Demokraziaren Berrikuntza jardunaldiak: Irekiera jardunaldiko kronika

Asteazken arratsaldean, giro ekaiztsuan abiatu dira Arantzazulab-ek antolatutako Demokraziaren Berrikuntza jardunaldiak, Bilboko Euskalduna jauregian. Lehen edizioa izan da aurtengoa, “Berrikuntza eta diseinua demokrazia indartzeko” lemapean.  

Lehen saioari puntua eman diote Ion Muñoa, (Komunikazio eta gizarte berrikuntzako idazkari nagusia, Lehendakaritza, Eusko Jaurlaritza) eta Naiara Goia Arantzazulab-eko Zuzendari nagusiak. Ion Muñoak kultura demokratikoa indartzeko premia azpimarratu du,  herri gisa aurrera egitea eta demokraziaren garapenaren arteko harremana agerian jartzeko. Bere aldetik, Naiara Goiak Arantzazulab-en lau urteko ibilbidea ekarri du gogora, eta ezagutza sortzeko teoria eta praktika  uztartzen dituela nabarmendu du. 

Segidan, nazioarteko adituen ekarpena egon da. Canberra-ko Unibertsitateko Nicole Curatok bizi ditugun garai tekno-feudaletan kokatu du demokrazia deliberatiboa sustatzeko erronka, eta elkarrizketa politikorako espazioak aldarrikatu ditu, gehiengo globalaren ikuspegia galdu gabe.

Gerora, Londreseko Arte Unibertsitateko Lucy Kimbellek demokrazia berritzeko diseinuak duen potentzialaren inguruan ardaztu du bere hitzartzea:diseinuak denaren eta izan litekeenaren arteko bitartekaritza egiten lagun dezake, eta hori bereziki garrantzitsua da erronka demokratikoetarako. 

Arratsaldeko saioari amaiera emateko, solasaldian aritu dira Jayne Engle (Dark Matter Labs), Xabier Barandiaran (Deustuko Unibertsitatea) eta Miren Larrea (Orkestra), Ione Ardaiz Arantzazulab-eko Demokraziaren Berrikuntzarako proiektu arduradunaren gidaritzapean. Xabier Barandiaranek bi erronka nagusi mahaigaineratu ditu: komunitate politikoa ahalduntzea eta konplexutasunari aurre egiteko interakzio sistema berriak egituratzea. Bestalde, Miren Larreak Arantzazulab-ek erabiltzen duen praxian oinarritutako metodologia ireki eta dinamikoa  jarri du balioan. Azkenik, Jane Englek  nazioarteko begiradatik Arantzazulab-en ekarpena azpimarratu du, ekosistema desberdinen artean sustatzen dituen loturak eta adimen kolektiboa garatzen egiten duen lanetik. 

Lehen eguna gaian sakontzeko gogoz amaitu dute eguna partehartzaileek, jardunaldia hasi baino eguraldi lasaiagoan. Hurrengo bi  egunetan izango dute horretarako aukera, hain zuzen ere. 

Urriak 10 osteguneko saioan, Arantzazun, Demokrazioaren berrikuntza eta teknologia digitalak uztartuko dituzte jardunaldiek, bien arteko elkarrekintza aztertzeko. Era berean, lankidetzazko gobernantzan sakontzeko ikerketaz eta demokraziaren berrikuntzarako ko-sorkuntzarako ekosistemak izango dira mintzagai.