Ikerketa Elkargunea
Ikerketa kolaborazioan egiteko espazio berritzailea lurraldeko hiru unibertsitateekin. Unibertsitate bakoitzaren banakako ikerketaren emaitzak batzera mugatu beharrean, Arantzazulab-ek balio erantsia eskaintzen du: batetik, lankidetzazko hausnarketa eta ikerketa gune hau unibertsitate ezberdinekin batera diseinatu, aktibatu eta kudeatzen dugu; bestetik, gure esparruan oinarrizko ikerketa aurreratua sustatzen dugu, ikerketa proiektu kolektiboak garatzen dira, beti ere unibertsitateen arteko lankidetzan.
Elkargunearen izaerari lotuta, beste espazio eta foroetan gertatzen ez ziren hausnarketak egitea eta ideia berriak sustatzea bilatzen da era berean topagune honetan; jakintza arlo ezberdinetako ikertzaileak batuko dituen espazioa eraiki nahi da. Hauek dira espazio honetan parte hartzen duten unibertsitate nagusiak: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea. Hasieran lehenetsitako Ikerketa esparruak dira: Demokrazia eta Lankidetzazko Gobernantza (Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua).
Lankidetzazko gobernantza: Oinarrizko Ikerketa
Lankidetzazko gobernantzari buruzko marko kontzeptual eta teorikoa biltzea eta eztabaidatzea da ikerketa proiektu honen helburua. Gipuzkoan azken urteetan “lankidetzazko gobernantzaz” idatzi dena errebisatu eta literatura orokorrarekin alderatzea,
oinarrizko dokumentu bat sortzeko eztabaidaren bitartez. Lanketa dokumentala egin da batetik (Gipuzkoan ekoitzitakoaren azterketa, literatura akademikoaren errebisioa), eta Ikerketa mintegiak garatzen ditugu.
Demokraziari buruzko ikerketa
2022. urtean Ikerketa Elkarguneak hiru ikerketa lerro ezberdindu ditu. Ikerketaren lehen lerroak arreta ipini die demokraziaren inguruko eztabaida nagusiei, demokraziaren sasoia, kalitatea eta babes soziala zein den jakite aldera. Demokraziaren funtzionamenduan eta errendimenduan zeintzuk ahultasun eta hobetzeko aukera dauden ulertzeak aukera eman digu legitimazioaren eztabaida argitzeko eta zein auzi berri irekitzen ari diren jabetzeko. Beste bi ikerketa lerroek gurean ipini dute arreta. Bigarren ikerketa lerroaren helburu orokorra izan da gurean demokraziari buruz zein ikuspegi dauden identifikatu, ulertu eta interpretatzea.
Horretarako lurraldeko ikuspegi ezberdinen jasoketa esploratorioa lehenetsi dugu. Ikerketa-lerroak aukera eman digu demokraziaz ari garenean zein kontzepzio ditugun azaleratu, eta kontzepzio horien arteko antzekotasunak, dibergentziak eta sakoneko etenak antzemateko. Hirugarren ikerketa-lerroa demokraziari buruzko galdetegi orokorra izan da: galdetegia diseinatu, eta herritarrek demokraziari buruz zer pentsatzen duten eta ze balorazio egiten dituzten ezagutzeko aukera izan dugu; galdetegia, neurri batean, estandarra izan denez, emaitzek ikerketa konparatua egiteko aukera ematen digu, eta gure lurraldea Mendebaldeko beste herrialde eta eskualdeekin alderatzekoa ere bai, beraz.
Proiektuak/ekimenak:
Ezagutza dokumentuak:
Ikerketa erresidentziak eta Fellowship programa
Arantzazulab-en esparruan adituak diren nazioarteko ikerlariak eta profesionalak erakarri nahi ditugu gurera, ezagutza berria garatzen laguntzeko. Horretarako bi programa berezi eskaintzen ditugu: Ikerketa Erresidentziak eta Fellowship programa; bertako eta nazioarteko ikerlariek egonaldiak eta ikerketak hemen burutzea, haien jakintza gurean txertatzea eta laborategia munduko profesionalen sarearekin konektatzea dute helburu.
Proiektuak/ekimenak:
Arantzazuk gainera hausnarketarako toki paregabea eskaintzen du, bake-energia bat du eta naturaren-handitasunean kokatzen den espazio bat aurkituko duzu. Honek guztiak ikerketa eta gogoeta emankorrak bideratzeko toki ezin hobea bihurtu du. Informazio gehiago jaso nahi baduzu, galdetu!