Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendariaren sarrerako hitzak Miren Larrearen “Herri politiken eraldaketa errazteko artea” liburuaren aurkezpen ekitaldian
Iritzi-artikulua: Naiara Goia, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia
Miren Larrearen “Herri politiken eraldaketa errazteko artea” liburu aurkezpenean esandakoak hona ekarri nahi ditut. Izan ere, aurreko ostiralean izan zen liburuaren aurkezpena, aspalditik zain ginen eguna, egun berezia, eta oso pozgarria guretzat. Mirenen liburu eder honek eskatzen duen aurkezpen ekitaldia girotzen eta goxatzen lagundu digu Pello Ramirez musikariak, txelo-jolea, akordeoi-jolea, eta konposatzailea dena. Arestian aipatu bezala, nire hitzartzea hemen partekatu nahi izan dut ekitaldian egin bezala; Arantzazulab-en ordezkari bezala baino, Naiara bezala egingo dut, Mirenekin lotzen nauen urteetako harreman profesional baina baita pertsonalak ere modu honetan naturalago egingo duelako. Eta baita liburuari buruzko nire iritzia emango dudalako.
Oraindik gogoan dut, duela bi urte Donostian Aldundian bilera batean ginela kafe-atseden batean nola esan zenidan liburu bat idatzi nahi zenuela eta Arantzazulab-en Ikerketa egonaldi bat egitea posible ikusten nuen galdetu zenidan. Segituan esan nizun baietz noski.
Liburuak (orduan liburuaren ideiak), Arantzazulab-en egitekoarekin lotura zuzena du. Izan ere, herri politiken baitan ekintza ikerketaren bidez erraztutako lankidetzazko gobernantza prozesuetan hainbat urtetan garatutako ezagutza eta Mirenen esperientziaren ikasketak jasotzen ditu. Eta liburu honek ekarpen bat egin dio bere horretan Arantzazulab-en lanari.


Iazko urte hasieran etorri zen Miren, eta gauza asko pasa dira urte t’erdian, zentzu ezberdinetan; eta Miren hemen idazketa lanean egoteak elkarrekin bizitzeko, ikasteko eta gauza asko partekatzeko aukera ederra eman digu. Leku honek eta hemengo bake-energiak hausnarketan, gogoetan, lanean, gauza asko eta interesgarriak egiteko aukera eman digu batetik; eta bestetik, elkarrekiko harremanean sakontzeko opari ederra egin digu. Urte bete pasatxoko bidaia polita izan da guztiontzat, hala sentitzen dut nik.
Zerrenda luzea zatekeen baina, egonaldi honek eman dituen 3 gauza nabarmendu nahi ditut, Mirenen liburuaren idazketarekin batera gertatu direnak:
- Aspaldiko urteetan espazio ezberdinetan elkarrekin lanean aritu izan gara, nagusiki Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren markoan. Liburua idazteko Ikerketa egonaldi honek ordea, bi erakundeen, Orkestra eta Arantzazulab-en, arteko lankidetza hitzarmen bati bide eman dio. Mirenen liburua abiapuntuan hartuta, elkarrekin prozesu bat abiatu dugu: “Gobernantza eta Generoa”, ardatzean izango dituen elkarrizketa eta hausnarketa topagune bat abiatzea erabaki dugu, herri politiken markoan lankidetzazko gobernantza prozesuetan generoak duen garrantzia agerian jartzeko, eta horren inguruko hausnarketan zein ikasketetan sakontzeko. Horri lotuta, Mirenen liburuak hausnarketa eta eztabaida irekitzeko abiapuntuko lanketa ukigarri eta sendo bat proposatzen du.
Hain zuzen ere , liburuan Mirenek ondo esplizitatu duen zerbait da hori, bere bizipenetik abiatuta garbi azaleratu da generoaren eragina, metodologietan, lana egiteko moduetan eta harreman sareen eraikuntzan, lidergo moduetan, eta batez ere lankidetzazko gobernantzako prozesuok erraztean.
Horretan sakondu nahi dugu, mintegi ziklo batekin publiko zabalagoa elkarrizketara gonbidatuz, eta gure arteko barne hausnarketan sakonduz.
Hauxe izan da Mirenen egonaldiaren lehen emaitza bat.

- Bigarren emaitza bat aipatu gabe ezin dut utzi: Mirenek egonaldian zehar Arantzazulab-i gure metodologiaren garapenean lagundu digu, ekintza ikertzaile bezala prozesua erraztuz eta bere ezagutza ekarriz. Mirenen laguntza gakoa izan da Arantzazulaben metodologia propioa sortzeko – Demokraziaren Berrikuntzarako Diseinua izena eman dioguna. Honen helburua da gure lan egiteko modua, prozesu ezberdinetan jarraitzen ditugun urratsak eta printzipioak (oinarri filosofikoak) deskribatzea eta jasotzea. Alegia, nola lan egiten dugun eta zergatik egiten dugun horrela jasotzea, honek gure lanari kontsistentzia eta koherentzia emango diolakoan, eta baita hobeto azaltzen lagunduko digulakoan ere.
Hona hemen Mirenek Arantzazulab-en egin duen egonaldiaren bigarren emaitza.

- Eta hirugarren, eta egonaldi honen emaitzarik garrantzitsuena liburu hau izan da, zalantzarik gabe:
Herri politiken baitan ekintza ikerketaren bidez erraztutako lankidetzazko gobernantza prozesuetan hainbat urtetan garatutako ezagutza eta Mirenen esperientziaren ikasketak jasotzen dituen ekarpen zorrotza, sakona eta aberatsa da eskuartean dugun liburu hau. Miren Larreak liburu honetan herri politiken eraldaketaren inguruko ikuspegiak eta bere esperientzia uztartzen ditu maisutasunez, jakituria oparoa darion koherentziaz eta ausardia handiko aldarria plazaratzen du.
Izan ere, jende askok esaten digu ZER egin behar dugun, erronkak zein diren, erakundeetan, gizartean; oso gutxik azaltzen digu NOLA egin behar diegun aurre erronka horiei; eta Miren haratago joan da ordea: NOLA horietan duen esperientzia eta jakintzatik posizionatu da, deserosoak eta ohikoak ez diren elementuak mahai gainean jarri eta lehen pertsonan hitz eginda (femenino/maskulino kontzeptuak, emozioak, ….) . Hau benetan hurrengo urratsa da – besteren artean emozioak eta sinesmen sistemak eraldaketaren esfera praktikora eraman eta prozesuaren parte egin dituelako, eta narratiba zorrotza, ausarta eta sakona sortu du. “Biluzte” bat bada hein batean, beretik kontatu digulako Mirenek, sentsibilitate handiz gainera. Eta oreka oso interesgarria lortu du: gaitasun eta sakontasun intelektual handiko hausnarketa lana da batetik; eta bestetik hausnarketa sakon hori, abstrakzioa lurreratzeko esperientzia konkretuekin eta eskuz egindako marrazkiekin konbinatu du- harritu nau marrazkiekin zenbat adierazi duen!
Edukietara joanda, Mirenek, liburu honetan lankidetzazko gobernantzako prozesuetan ekintza ikerketan eragin duten pentsamolde dikotomikoen marko bat planteatzen du, gutako askok ezkutuan izan dezakegun sakoneko sinesmen sistema aurkeztuz eta hainbat konklusio azaleratzen ditu, errazte prozesuak eraldatzaileagoak izateko.


Nagusiki herri politiken eremuan garaiko erronka konplexuei aterabidea bilatzeko eragile ezberdinekin lankidetzazko gobernantza prozesuen fazilitazioan jartzen du fokoa; eta ekintza-ikerketan oinarritutako errazte prozesuen inguruan ikasketa ezberdinak mahaigaineratzen: erraztaileen eraldaketarako-aktore izaeraren aldarrikapena, izaera emergentea duten prozesu hauetan jakintza mota ezberdinen ekarpena eta haien aitortza, prozesu hauen eraginkortasuna eta demokratizazio beharraren arteko nahitaezko oreka, prozesuotan gertatu beharreko boterea eta amodioaren arteko tentsio eraikitzailea, edo kontrajarriak egon behar ez luketen arrazoiaren eta emozioen dimentsioa, eta abar. Bere konklusioetan, herri politiken eremuan lankidetzazko gobernantzako prozesu hauek ezaugarritu ditzaketen 10 dikotomia planteatzen ditu (ikuspegi metodologikoa eta fazilitazioaren prismatik), zeinetan generoaren perspektibak indar handia hartzen duen. Miren Larrearen ustetan, prozesu hauek aurrera eramateko badira jokabide edo ezaugarri batzuk ikuspegi “femeninoa”goarekin lotzen ditugunak , tradizioz barneratuagoak diren balio sistema “maskulinoa”goekin aldez-alde jartzen dituenak (azken hauek errekonozituagoak eta gizartean zein prozesu hauek gertatzen diren espazioan aitortza handigoa dutenak diren). Edonola ere, alde bietako elementuen osagarritasuna erreibindikatzen du, edozein eraldaketa prozesu inpaktuzkoa izatea nahi bada.
Eta amaitzeko errebindikazio ariketa bat ere bada nire ustez liburu hau, maitasunez egina, baina indar eta botere handiko errebindikazioa. Herri politiken esparruan lankidetzazko gobernantza prozesuetan edo ko-sorkuntza prozesuetan lanean ari den orok irakurri beharreko jakintza handiko ekarpena da zalantzarik gabe, ez ohikoa den perspektiba bat ekartzen duelako, edukian eta forman. Eta bere horretan eraldaketarako lankidetzazko prozesuak sustatzen gabiltzan guztiontzat ekarpen bat da. Zorionak Miren.

Eta liburuko pasarte batekin amaituko dut nire sarrera hau:
“Erraztea eraldatzailea izan dadin, aurreko kapituluan azaldutako hamar pentsamolde dikotomikoak gainditzen lagundu behar du. Horretarako, gogoan hartu behar dugu pentsamolde dikotomikoak esfera praktikoko jarrera eta portaeretan azaleratzen direla, baina sustrai sakonak dituztela esfera pertsonal eta politikoetan. Ondorioz, pentsamolde dikotomikoak gainditzen lagundu nahi duen erraztaileak -nire kasuan ekintza-ikertzaile erraztaileak- esfera pertsonal, praktiko eta politikoa uztartu behar ditu.”
Aldarri txiki honekin, Miren, zorionak berriz.
Naiara Goia Imaz.