Iñigo Urkullu lehendakariak Arantzazulab eta bere estrategia babestu ditu laborategiari egindako bisitan

Arantzaulab_BisitaOfizialaJaurlaritza

Eusko Jaurlaritza Arantzazulab-en patronatuan kide iraunkor gisa gehitu da, eta inkorporazio horren berri emateko erakundeen arteko lankidetza proiektuak aurkezteko baliatu dute lehendakariaren bisita. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Arantzazulab, gobernantzaren berrikuntzan erreferentzia zentroa den gizarte berrikuntza laborategia, bisitatu du gaur arratsaldean. Bisitak Eusko Jaurlaritza Arantzazulab-eko Patronatuko kide berri gisa aurkeztea izan du helburu. Laborategiari emandako babesa islatzeaz gain, lehendakariak bertatik bertara ezagutu ditu Arantzazulab-ek abiatu dituen zenbait egitasmo eta laborategiaren egoitza, Arantzazuko Gandiaga Topagunean kokatua (Oñati) dagoena. 

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak egin dio harrera lehendakariari laborategiaren fundazioan patronatuko kide diren erakunde guztietako ordezkari gorenekin batera: Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Izaro Elorza, Oñatiko alkatea, Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia; Asier Aranbarri, Trantsizio sozialaren eta 2030 Agendaren idazkaritza orokorra – Berrikuntza sozialeko zuzendaria; Joxe Mari Arregi, Arantzazuko Frantziskotar Probintziako ministro probintziala; Zigor Ezpeleta, MONDRAGON Korporazioko gestio sozialeko zuzendaria; eta Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia. 

Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren eskutik, Iñigo Urkullu lehendakariak Gandiaga Topaguneko azpiegiturak zein espazio ezberdinak bisitatu ditu, eta laborategiko lantaldea ezagutu du. Era berean, Arantzazulab-en marko estrategikoa, programa eta egitekoak aurkeztu dizkio Naiara Goiak, eta hortaz, gertu-gertutik ezagutu du 2021ean sortutako laborategiak orain arte garatutako egitasmoak nahiz lortutako emaitzak.

Fundazioko patronatuko kide iraunkorra

“Arantzazu naturaren, kulturaren, artearen, ideien eta espirituaren arragoa da. Espazio aitzindaria izan da, ausarta eta berritzailea. Hemen, euskal sortzaileak elkartu ziren arte eta arkitektura proposamen aurrerakoiak egiteko. Hemen, 1968an euskara batua irudikatu, landu eta proposatu egin zen. Iragan horrek etorkizuna elikatzen du. Orain, hemen, etorkizunari begira, Arantzazulab-ek lankidetzarako, sorkuntzarako eta ideia berrientzako espazioa eskaintzen du. Orain, hemen, eraldaketarako proposamen eta lanabesak topatzen ditugu: berrikuntza soziala, gizartearen parte hartzea edo lankidetza publiko pribatua. Arantzazu-k aitzindaritzaren sena eta sorkuntzaren grina etengabe berritzen ditu. Eusko Jaurlaritza-k Arantzazulab-en parte hartuko du, erakundeen eta gizartearen arteko auzolana bultzatzeko eta parte izateko. Onena opa diot Arantzazu-ko espirituari, gaur eta bihar”, adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak. 

Honen harira aipatu behar da, Arantzazulab fundazioaren patronatuak, 2022ko ekainaren 15eko bileran, aho batez adostu zuela Eusko Jaurlaritza fundazioaren patronatuan sartzea. Hain justu, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusia; eta Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren Zuzendaria izan dira patronatuko kide izendatutako ordezkariak.

Hainbat hedabide batu dituen bisitak, “garrantzi handia” du Arantzazulab-en fundazioaren patronatuan Eusko Jaurlaritzaren inkorporazioa gizarteratu eta laborategiari gobernuak aurrerantzean ematen dion babesa islatzen direlako. Hori dela eta, Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak azpimarratu du “mugarria” dela lehendakariaren bisita, eta zera gaineratu du: “Eusko Jaurlaritzaren babesa gakoa da gure estrategian, eta berau Arantzazulab-en gobernantza egiturako kide iraunkor izateak berebiziko garrantzia du; Batetik, proiektuari sendotasuna ematen diolako, eta bestetik,  laborategiaren misioari zentzu handiagoa ematen diolako, euskal gizartean eragina areagotzeko aukera irekitzearekin batera”. Izan ere, Arantzazulab Gipuzkoan sortu eta kokatzen bada ere, Euskal Herri osoan lan egiteko bokazioa eta ikuspegia ditu. Gainera, dagoeneko lurralde ezberdinetako erakunde publiko, gizarte eragile, ezagutza eragile eta herritarrekin hainbat egitasmo abian ditu laborategiak. Ildo horretan, Arantzazulab-ek misio argi bat du: Lankidetzazko Gobernantzaren inguruan ezagutza garatzeko gure herriko gunerik garrantzitsuena izatea,  herrigintzaren, erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egongo dena.

Jaurlaritza_Arantzazulab Bilera01

“Babes honi esker Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzazko proiektu ezberdinak abiatzeko aukera dugu, baita gure programa aberasteko ere. Laborategi bezala sendoago egiten gaitu, zalantzarik gabe. Arantzazuren historian Eusko Jaurlaritzaren presentzia, babesa eta ekarpena garrantzitsuak izan dira beti, eta hala izaten jarraituko dute”, nabarmendu du Naiara Goiak. Arantzazulab  Gobernantzaren Berrikuntzan erreferentzia zentro (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan) eta gizarte berrikuntzan katalizatzaile da. Lankidetzazko Gobernantzan sakontzea eta berau hedatzea ditu helburu nagusi. Horretarako erakunde publiko  eta gizarte zibilaren arteko harreman eredu berrien inguruan hausnartzeko, ikertzeko, eta esperimentatzeko ardura du, besteren artean. Laborategiaren azken helburua da lankidetzarako kultura gizartean hedatzea, herritarren elkargune eta ikaste aktiboko topagune bihurtzea, eta herritarrek agenda publikoan duten inplikazioa eta parte-hartzea areagotzeko tresna berriak eta ezagutza eskaintzea. 

Ikerketarako, deliberaziorako, sorkuntzarako eta esperimentaziorako espazio berritzailea, eraldatzailea eta ausarta da Arantzazulab, askotariko eragileekin lan egiten duena, lankidetza eraginkorrak eta kontsentsu sozial zabalak bilatuz. Arantzazulab-en bultzatzen diren egitasmoak herritarren kezkekin eta erronkekin lotzeaz gain, erakunde publikoentzat zein gizarteko eragileentzat interesgarriak izatea bilatzen du laborategiak; alegia, laborategian garatzen den ezagutza, metodoak, tresnak edo egiteko moduak herrigintza prozesuekin lotzea, edota erakundeetan garatuko diren herri politikentzat interesgarria izatea da Arantzazulab-ek egin nahi duen ekarpena. Eta hori guztia, Arantzazuko balioei lotuta eta tradizioari eutsiz egiten du. Gainera, laborategiak Arantzazuko Santutegiko ondarea sustatzeko eta eraberritze prozesua bultzatzeko, dinamizatzeko, kudeatzeko eta koordinatzeko ardura du; eta esparru honetan ere Eusko Jaurlaritzaren babesa izatea garrantzitsua da. Halaber, Arantzazulab-ek egin dezakeen ekarpena erabat lerrokatzen da Eusko Jaurlaritzaren helburu ezberdinekin, eta bereziki, 2030 Agendari lotutako egitasmo estrategikoarekin.

2030 Agendaren markoan proiektua lankidetzan 

Bisita honen helburu nagusiarekin osagarri, Eusko Jaurlaritzak Arantzazulab-ekin eta EAE-ko beste hainbat eragile erreferenteekin abiatu duen egitasmo estrategikoa aurkezteko eta gizarteratzeko baliatu dute bi erakundeetako ordezkariek. Hain zuzen ere, 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) lokalizazio-prozesu estrategiko baten markoan, lankidetzazko proiektua abiatu du duela hilabete gutxi Arantzazulab-ek Lehendakaritzarekin. 

2022ko irailean ezagutzera eman zen bezala, Euskadik hartuko du Nazio Batuen Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza global eta iraunkorra. Erabaki horrek, halaber, 2030 Agendarekiko konpromisoaren arloan maila globalean lehentasunezkotzat jotzen den helburu bat indartuko du: Garapen Jasangarrirako Helburuen kokapena sustatzea. 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) lokalizazio-prozesu global horren lehentasuna da agenda planetako toki- eta eskualde-gobernu bakoitzean errotzea, gobernuen maila anitzeko koherentzia sustatuz, eta eragile anitzeko eta diziplina anitzeko lankidetza publiko-pribatua mobilizatuz, behetik gora eraginkortasunez ezartzeko.

Jaurlaritza_Arantzazulab Bilera02

Agenda 2030 lokal horren markoan proiektua sustatzeko talde eragile bat sortu du lehendakaritzak: Kutxa Fundazioa, Arantzazulab, BBK Kuna, Unesco Etxea, Vital Fundazioa , Alianza alavesa por los ODS, Deusto Cities Lab, eta Euskalit. 2030 agendak markatzen dituen helburuak erdiesteko gizartearen inplikazioa eta erantzukidetasuna areagotzea helburu estrategikoak dira, eta hori erabat lerrokatuta dago Arantzazulab-en egitekoarekin. Dagoeneko, talde eragilea lanean ari da, eta egitasmoa gorpuzteko proiektu berritzaileak abiatuko dituzte datozen hilabeteetan. “Egitasmo honen talde eragilean parte hartzea Arantzazulab-entzat aukera estrategikoa da, prozesu global horren markoan ekarpena egiteko aukera ematen diolako, nazioarteko proiekzioarekin batera”, adierazi du Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak.