Ko-sorkuntza esperimentuen lehiaketa aurkeztu dute euskal ekosistemaren 2. lansaioan

Arantzazulab_Kosorkuntza_Iraila

Euskal Herriko eragile asko bildu ditu Ko-sorkuntza ekosistemaren hitzordu berriak. Gaurkoak jarraipena eman dio uztailean euskal ko-sorkuntza ekosistema aktibatzeko xedez egin zen lansaioari. Bigarren bilera honek, aurrenekoak bezalaxe, elkarlana izan du oinarri, eta Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak bultzatzen dituen gizarte berrikuntzaren ikuspegiak ardatz hartuta (lankidetzazko gobernantza, herrigintza eta garapen komunitarioa), lehendik zehaztutako ko-sorkuntza elementuen ezagutzan sakondu dute.

Oraingo honetan ere, ko-sorkuntzan eskarmentua duten profesional anitzak batu eta Euskal Herriko lurralde guztietako zein erpin ezberdinetatik lanean ari diren eragileak (gizarte berrikuntza, diseinua eta enpresagintza, adibidez) elkartu ditu jardunaldiak. Lansaioan 11 euskal erakunde izan dira parte-hartzen, eta horietatik bi lehen aldiz: Medialab Tabakalera eta Ibatuz. Horiekin batera, ondorengo hauek osatu dute partaideen zerrenda: Agirre Lehendakaria Center, Artelan, Colaborabora, Elhuyar, Emun, Farapi, Maraka eta Arantzazulab.

Lansaioaren aurkezpenaren ondotik, La 27e Région erakundeko Stéphane Vincent kidearen inspirazio aurkezpena izan da. Bideokonferentziaz egindako agerraldian beraien ko-sorkuntza ikuspegia zein den azaldu eta zenbait adibide partekatu dituzte. “Orain, Frantziako ko-sorkuntza esperientzia eta Social R&D-aren inguruko hausnarketak ezagutzeko aukera izan dugu, eta aurreko aldian, The Australian Centre for Social Innovation -TACSI- erakundeko lagunena. Guretzat funtsezkoa da nazioartean dagoen ezagutzarekin konektatzea eta inspirazio iturri horietatik ikastea”, adierazi du Ione Ardaizek, Arantzazulab-eko gizarte berrikuntza proiektuen arduradunak.

Deialdia

La 27e Région-ren aurkezpena entzunda, hitzorduak eragileen arteko dinamikarekin jarraitu du. Ariketa horren baitan, ko-sorkuntza ekosistemako elementuen inguruko eztabaida aberasgarria izan dute uztailean adostutako edukiak aintzat hartuta. Jardunaldiari bukaera eman aurretik, Ione Ardaiz-ek ko-sorkuntza esperimentuen lehiaketa aurkeztu du. Interesa duen orori gonbidapena luzatzeaz gain, deialdiaren ingurukoak ere azaldu dizkie bertaratutakoei, hala nola, lehiaketaren xedea, betebeharrak, irizpideak edota proposamenak aurkezteko epea. Lehiaketa honen bidez ezagutza berria eta egiteko modu berriak ko-sortzea bultzatu nahi da, eragile ezberdinen artean esperimentu ausartak sustatuz. Deialdira aurkezten diren proiektuek ko-sorkuntza ekosistemaren azken helburura iristea dute xede: herritarrak, eragile sareak eta erakunde publikoak agenda publikoa ko-sortzea.

Lehiaketa 2021eko urriaren 4an irekiko da, eta proposamenak aurkezteko epea 2021eko azaroaren 8an amaituko da, eguerdiko 12:00etan. Aukeratutakoak 2021eko abenduaren 3an jakinarazi eta argitaratuko dira. Egitasmoaren xehetasunak azaldu ostean, Ko-sorkuntza ekosistemaren bigarren lansaioari amaiera eman diote hurrengo urratsak zein diren azalduz eta gonbitea luzatuz 2022. urtearen hasieran egingo den jardunaldian parte-hartzeko.