Imanol Pradales Lehendakariak Arantzazulab bisitatu eta demokraziaren berrikuntzan gure lana zein ildo estrategikoak ezagutu ditu

Ohore handia izan da irailaren 9an Imanol Pradales Lehendakariaren bisita jasotzea Gandiaga Topagunean, laborategiaren egoitzan. Arantzazuko Ama birjinaren eguna izan dela probestuz, Naiara Goiak Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak egin dio harrera Lehendakariari, Gandiaga Topagunean. Arantzazulab-era egindako bisitan Arantzazulab-era egindako bisitan Gandiaga Topagunea eraikinean dagoen Batzar Zentroko azpiegiturak eta espazioak ezagutzeko aukera ere izan du Lehendakariak.

Jarraian, laborategiaren instalakuntzak ezagutu ditu zuzendariaren eskutik, eta amaitzeko, bilera izan dute biek.

Lehendakaritzaren babesa Arantzazulab-i legealdi berrian

Eusko Jaurlaritza Arantzazulab-en erakunde sustatzaileetako bat da, eta baita patronatuko kidea ere. Hain justu, Lehendakaritzako Komunikazio eta Gizarte Berrikuntzako Idazkaritza Orokorreko ordezkariek hartzen dute parte laborategiaren patronatuan eta zuzendaritza batzordean.

Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak laborategiaren demokraziaren berrikuntzarako ibilbidea eta lan-ildo estrategikoak Lehendakariari aurkezteko aukera izan du bien arteko bileran. Horrela, lau urteetako ibilbidea, egitasmo esanguratsuenak, laborategi-eredua, eta aurrera begirako asmoez eta elkar-lankidetza sendotzeko aukerez solasteko aukera izan dute.

Bere aldetik, Lehendakariak legealdi berrirako asmoak partekatu ditu, gure herriaren garapenerako demokrazian sakontzea eta lankidetzazko gobernantza hedatzea agendako eremu estrategikoak direla agerian utzita. Gainera, Arantzazulab bezalako laborategi baten ekarpena balioan jarri du eta Eusko Jaurlaritzak ematen dion babesa berretsi egin du, aurrera begira ere ekimen esanguratsuetan elkarrekin aritzeko bidea irekiz.