Tolosako Herritar Batzarraren galderaren ezagutzan sakontzen jarraitu dute batzarkideek 2. saioan

Arantzaulab_Tolosa_Batzarra_02_Session

Tolosako Herritarren Batzarraren bigarren saioa izan da. Honela, azaroaren 5eko saioan (larunbata), Tolosako Udalak proposatutako galderaren ezagutzan sakontzen jarraitu dute batzarkideek. Zehazki hau da erakunde komanditarioak proposatutako abiapuntua: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?

Saioari hasiera emateko, urriaren 22an landutakoaren eta ikasitakoaren inguruko lanketa egin dute, xede izanik orain arte jasotako informazioa prozesuaren galdera markoarekin lotzea. Kokapena eta eguneko egitaraua azalduta, deliberazio prozesuen lehen saioetan ohikoa den bezala, informatzeko tarteari eman zitzaion hasiera.

Aditu zein arituen hitzartzeen bitartez, herritarrek ongizate emozionalean eta lankidetza publiko-komunitarioan sakontzeko aukera izan dute deliberazioa eta gomendioak ezagutzan oinarrituta egon daitezen.

Fernando Fantovak eman zion hasiera informazioa aurkezteko tarteari eta bakardadearen gaia azaldu zuen ondorengo ponentziarekin: ‘Bakardadeak, komunitateak eta tokiko politikak’. Jarraian, Martin Zuñigak (Grupo SSI) , zahartzaroaren inguruko marko orokorra ezarri zuen bere ‘Zahartzearen errealitatera hurbilduz’ aurkezpenarekin. Goizeko informazio saioei itxiera emateko, herritarrek haur eta gazteen eskuhartzearen inguruan entzuteko aukera izan zuten, Amaia Uriarteren eskutik.

1_Fernando Fantova_Martin Zuñiga

2_Amaia Uriarte_Pepa Bojo

Goiza amaitu zen deliberazio-prozesuen ezagutzan sakontzeko hiru lanketa zehatzekin: talde lanerako irizpideak, pentsamendu kritikoa eta “sesgoak”. Hiru elementu horiek gakoak dira deliberaziorako gaitasunak garatzeko eta prozesu aberatsa bermatzeko.

Bazkal ostean, berriz ere aktibatze aldera berotze-ariketa egin zen. Goizean bezala, arratsaldean ere, hiru aritu eta adituen informazio eta ikuspuntuak jaso zituzten partaideek. Pepa Bojok, genero-ikuspegiak eta berdintasunak osasunean duten garrantziaz aritu zen. Ondoren, Tolosako Udaleko Hirigintza Departamentuko arduraduna den Jone Minerrek, hirigintza eta osasunaren arteko erlazioak eta erronkak azaldu zituen. Azkenik, Adriana Martinez-ek (APTES), Auzotu proiektuan landutakoa eta teknologia komunitarioak eskaintzen duten aukerez hitz egin zuen.

3_Jone Miner_Adriana Martínez

Aurkezpenen bideoak eta hizlariek erabilitako euskarriak hemen ikus ditzakezue.

Hurrengo saioan, azaroaren 19an,  Tolosako testuingurua ezagutzeko mahai-ingurua izango da, eta ondoren, deliberaziofasean murgilduko dira Tolosako Herritarren Batzarreko kideak. Jasotako informazioaren ostean, begirada aberastu horretatik, hausnarketari eta deliberazioari hasiera emango diote.