ekin Demokrazia Aro Digitalean; Miriam Zaitegui eta Erica Hope (European Climate Foundation)-ekin; Juan López-Aranguren (Democratic Society)-rekin; eta Mauricio Mejía, Yago Bermejo eta Arantxa Mendiharat (Deliberativa)-rekin, beste askoren artean. Zaila da denak aipatzea!

Gure zuzendaria, Naiara Goia, hizlari moduan aritu zen “Designing the Public Participation We Want in a Digitised World: AI and Civic Tech” izeneko panelean, Political Watch eta mySociety erakundeek koordinatuta. Bere hitzaldian, honako erronka luzatu zien parte-hartzaileei: “Nola aprobetxa dezakegu teknologia digitalen potentziala balio demokratikoak transmititzen, ikasten eta sendotzen lagunduko diguten irtenbideak, tresnak eta plataformak diseinatzeko?” Kultura demokratiko partekatu bat eraikitzearen garrantzia azpimarratu zuen — funtsezko oinarria pertsonek guztion ardurakoak diren gai komunen inguruan parte hartu eta lankidetzan aritzeko. Ideia inspiratzaileak jaso genituen adimen artifizialaren eta teknologia zibikoaren rolaren inguruan, bereziki gazteen artean: deliberazio eta erabaki partekaturako hezkuntza-plataformak; eta eskubide, etika eta demokraziari buruzko ikaskuntza-prozesuei laguntzen dieten chatbot-ak, besteak beste. Gainera Democracy Drinks & Pintxos ekitaldi sozialean parte hartu genuen, Political Watch eta Global Democracy Coalition erakundeek antolatuta; elkarrizketa jarraitzeko eta esparru publiko, pribatu eta sozialetako pertsona erreferenteekin konektatzeko espazio inspiratzailea izan zen.

Gure proiektu-zuzendaria, Ione Ardaiz, “Demokraziaren bidez ekintza klimatikoa sustatzea” izeneko lan-saio batean parte hartu zuen, Political Watch, European Climate Foundation eta Democracy for Transition Coalition erakundeek elkarrekin antolatuta. Saio honetan hausnartu genuen nola demokraziaren eta klimaren erronkak sakonki lotuta dauden, eta nola baten baitan egindako ekintzek bestean eragin zuzena izan dezaketen. Elkarrizketa aberatsa eta anitza izan zen, sektore publikoko, akademiako eta gizarte zibileko eragileak bildu zituena.

Elkarrekin aztertu genituen gure ikerketen eta praktiken bidez hautematen ari garen sintomak, eta horiei erantzuteko bide eta irtenbide berriak irudikatzen hasi ginen. Arantzazulab-etik, Euskal Autonomia Erkidegoan demokrazia deliberatiboa instituzionalizatzeko lanari buruz aurkeztu genuen, eta hiru estrategia osagarriren inguruko gure gogoetak zein ikasketak azaldu genuen: Gorantz eskalatzea, politika publikoetan eraginez; Kanpora eskalatzea, prozesu deliberatibo berriak sustatuz; Sakonean eskalatzea, kultura-aldaketa eta marko mental berriak sustatuz.
Aste intentsoa, inspirazioz, ikaskuntzaz eta aliantza berriez betea. Jarraitzen dugu!