Demokraziaren babesa altua bada ere, poztasuna apalagoa da eta desafekzioa orokor samarra

Liburu berriak, Arantzazulab-ek sustatua, EAEko demokraziari buruzko jarreretan sakontzen du: babesa, poztasuna eta herritarren lotura afektiboa. 

Demokraziek erronka ugari dituzte. Hitzarmen soziala berregiteko premia agerikoa da, baita herri erakundeak sendotu eta hauen kalitatea hobetzekoa ere. Horiei gaineratzen zaie herritarrekin loturak indartzea. Azken zeregin horrek aparteko garrantzia du. Izan ere, herritarren iritzi sozialetan urruntze politikoa eta beste hainbat sentimendu negatibo igarri daitezke.  

Andoni Eizagirrek eta Leyre Arrietak koordinatu duten liburuan (“Democracia y cultura política. Legitimidad, satisfacción y vinculación afectiva en la Comunidad Autónoma Vasca”, Editorial Catarata, 2025), demokraziari buruzko iritziak ulertu eta argitzeko ahalegina egin da. Liburua berriki argitaratu da eta hainbat egileren arteko lan kolektiboa da. 

Liburua ontzeko bi iturri nagusi erabili dira. Alde batetik, iritzi-galdetegi bat, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 2.173 pertsonek osaturiko laginarekin. Bestetik, 150 pertsonek hainbat eztabaida-taldetan parte hartu zuten, eta aditu eta politikariei ere 25 elkarrizketa egin zitzaizkien. Emaitza orokorra zera da: demokraziari buruzko iritzi sozialetan ondo bereizi beharrak daude babesa, poztasuna eta lotura afektiboa. Jarrerazko hiru dimentsio dira eta herritarren iritzietan ezberdindu egiten dira. 

EAEn demokraziaren babesa oso altua da. Hamar pertsonatik bederatzik demokrazia gobernu forma modura lehenetsi eta legitimatzen du. Joera hori gainera orokorra da, nahiz eta gizonezko gazteenen artean hainbatek indiferentzia adierazi gobernu forma aukerakoenari buruzko lehentasunean. Era berean, babes hori iraunkorra da eta unean uneko gertakariek ez dute legitimitatean eraginik. Guztiarekin, instituzio demokratikoei buruzko konfiantzan aldeak badaude eta euskal jatorrikoak bezala hautematen direnek onarpen handiagoa dute.

Besterik da funtzionamendu demokratikoari eta honen errendimenduari buruzko poztasuna. Kasu honetan, liburuan jasotako analisiek egiaztatu dute efikazia instituzionalari buruzko iritziak ziklo ekonomikoei eta gertakari politikoei menpekoagoak direla. Herritarren balorazioetan jarrera eta lehentasun politikoek pertsonen ezaugarri demografikoek baino efektu handiagoa dutela ere egiaztatu da. Zehazki, gobernuko alderdiarekiko identifikazioak eta pertenentzia sentimenduak politiken balorazioetan eragiten dute. Alde horretatik iritzi giroa polarizatzen duten diskurtsoak azaleratzen direnean, partidismoaren efektua nabarmendu eta poztasunari buruzko balorazioak banatu egiten dira. Gainontzean, datuen analisiak erakutsi du poztasun demokratikoari buruzko tasak egoera politiko eta ekonomikoari buruzkoak baino txikiagoak direla.

Hirugarren jarrerazko dimentsioa politikarekiko lotura afektiboa da. Emaitzek berretsi dute desafekzioa orokorra dela, eta politikarekiko urruntze sentimendua handia da, guztion gaietan parte hartzeko joera txikia, eta politikariek herritarren eskaerei ez dietela kontu egiten adierazten du gehiengo zabalak. Iritzi horietan gizarteko talde demografiko eta politiko ezberdinek bat egiten dute. Halere, gizartean badago segmentu bat interes politikoa adierazi eta auzi politikoak ulertu eta interpretatzeko gai dela sentitzen duena. Baina sentimendu positibo horiek euskaldun sentitu eta ezkerreko posizioetan autoubikatzen direnen artean nabarmentzen dira.  

Europako herrialde demokratikoetan azaleratu diren arazoek EAEn oihartzun berezia dute. Legitimitate demokratiko goreneko eskualdea da, poztasun-maila ere konparazioz altua da, baina desafekzioa kontuan hartu beharreko sentimendua da. Edonola ere, liburuak iradokitzen du gaur egungo gizarteen bilakaerak eta honi loturiko tentsio eta hausturek gurean ere badutela eragina.

Liburuaren egileetako batzuk argazkian.

Liburuan ahalegin berezia egin da demokrazia indartzeko aukerak identifikatzeko. Neurri horretan, liburuko kapituluetako batean Arantzazulab-ek gobernantzari eta demokraziari buruzko ikuspegi berritzaileetatik abiatuta herritarren lotura afektiboak nola hobetu daitezkeen hausnarketa egiten da, laborategi horrek azken urteotan egindako ibilbidea abiapuntu hartuta. 

2026. urtearen hasieran, Arantzazulab-ek liburuari buruzko solasaldi ezberdinak antolatuko ditu hiru unibertsitateekin batera,  edukietan sakontzeko eta liburuko ikerketaren emaitzen berri emateko.   Liburuaren egileek -Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea-ko ikerlariek- ikerketa lanari jarraipena emango diote Arantzazulab-en iker-lerro berriekin, laborategiaren Ikerketa Elkargunean.   Liburua dagoeneko eskuragarri dago liburu dendetan eta Catarata argitaletxearen webgunean.