Gipuzkoako Herritarren Batzarra abian da 32 gipuzkoarrekin

Arantzaulab_Gipu_Hasiera

Aitzindaria da deliberazio prozesua eta herritarrak politika publikoetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du  

Pasa den asteburuan abiatu zen Gipuzkoako Herritarren Batzarra. Hilabete askotako lanaren ostean mugarria izan zen egitasmoaren lehen eguna: zozketa zibikoz aukeratutako 32 gipuzkoarrak lehen aldiz bildu ziren ostiral arratsaldean eta larunbatean egun osoz Oronan, Hernanin, Gipuzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantzazulab-ek, eta Telesforo Monzon eLab-ek sustatuko prozesua da, eta deliberazio prozesu hauetan adituak diren nazioarteko erakundeen bidelaguntza izaten ari dira (ELGA eta Deliberativa). Urtebete baino gehiago egon dira eragileok prozesuaren diseinuan eta prestaketa lanetan, prozesu konplexua eta ondo zaindu beharrezko hari mutur askokoa delako, dituen inplikazioengatik, egiteko modu berriengatik, eta ondo diseinatu eta gauzatu beharreko atal ezberdinengatik. 

Deliberazio prozesu hau aitzindaria da, lehen aldia da horrelako prozesu bat martxan jartzen dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, lehen sektorearen etorkizunaren inguruan duen erronka bati buruz herritarren ahotsa jasotzea beharrezkoa ikusi du. Hain zuzen ere hau da herritarrek erantzun beharko duten galdera: “Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal jarduera klima larrialdiari aurre egiteko?’

Herritarrak zuzenean nekazal jardueraren etorkizuna eta klima-larrialdia barne biltzen dituen gaien inguruko elkarrizketan inplikatzea du helburu, eta erronka honen inguruko gomendioak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiari. Lehen saioaren irekiera Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantzako foru diputatuaren eskutik etorri zen, erakundearen konpromisoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat gobernantzaren berrikuntzan duen garrantzia balioan jarriz. Jarraian, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, Unai Pascual Telesforo Monzon elab-eko ordezkariak, eta Arantxa Mendiharat Deliberativa-ko kideak prozesuaren inguruko xehetasunak eta markoa azaldu zizkieten.  

Erakunde guztien ordezkariek herritarrei prozesu berri, zorrotz eta konplexu honetan parte hartzeko prestutasunagatik eskerrak emanez amaitu zuten. Saioan eta prozesu osoan zehar erraztaile lanetan Aztiker eta Artaziak erakundeak arituko dira. Amaitzeko, deliberazio prozesua ebaluatuko duten kanpo behatzaileek ere saio guztietan parte hartuko dute, EHU-ko Parte-Hartuz ikerketa taldeko kideak hain zuzen ere; deliberazio prozesua printzipio egokien arabera garatzen ari dela bermatzea da ebaluazioaren helburua, baita prozesuan inplikatutako eragileen zein herritarren bizipenaren neurketa egitea ere, eta azkenik Gipuzkoako Foru Aldundian izango duen eragina neurtuko dute.

Lehen asteburuaren helburua, herritar partaideak gaiaren inguruan kokatzea eta erronkaren inguruko ezagutzan sakontzea  izan zen, deliberazioan laguntzeko.  Hain zuzen ere, prozesu hauen ezaugarri bereizgarria da herritarrei informazioa ematea, deliberazioa kalitatezkoa izateko eta gomendioak adosteko irizpideak izateko. Gakoa da baita bermatzea herritarrek gaiaren inguruko ahalik eta ikuspegi zabalenak, informazio anitza eta neutrala jasotzea. Lehen saioan jorratutako eduki esparruak hauek izan dira: Lehen sektorearen egoera (nekazaritza, abeltzantza eta basogintza) eta horren ezaugarri teknikoak, ekonomikoak zein sozialak; sektoreak gizarteari ematen dizkion zerbitzuak; sektorearen erronkak eta zailtasunak; etorkizuneko agertoki potentzialak, eta horiek gizartean zein lurraldean eduki dezaketen inpaktuak; klima-aldaketaren kontrako arriskuak eta erantzukizunak; nekazariak eta basozainen esperientziak. Hauek izan dira parte hartu duten aditu eta arituak:

  • Mikel Azpiri, GFAko Nekazaritza eta abeltzantzako Sustapen eta Osasun zerbitzuburua
  • Ismael Mondragón, GFAko Basogintza Zerbitzuburua 
  • Aitor Onaindia, Basoa Fundazioa 
  • Leire Barañano, Neiker 
  • Arturo Elosegi, Ekologiako katedraduna Zientzia eta Teknologia Fakultatean, UPV/EHU 
  • Inma Iriondo, Artzaina, Urnieta 
  • Jokin Arrospide, Mahala Baserria, Leaburu
  • Nekane Amondarain, Baso-jabea eta Arotzgiko (Gipuzkoako Arotz Taldea) gerentea
  • Jone Maioz, baso-jabea, Gipuzkoako Baso Elkarteko zuzendaria 

Hizlariek erabilitako euskarriak eta beraien aurkezpenen bideoak egitasmoaren webgunean ikus daitezke.

Hurrengo saioa: Tabakalera, azaroak 25 – 26

Lau asteburuz bilduko dira herritarrak orain hasi eta urtarrila arte, 40 orduz deliberazio prozesu sakona izango da Hurrengo saioa Tabakaleran izango da, Donostian, azaroaren 25ean eta 26an.  Saio horretan proposatutako galderaren inguruan adituen eskutik informazioa jasotzen jarraituko dute.

Prozesuaren eskema

Herritarren Batzarraren garrantzia eta oihartzuna 

Arantzazulab-en ustetan, deliberazio egitasmo hau aitzindaria da gurean, eta erakunde publiko eta herritarren arteko harreman eredu berriekin esperimentatzeko aukera ematen du, herritarrak zuzenean inplikatzeko lurraldean estrategikoak diren erabaki publiko batzuetan.  Arantzazulab-ek demokrazia deliberatiboan sakontzeko mota honetako bi Herritarren Batzar ditu abian une honetan, bata Tolosan eta bestea hau, eta bi prozesuak oihartzun zabala izaten ari dira bai hemen zein nazioartean. Esparru honetako hainbat aditu zein Europako beste herrialdeetako eragileak bi Herritarren Batzarrak gertutik jarraitzen ari dira. Honek aukera ematen digu ikasketak partekatzeko, baita nazioarteko sareetan eremu honetan aitzindari bezala gure lurraldea kokatzeko  ere.