“Nolakoak izango dira etorkizuneko euskaldunak?”. Lau gazte erreferenteren eta lau frantziskotarren arteko “euskal nortasunaz” solasgunea Arantzazun

Arantzazu ‘Euskozenoa’-ren laugarren hausnarketa- eta sormen-gunea izan da. Gari Uriarte Dupla taldeko abeslariak, Oihana Kortazar mendi korrikalariak, Xabier Mujika eszenografoak eta Olatz Ibarretxe berrikuntzan adituak galdera banarekin jo dute fraideengana euskalduntasunaren irudi kolektibo berriak eraikitzen jarraitzera.

Arantzazu, euskal jendartearentzat erreferentziazko gunea dena, etorkizuneko euskal nortasunaz hausnartzen jarri da ‘Euskozenoa’-ren eskutik. Lau euskal gazte erreferentek eta lau fraidek hausnarketa partekatua egin dute gai honen inguruan: “Nolakoak izango dira etorkizuneko euskaldunak?”. DOT Kooperatibak, Arantzazulab-ek eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintziak sustatua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ekimenaren nondik norakoa aurkeztu dute gaur goizean Donostiako Tabakalera eraikineko Ruiz Balerdi aretoan. Bertan eskainitako prentsa agerraldian Naiara Goiak (Arantzazulab- eko zuzendari nagusia), Olatz Ibarretxek (DOT-eko zuzendari sortzailea), Paulo Agirrebaltzategik (Arantzazuko Frantziskotarren Probintziako fraidea) eta Xabier Mujika eszenografoak parte hartu dute.

‘Euskozenoa’ mundu eta kultura globalizatuen errealitatean euskaldun izatea zer den, eta zer izan nahi dugun, pentsatzeko gunea da. Sustatzaileen esanetan: “Nor izan ginen kontatu digute, nor garen galdetu nahi diogu geure buruari nor izango garen amesteko. Guztiok dugu etorkizunean pentsatzeko eskubidea, horregatik hausnarketa eta sormen edo esperimentazio gune irekiak sortzen ditugu, denon parte hartzetik, ezberdinengandik ikasteko, eta gure identitate fluidoak etorkizunera proiektatzeko”. Orain arte, ‘Euskozenoak’ 4 hausnarketa-kolektibo garatu ditu: (1) Euskal Herrian bizi eta beren euskalduntasuna oso modu ezberdinean bizi duten pertsonekin; (2) diasporako euskaldunekin; (3) Euskal Herrian bizi diren pertsona migratuekin; eta, azkena, (4) euskaldun gazteak eta Arantzazuko frantziskotarrak bildu dituena.

Diziplina ezberdinetako lau gazte erreferente izan dira euskal nortasunaren inguruan hitz egiten frantziskotarrekin batera. Gari Uriarte Dupla taldeko abeslaria, Oihana Kortazar mendi korrikalaria, Xabier Mujika eszenografoa eta Olatz Ibarretxe berrikuntzan aditua solasean aritu dira Juan Miguel Dorronsoro Arantzazuko Santutegiko goardianoa, Paulo Agirrebaltzategi, Anjel Txabarri eta Mikel Santiago frantziskotarrekin batera. Euskalduntasunaren irudi kolektibo berriak eraikitzen jarraitzea helburu, gazteek galdera banarekin jo dute fraideengana:

  • Nola egin zuten hain berritzailea izan zen euskara batuaren jaiotzea Arantzazutik?
  • Nola lotzen da euskal nortasuna espiritualtasunarekin eta naturarekin?
  • Zer ikasi dezakegu Arantzazun gertatu zen sorkuntzaz arte garaikidean gabiltzan sortzaileak?
  • Nola eraikitzen da euskalduntasunetik eraikitzen den etorkizun bat ausartak izaten?

Gazte bakoitza frantziskotar batekin konektatu du, eta binaka gai jakin batzuk jorratu dituzte. Galderek goiz osoko konbertsazioak eragin zituzten, eta horrek hausnarketak nahiz esperientziak partekatzea ekarri zuen”, azaldu dute ‘Euskozenoa’-ren sustatzaileek, eta gaineratu dute: “Berriketa amaitutakoan, frantziskotarrek gogoeta egin dute eta prozesuan izandako esperientzia oinarrituta, etorkizuneko belaunaldiei zuzendutako manifestua idatzi dute”. Halaber, Paulo Agirrebaltzategik esperientziaren inguruan adierazi du: “Nik ez nuen Dupla taldearen ez Gari Uriarteren berri handirik; elkarrizketa egin behar genuela jakitean, saiatu nintzen taldearen musika eta ibilbidea ezagutzen. Elkar agurtu orduko, benetako sintonia sortu zela uste dut bi mundu kultural ezberdinekoak izan arren biok. Euskara akademikoarekin batera euskara herritarrak landu beharraz mintzatu ginen bereziki, euskarak berak etorkizun bizia izan dezan”. Egun Arantzazuko Santutegiko goardianoa den Juan Miguel Dorronsorok zera esan du: “Bakoitza mundu guztiz ezberdinetik gentozen. Euskal mundua ez da oso handia, baina bai guztiz anitza. Horrek aberastasun handia dakarkio euskal unibertsoari”. Era berean, Olatz Ibarretxe berrikuntzan adituak gaineratu du: “Arantzazu beti izan da berrikuntzaren eredu bat niretzat hainbat prismetatik begiratuta kolaboraziotik, apurketatik, eta naturaren konexiotik. Barrutik ikusita iraganera bidai bat baino etorkizunerako salto bat izan da”.

“Arantzazu irekita dago”, Arantzazuko ondarea zabaltzeko aro berria

Solasaldien ondorioak hainbat ikus-entzunezko lanetan bilakatu dira Hiru Damatxo ekoizpen-etxearen eskutik. Berain esanetan, “Arantzazuko monumentuek eta paisaiek merezi zuten lanketa estetiko berezi bat. Adrian Cores zuzendariarekin elkarlanean, 16mm-tan grabatu genituen bertako irudiak. Film analogikoaren eta efektu digitalen arteko uztarketa baliatu dugu gero, bi belaunaldi desberdinen arteko elkarrizketaren kontzeptu hori irudira ere eramanez”. Tabakaleran egin den agerraldian gogoeta partekatuaren laburpena erakutsi zaie hedabideetako ordezkariei. Baina ‘Euskozenoa’ ekimeneko sustatzaileek aipatu duten bezala, gazte eta fraideen arteko solasaldiak uztailean zehar gizarteratuko dira sare sozialetan zabalduko diren bideoen bidez.

‘Euskozenoa’ Arantzazuko ondarea ezagutzera emateko Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioak abiatu duen etapa berriaren parte da. Arantzazu “ireki” egin da erantzun gaurkotuetara iristeko, beti egin duen bezala, aurrera egiteko, eta ‘Arantzazu Irekita Dago’ kontakizunaren markopean. Horren baitan hainbat egitasmo koka daitezke, esate baterako: ‘Arantzazu 36 zm, 5 mende, herri bat’ dokumentala (webgunea), Arantzazuko ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa intimoa jaso duena eta zinema-aretoetara 2.000 ikusle erakarri dituena; Arantzazuko egutegi ezagunaren, “Takoa”-aren, digitalizazioa eta generoaren ikuspegia txertatzea; edota uztailaren 22an eta 23an Arantzazuko Gandiaga Topagunean egingo den ‘Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer?’ izeneko UPV/EHU-ren udako ikastaroa. Euskal Herriko Unibertsitateak, Joxe Azurmendi Katedrak eta Arantzazulab-ek antolatuta, matrikulazio epea oraindik zabalik dago. Ikusi informazio osoa www.uik.eus webgunean. “Arantzazutik gure herrian hainbat alorretan egin den ekarpena ezagutzera emateak balio sozial eta historiko handia duela uste dugu; eta hori euskal gizarteari ezagutzera ematea garrantzitsua da, gure historiaren eta izanaren parte baita. Baina difusio hau era berrituetan egitea pentsatu dugu, galdera batzuk partekatzeko aldi berrian, eta ‘Euskozenoa’ horren isla da”, adierazi du Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak.

Euskozenoa | Mezu bat Euskozenoa eraikiko duenari
Euskozenoa euskal nortasunaren inguruko hausnarketa plataforma bat da, mundu eta kultura globalizatuen errealitatean euskaldun izatea zer den eta zer izan nahi duen pentsatzeko gunea.

Egitasmoa elkarlanean garatu dugun eragileak:

DOT: Inpaktua helburu duen diseinu estudio bat da. Etorkizuneko erronkei erantzuna emateko irtenbide ukigarriak sortzen ditu. 2013an sortua, ekintzailetza sozialean eta diseinu berritzailean egin du bere ibilbide oparoa Euskal Herri zein nazioarte mailan, Portugal, Alemania, Txina, India, Hego Korea, Somalia, Mauritania edo Kenia bezalako herrialdeetan, besteak beste.

Arantzazulab: Demokraziaren Berrikuntzarako laborategia da. Horretarako gobernantzaren eraldaketa sustatzen du, eta laborategiaren helburua lankidetzazko gobernantzan sakontzea eta berau hedatzea da, herritarrak ahalduntzeko, herri politiketan lankidetzazko gobernantza sustatzeko eta demokrazian sakontzeko. Laborategiaren azken helburua ere bada lankidetzarako kultura gizartean hedatzea, herritarren elkargune eta ikaste aktiboko topagune bihurtzea, eta herritarrek agenda publikoan duten inplikazioa eta partehartzea areagotzeko tresna berriak, hurbilpen eraldatzaileak eta ezagutza eskaintzea. Era berean, Arantzazulab fundazioaren egiteko osagarria ere bada Arantzazuko ondarea sustatzeko eta eraberritzeko prozesua bultzatzea, dinamizatzea, kudeatzea eta koordinatzea.

Arantzazuko Frantziskotar Probintzia: Fraide frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate Arantzazun, Andra Mariaren irudia aurkitu zenetik. Beraien motibazio erlijiosotik, ondare material nahiz immaterial baliotsua eman diote herriari, frantziskotarrentzat Anaidia, komentua ez ezik, gizartea ere badelako, Euskal Herria, mundua. Horregatik ari dira herrigintzan, modu etengabean, berrikuntza sustatuz, ausardiaz.