‘Berrikuntza Ekosistemak’ zer dira? Gurean errotutako abiapuntuko gogoeta bat, eta sakontzeko gonbita 

Kosorkuntza Ekosistemako Berrikuntza Ekosistema lantaldearen blog-posta

2025a urte aberatsa izan da Kosorkuntza Ekosistemako Berrikuntza Ekosistemak taldearentzat. Azken hilabeteetan, taldekideon artean gaiarekin lotutako ezagutza bildu dugu dokumentu batean, eta horretan sakontzen jarraitzeko hainbat galdera eta ildo zehaztu ditugu. Hausnarketa horren emaitza dokumentu bisual batean jaso dugu, eta helburu nagusia izan da gaiaren inguruan egin nahi dugun esplorazio kolektiboa plazaratzea. 

Dokumentua ez da gida itxia, ezta marko kontzeptual formal baten proposamena ere. Aitzitik, eraldaketarako berrikuntza ekosistemak diseinatzeko, sustatzeko eta gauzatzeko aukerei buruzko gogoeta ireki bat bideratzea du xede. Testua ikuspegi irekiz eta ikasteko jakin-minetik idatzi dugu. 

Dokumentuan honako atalak garatzen ditugu: sarrera; definizioa; printzipioak; abiapuntuko baldintzak; berrikuntza ekosistemen elementuak; eta hurrengo urratsak. 

Zer dira Berrikuntza Ekosistemak taldekideontzat? 

Hasierako proposamena horrela definitu dugu:

“Berrikuntza-ekosistema harremanetan eta esperimentazioan oinarritutako eragile-talde anitza da. Askotariko pertsonak, erakundeak eta espazioak biltzen ditu. Talde anitz horiek elkarlanean aritzen dira gizarte-erronkei erantzuteko, irtenbide berritzaileak diseinatuz, esperimentatuz eta sustatuz. Horretarako, azpiegitura irekiak, lankidetzazko gobernantza ereduak eta kultura demokratikoa sustatzen dituzte, ongizate komuna eta ikaskuntza partekatua erdigunean jarriz.” 

Definizioak hainbat ideia nagusi biltzen ditu: harreman sakonak, helburu sozialak, aniztasuna, berrikuntza eta eraldaketa. Abiapuntuko kontzeptualizazio horretatik abiatuta, testuan berrikuntza ekosistemak sustatzeko gidatzen gaituzten printzipioak eta kontuan hartu beharreko baldintzak azaltzen ditugu. Halaber, ekosistema horiek diseinatzeko eta abian jartzeko lagungarriak diren elementuak eta gogoeta-prozesuak elikatuko dituzten galderak proposatzen ditugu.

Gure inguruko eta nazioarteko erreferentziak 

Gogoeta hau ez dugu hutsetik abiatzen, ez bait da kontzeptu berria gurean. Hainbat ikerketa daude bai Euskal Herrian bai nazioartean. Nabarmentzekoak dira: 

  • Innobasqueren “Berrikuntza irekia eta berrikuntza ekosistemak txostena” 
  • Arantzazulab-ek Ezagutza Atarian partekatutako gida 
  • Nazioartean, Tatiana Fraser eta Rachel Sinharen lanak 
  • Eta, beste ikuspegi batetik, Mariana Mazzucatoren ikerketak. 

Horrez gain, Agirre Lehendakaria Center-eko taldeak Euskal Herriko berrikuntza ekosistemen ibilbide historikoa aztertzen duen lana aipagarria da. Testuan berariaz azpimarratzen dugu: berrikuntzaren arloan kontzeptu berriak sortzen direnean, ez direla ezeren hutsetik jaiotzen. Euskal Herrian, berrikuntza ekosistemen inguruko praktikak eta esperientziak gure tradizioan zein kulturan errotuta daude.  

2025eko lanketaren ondorioak eta 2026ari begira 

2025ean egindako lanari esker, taldean ikuspegi partekatu baten oinarriak ezartzen hasi gara. Kontzeptuak ulertzeko eremu komun bat marrazten ari gara, hizkuntza partekatua eraikiz eta elkarrengandik ikasteko borondatea indartuz. Abiatu dugun bide honek jarraipena izango du 2026an.

Gure inguruan berrikuntza ekosistemak diseinatzeko eta sustatzeko dagoen ezagutza jaso, konektatu eta partekatu nahi dugu. Ez dugu goitik beherako ikuspegia hartu nahi; aitzitik, espazio horiek bizikidetzatik, elkarlanetik eta borondate partekatuan sortzen direla ulertzen dugu. Horregatik, elkarlaneko espazioetara hurbiltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, bertan sortzen den ezagutza lehen eskutik jasotzeko. Gure inguruan ere hainbat eragile eta erakunde ari dira esparru hau lantzen; haien jakintza lotu, aberastu eta elkarrekin sortu nahi dugu. 

2026an dokumentu honen edukiak kontrastatu, aberastu eta osatuko ditugu. Horretarako, lau bide nagusi jorratuko ditugu: 

  1. Ko-sorkuntza ekosistemako beste talde eta eragileekin elkarrizketa irekiak; galderak partekatuz eta ezagutza kolektiboa elikatuz. 
  2. Gure inguruan abian dauden proiektuak, ikerketak eta praktikak identifikatu eta aztertzea; eraldaketarako berrikuntza ekosistemen funtzionamendua hobeto ulertzeko eta haien ezaugarriak jasotzeko. 
  3. Tokiko eragileekin elkarrizketak egingo ditugu dokumentuko abiapuntuko ideiak kontrastatzeko eta aberasteko, baita galdera berriak sortzeko ere. 
  4. Nazioarteko begiradekin gure gogoeta aberastu. 

Dokumentua hemen deskargatu dezakezue. Eta solasaldietan parte hartu nahi baduzue, jar zaitezte gurekin harremanetan!