Tolosako Udalak Herritarren Batzarraren gomendioen ezarpen-mailaren berri ematen jarraitzen du
‘Ongizate emozionala eta osasun mentala’ izan zen Tolosako Herritarren Batzarrak jorratu zuen gaia. Tolosan lehenengoz egindako Herritarren Batzarrak, herritarren deliberazioaren bitartez, erabaki publiko batzuetan modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du. 2022ko abenduaren 17an batzarkideek 14 gomendio aurkeztu zizkioten Tolosako Udalari. Ondorengo hilabeteetan udalean egindako barne lanaren ostean, 2023ko martxoaren 25ean udal ordezkariek gomendio bakoitzari erantzun zioten. Egitasmoaren web-orrian batzarkideek egindako gomendioak eta udalaren erantzuna jasotzen dituzten dokumentuak eskuragarri daude.
2024ko maiatzaren 25an goizeko 9.00etan Tolosako Herritarren Batzarra osatzen duten herritarrak eta udaleko ordezkariak batu dira Tolosako pleno aretoan. Udalaren partetik herritarren gomendioen erantzunak ezartzeko egindako aurrerapenak aurkeztea izan du helburu. Horrekin batera, udal ordezkariek orain arte egindako lanketa herritarrekin kontrastatu eta galderak egiteko tartea izan dute.
Tolosako Udalarentzat egitasmo honek duen garrantziaz aritu da Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea. Ondoren, udal ordezkariek hitza hartu dute, eta orain arte Udal barnean jorratutako sei gomendioen aurrerapen eta egoeran zentratu dute azalpena.
Ondorengo sei gomendioak eta ondoren erantzunak sakontasunez irakurtzeko esteka.
A. Arkitektura inklusiboa
F. Etxegazte
H. Nerabeak, LGTIQ+, suizidioa: arreta, hezkuntza eta esku-hartzeko programa
K. Espazioa eta aisia, gazteak (13/18)
M. Gune berdeak
N. Konfiantza instituzionala: parte hartzeko dinamika iraunkorrak
Azalpenen ostean, zirkuluan eseri dira batzarkideak aurkeztutako gomendioen inguruan gogoeta partekatua egiteko. Lehenik, batzarkideek entzundakoaren inguruan hausnartu dute eta banaka hartu dute hitza ebaluazio orokor zein gomendioen inguruko galdera ezberdinak helarazteko. Ondoren Udal ordezkariei zehaztutako galdera eta kezkei erantzun diete, solasaldi txikiak zabalduz. Saioa ixteko Tolosako Udaleko Gobernantza eta garapen komunitarioko teknikari Garikoitz Lekuonak azkeneko balorazioak jasotzeko eta hurrengo pausuen berri eman du. Horren ostean, Andu Martinez de Rituertok orain arte inplementazioan izandako erronkak, eta hurrengo hilabeteetan egingo den lanketa azaldu du.
Prozesuak jarraipen egokia izan dezan, ondorengo itzulpen saioa 2025ko ekainean egitea adostu da baina gomendioen jarraipena gertuagokoa izan dadin, 6 hilabeteren ostean, gomendioen jarraipen txostena bidaliko zaie batzarkideei. Txostenaren inguruko galdera egongo balira ere hauek erantzuna jasoko lukete. Ondorengo aurrez aurreko saioan gomendioen inplementazioarekin lotura duten pertsona/eragileak ekartzea eta beren esperientziatik azalpena egitea gomendagarria izango litzatekeela azaldu dute batzarkideek.
Aurrekariak: Tolosako Herritarren Batzarraren ibilbidea
Nazioarteko zein tokiko hainbat eragilerekin batera (ELGA eta Democracy Next erakundeetako lan taldeak, eta gurean Aztiker, Deliberativa, Aktiba (EHUko ikerketa taldea) eta Prometea), 2022an Tolosako Udalak eta Arantzazulab-ek Tolosako Herritarren Batzarra abiatu zuen.
Zozketa zibikoaren bidez, Tolosako 32 herritar hautatuak izan ziren Herritarren Batzarrean parte hartzeko. Zozketa mota honek, bertako batzarkideak tokiko aniztasuna deskribatu dezaten, zenbait irizpide hartzen ditu kontuan, zehazki: adina, generoa, hezkuntza-maila eta Tolosako zein auzoetan bizi ziren.
32 batzarkideek 2022ko urritik eta abendura bitartean 40 orduetan deliberatu egin zuten, betiere, udalak abiapuntuan proposatutako galderari erantzuteko: Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?
Prozesuaren inguruan sakondu, prozesua hobe ezagutu eta sortutako dokumentu ezberdinen berri izateko, ondorengo webgunean informazio osoa topa dezakezu. Tolosako Herritarren Batzarra.