Ko-sorkuntza Ekosistema aktibatzeko lansaioa esparru horretan eskarmentua duten euskal eragileekin

arantzazulab_Kosorkuntza_Ekosistema

Euskal Herriko askotariko eragileak batu ditu uztailaren 20an, asteartea, Arantzazulab-en egin dugun lansaioan ko-sorkuntza ekosistema aktibatzeko xedez. Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak bultzatzen duen gizarte berrikuntzaren ikuspegiak ardatz hartuta (lankidetzazko gobernantza, herrigintza eta garapen komunitarioa), bi izan dira jardunaldiaren helburuak. Batetik, ko-sorkuntza ekosistema ekimenari hasiera ematea, eta elkarrizketen fasean jasotako edukien kontrastatea egitea; bestetik, ezagutza berria sortzeko lehen esperimentuen hasiera puntua eztabaidatzea eragileen artean dauden zein izan daitezkeen sinergiak baliatuta.

Ko-sorkuntza ekosistemaren aktibazioa hastapenetan dagoen honetan, garrantzi handikoa izan da esparru horretan eskarmentua duten profesional anitzak biltzea eta Euskal Herriko lurralde guztietako nahiz erpin ezberdinetatik lanean ari diren eragileak (gizarte berrikuntza, diseinua eta enpresagintza, adibidez) batzea. Jardunaldiak 13 erakunde hauek bildu ditu: Agirre Lehendakaria Center, Apitropik, Artelan, Colaborabora, DOT, Elhuyar, Emun, Farapi, Maraka, Tipi, Impact Hub Donostia eta Arantzazulab.

Saioaren aurkezpen orokorra eta bertaratutako 20 partaideak elkar ezagutzeko dinamika egin ostean, egunari hasiera eman diogu The Australian Centre for Social Innovation -TACSI- erakundearen ko-sorkuntza prozesuen inguruko inspirazio aurkezpenarekin. “Australiatik gure ekitaldira zuzenean konektatu dira Chris Vanstone eta Alazne Alberdi TACSI-k ko-sorkuntzaren inguruan garatu dituzten ikuspegiak eta jorratu dituzten ekimenak partekatzeko. Horretaz gain, Social R&D delakoaz ere mintzatu dira eta kontzeptua ko-sorkuntza ekosistemarekin konektatzeko aukerez jardun gara”, azpimarratu du Ione Ardaizek, Arantzazulab-eko gizarte berrikuntza proiektuen arduradunak.

Esperimentuen esplorazioa

Halaber, goizaren amaieran eragileekin elkarrizketen fasean jasotako edukiak aberasteko eta kontrastatzeko aukera izan dute ekosistemaren ikuspegia ko-sortzen jarraitzeko. Jarraian, talde txikietan banatuta, partaideek ekimenak elkarren artean partekatu dituzte eta baita beraien arteko konexioak identifikatu ere. Arratsaldean, aldiz, eragileek aldez aurretik identifikatutako erronketatik eta galderetatik abiatuta, Arantzazulab-en markoren baitan elkarlanean garatzeko esperimentuen espazioen hausnarketa egin dute. Gauzak honela, ko-sorkuntza ekosistemari hasiera eman zaio eta elkarlanean ezagutza berria sortzeko esperimentuak esploratzen hasi dira. Hurrengo hitzordua irailaren bukaeran egitea aurreikusten da.