Tolosako Herritarren Batzarreko kideek gomendioak aurkeztu dizkiete Tolosako Udaleko ordezkariei

Arantzazulab_Tolosa_Herritar-Proposamenak

Tolosako Herritarren Batzarra demokrazia deliberatiboa eta lankidetzazko gobernantza praktikara eramateko ariketa izan da. Lehen aldiz gurean martxan jarri den prozesu berritzailea, herritarrak politika publikoetan modu esanguratsuan inplikatzea ahalbidetzen duena. OCDEk zehaztutako praktika onen printzipioak oinarri hartuta, erakunde horretako bidelaguntza izan zuten Tolosako Udalak eta Arantzazulab-ek egitasmoa abian jartzeko 2021eko abenduan. 2022 urtearen hasieran prozesuaren diseinuan murgilduta egon zen talde sustatzailea. Horren ostean, 2022ko iraila eta urria bitartean ausaz edo zozketa zibiko bidez aukeratu ziren Tolosako 32 herritar, zeintzuk tokiko aniztasuna ordezkatzen duten adina, generoa, hezkuntza-maila eta bizitokia kontuan hartuta.  

Aukeratutako 32 herritarrek 40 orduko deliberazio-prozesuan parte hartu dute. Urria eta abendua bitartean bost larunbatetan elkartu dira Tolosako Udalak  proposatutako galderari gomendioak egiteko: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko? 

Lehenengo saioetan, batzarkideek aditu eta arituen aurkezpenak entzun dituzte, ongizate zein osasun emozionalean eta lankidetza publiko-komunitarioan informazioa jasotze aldera. Ondoren, herriko erronkei erantzunak bilatzeko, deliberatu egin dute, eta azkenik, galderari erantzuteko gomendio-kolektiboak idatzi dituzte. 

Batzarkideek 14 gomendio hauek aurkeztu dizkiote Tolosako Udalari:  

A_Arkitektura inklusiboa 

B_Tolosarren ongizate emozionalaren egoera ezagutzen 

C_Denok dugu boluntario bat barruan 

D_Ongizate emozionalerako laborategia: Labea edo baratza kolektiboa 

E_Herritarren beharrak herriko zerbitzuekin asetzeko informazio gunea 

F_Etxegazte 

G_Arrakala digitala gainditzen 

H_Nerabeak, LGTBIQ+, suizidioa: arreta, hezkuntza eta esku-hartzeko programa 

I_Existitzen diren asoziazioetan boluntariotza garaikidea esperimentatzea: tutoretza, bitartekaritza, bidelaguntza zerbitzua 

J_Ontzi komunikatzaileak. Harremanak eta sareak sortzen dituzten ekimenak (adinik gabe) 

K_Espazioa eta aisia, gazteak (13/18) 

L_Gazteak eta elkarte gastronomikoak 

M_Gune berdeak 

N_Konfiantza instituzioanala: parte hartzeko dinamika iraunkorrak  

Horietako bakoitzaren babes-maila bozkatu da, eta guztiak partaideen %80 baino gehiagok babestu dituzte. Garatutako gomendio horiez gain, prozesuan zehar sortu diren beste hainbat ideia jaso dira hazien txokoa deitu dioten atalean eta udalari aurkeztutako txostenean gehitu dira.  

Gomendioak azaltzeko, batzarkideek horietako bakoitzean hauek zehaztu dituzte: deskripzioa-zertan datza egindako proposamena; justifikazioa-zergatik proposatu da; nori zuzenduta dago; inplikatutako eragileak. Egitasmoaren web-orrian eskuratu daiteke informazio guztia jasotzen duen dokumentua.

Egindako lanketa idatziz aurkezteaz gain, abenduaren 17ko saioan Tolosako udaleko ordezkariei bizitako esperientzia eta gomendioak azaldu zizkieten batzarkideek – Tolosako alkateaz gain, udala osatzen duten alderdi politikoetako ordezkari bana gerturatu ziren Tolosako Herritarren Batzarra garatu den Lanbide Heziketako zentrora. Herritar taldearen izenean 8 pertsonek hartu zuten hitza eta hurrenez hurren azalpen ezberdinak partekatu zituzten: Herritarren Batzarrean parte hartzea zergatik erabaki zuten, deliberazio-saioetan jarraitutako prozesua, definitutako gomendioak, gomendioei jarraipena egiteko eskaera eta bakoitzarentzat deliberazioan parte hartzeak izandako eragin positiboa:

“Prozesu honek lagundu dit kolektiboaren beharretan pentsatzen, besteen beharretan pentsatzen, eta ez bakarrik nire behar indibidualetan”.

“Orain dela urte asko iritsi nintzen Tolosara, eta hau izan da zerbaiten parte sentitu naizen lehen aldia”

Batzarra deitzean hartutako konpromisoari helduz, Tolosako Udalak gomendio bakoitzari erantzuna prestatuko du 2023. urtearen hasieran eta hori aurkezteko ekitaldia publikoa egingo du martxoaren 11an udaleko pleno aretoan. Saio horretan jasotako gomendio guztiei erantzuna emango die Tolosako udala: batetik,  banan-banan azalduko dute udal ordezkariek zein gomendio inplementatuko diren eta nola egingo duten; eta bestetik, zeintzuk ez diren aurrera aterako eta zergatia. 

Datozen asteetan egitasmoaren ibilbidea kontatzen duen bideoa publikatuko dugu, eta bertan ikusi ahalko dira partaideen testigantzak, talde sustatzailearen  ikasketak eta balorazioa, prozesuaren inplementazioan eta fazilitazioan lan egin dutenen ahotsak. Ikus-entzunezko horrek aukera emango du esperientziaren xehetasunak eta barnetik bizitakoak ezagutzeko. Joango gara horren berri ematen!