2.000 ikusle bildu ditu ‘Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat’ dokumentalaren aurreneko emanaldi-birak

Arantzazulab-ek sustatutako lanak Arantzazuko ekarpen soziala, kulturala eta espirituala ezagutzera eman du hamaika zinema-aretotan, besteak beste, Donostian, Bilbon edota Gasteizen. Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Filmotekaren Madrilgo Dore zineman ere ikusgai izan da.

ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian aurre-estreinatu zenetik, ibilbide ederra bizi izan du Arantzazuko ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa intimoa jaso duen dokumentalak. Izan ere, 2.000 ikusle bildu ditu ikus-entzunezkoaren aurreneko emanaldi-birak. Iragan azaroko ZINEBI eta Arantzazuko Gandiaga Topaguneko aurkezpen instituzionalaren ondotik, Durango Azokan izan zen joan den urteko azken emanaldia. 2024an hamaika zinema-aretotan eskaini izan da, hala nola, ondorengo udalerrietan: Gasteiz, Arrasate, Oiartzun, Soraluze, Elduain, Aretxabaleta, Zumarraga, Oñati, Lazkao, Donostia eta Villabona.

Ikusleek bikain erantzun dute, eta bere ibilian harrera goxoa egin diote Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioak sustatutako lanari. Pello Sarasuak zuzendua, Arteman Komunikazio Agentziak ekoitzi du, eta EITB zein Berria komunikazio taldeen babesa eta bultzada ditu. Zintak Arantzazuko ondarea sustatzea eta ezagutzera ematea ditu helburu. Gizarteratze prozesu horretan, Euskal Herrian ez ezik, Madrilen ere eskaini da dokumentala, hain justu, Espainiako Filmoteka erakundearen Dore zineman. Era berean, udalerri askotan proiekzioarekin batera solasaldiak ere antolatu dira ikus-entzunezko lanarekin lotura zuzena duten hainbat pertsonekin, esate baterako: Pello Sarasua, Arantzazuko frantziskotarrak, dokumentalean parte hartzen duten pertsonak edota Arantzazulab zein Artemaneko kideak.

Emanaldi-biraren baitan hainbat une berezi bizi izan dira: batetik, zenbait udalerritan Arantzazuko Frantziskotarren Anaidiak duen esangurarengatik; bestetik, hitzorduaren formatuarengatik. Honen isla da Oñatiko herri-ekitaldia, Eñaut Elorrietak musikatu duena Bitoriano Gandiagaren olerkiak ere txertatuta. Halaber, hezkuntza zentroen interesa ikusita, emanaldia eskaini da Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoko (IDARTE) ikasleentzat Gasteizko Vital Fundazioaren Kulturunean -Dendaraba-. Bestalde, uda eta gero emanaldi gehiago iritsiko dira, esate baterako, Mendaron (urriak 6). Hurrengo proiekzioak non diren eta dokumentalaren informazioa osoa (ikusleen ekarpenak, hedabideen berriak, artikuluak eta abar) www.arantzazudokumentala.eus atari digitalean topa daiteke. Bestalde, dokumentalaren kontratazioa egiteko aukera irekia dago, eta udal eta kultur elkarte baten kide bazara, dokumentala zure herrira eramateko aukera duzu. Informazio gehiago kontratazioa@arteman.eus helbidean.


Inoiz jaso gabeko ondare immateriala

Fraide frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate Arantzazun, Andra Mariaren irudia aurkitu zenetik. Beraien motibazio erlijiosotik, ondare immaterial baliotsua eman diote herriari, frantziskotarrentzat Anaidia, komentua ez ezik, gizartea ere badelako, Euskal Herria, mundua. Horregatik ari dira herrigintzan, modu etengabean, berrikuntza sustatuz, ausardiaz. Arantzazuko frantziskotarrek herriarekin duten lotura, egindako ekarpenak alor ezberdinetan eta hori beren espiritualtasunarekin nola lotzen den ezagutzera emateko, 70 minutuko dokumentala ondu da zazpi frantziskotar (Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Angel Txabarri, Manolo Pagola, Paulo Agirrebaltzategi) eta Arantzazurekin modu batean edo bestean harreman esanguratsua izan duten hainbat pertsonen testigantzekin (Joseba Intxausti, 1936-2023, dokumentala edizio fasean zela zendua; Lorea Agirre, Jon Sarasua, Izaskun Andonegi, Miguel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euzkitze, Marije Goikoetxea eta Alazne Guridi).

Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioaren aktibitate nagusia demokraziaren eta gobernantzaren berrikuntza laborategia bada ere – Arantzazuko ondarea sustatzeko eta eraberritzeko prozesua bultzatzea, dinamizatzea, kudeatzea eta koordinatzea ere fundazioaren egitekoa da. Hain justu, marko horretan kokatzen da dokumentala. Jakina da ondarea forma ezberdinetan aurkeztu ohi dela, baita era immaterialean ere, esate baterako, herri-testigantzen bidez, balio sozial eta historiko izugarria dituztenak. Fundazioak horiei erreparatu, eta frantziskotarren bizi-istoriok jasotzeko egitasmoa abiatu zuen.

Frantziskotarrekin elkarlan estuan, entzute ariketa sakona egin zen, testigantza-sorta gordailu gisa jasota gera zedin, irudiz nahiz soinuz. Kristau espiritualtasuna, Humanismoa, Artea, Natura, Euskara eta Kulturaren gaiek egituratu zuten 2022an izandako solasaldiek. Jasotakoaren balio handiaz jabetuta, 2023an artxibo-lana dokumental gisan gizarteratzen hasi zen, aipatutako frantziskotarren eta gainontzeko elkarrizketatuen bizipenak uztartuta.