Lekeitio700 – Demokrazian sakontzeko ikerketa eta praktika konektatzen

Urtarrilaren 25eko goiz euritsuan Arantzazulab demokraziaren berrikuntzarako laborategiko kide eta kolaboratzaile ezberdinak Lekeitiora hurbildu ginen Lekeitio 700 egitasmoaren baitan jardunaldi bat aurkeztu eta dinamizatzeko. Kostaldeko herri bizkaitar honen 700. urteurrena ospatzeko antolatu diren hainbat ekintzen artean, demokraziari buruz hausnartzeko eta honetan sakontzeko jardunaldi bat sustatu da. “Plazatik udaletxera, udaletxetik plazara” izenarekin, erakunde publikoen eta herritarren arteko harremana herrian nola ikusten duten eztabaidatzera gerturatu ziren hogeita hamar bat lagun Sociedad Recreativa-ra. Bertan, Arantzazulab-en Ikerketa Elkargunearen baitan garatutako ideia zein hausnarketa batzuk aurkeztu ziren, jardunaldiari marko bat emateko. Horrekin batera, Arantzazulab-ek demokrazian sakontzeko praktikan jarri dituen eredu batzuk aurkeztu ziren, herritarrek erakunde publikoen erabakietan inplikatzeko aukera ezberdinak ezagutu ditzaten. , Arantzazulab-eko Ko-Sorkuntza ekosistemaren kide diren dinamizatzaileek erraztu zuten jardunaldia Maraka, Apitropik eta Ko-garri taldeetako kideek, hain zuzen ere.  

Jardunaldiari sarrera eta oinarrizko marko bat ezartzeko, “Demokraziaren ulermenak gurean” ikerketa proiektuaren baitan egindako lanaren emaitza, galdera eta hipotesi berri batzuk aurkeztu zituen Asier Baztanek, Mondragon Unibertsitateko ikerlariak eta Arantzazulab-eko Ikerketa Elkarguneko kideak. Lan hau Arantzazulab-eko Ikerketa Elkarguneak garatu du azken urteetan, ikerketa modu kolaboratiboan eginez UPV/EHU  Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatearen artean. Ikerketa Elkargunean demokrazia bere zentzu zabalean izan bada ere ikergaia, egun honetarako erabaki politiko eta parte-hartzeari buruzko datu eta ondorioak mahaigaineratu ziren, eguneko helburuak gai hauek ardatz zituelako. Labur-labur, ondorengoak izan ziren azpimarratutako puntuak: 

  • Arazoak ebazteko ereduak: Euskadin, 10tik 4k ez du gaur egungo ordezkapeneko eredu liberala demokratikoena bezala ikusten eta, %34,4k “beste antolaketa” batzuk demokratikoagoak direla adierazten du. Beraz, demokraziaren legitimitatea altua, orokorra eta egonkorra izanda ere, urteetan zehar ia aho batez eredu politiko desiragarriena bezala hobestu duelako euskal gizarteak, honen antolaketa modu ezberdinetan imajinatzen dela dirudi. Zeintzuk dira, beraz, gizartearen lehentasunak  “beste antolaketa” horiek irudikatzerakoan? 
  • Desafekzio politikoa: ordezkapeneko ereduaren krisi egoera honetan, herritarrek eredu politikoarekiko desafekzio maila oso altua erakusten dute, hau da, erabaki politikoetan eragina izateko gaitasun eza sentitzen dute eta, gainera, beraien beharrak eta kezkak entzuten ez dituztela adierazi zuten. Badakigu, “beste antolaketa” batzuen aldeko erantzunak eman zituztenek desafekzio maila altuagoa erakutsi zutela, krisi egoera honen oinarri batzuen berri eman ditzaketenak: eredu liberalaren ordezkapen gaitasun baxua.
  • Parte-hartze politikoei buruzko jarrerak: parte-hartzeko lehentasunei buruz galdetzerakoan, ordea, gizarteak oraindik oso lotura indartsu bat erakusten du prozesu elektoralarekin. Baina, beste prozesu batzuk, alegia, konpromiso eta inplikazio pertsonal altuagoa eskatzen dutenak, aldeko erantzun baxuagoak jaso dituzte. Beraz, eredu liberalak ahultasunak ditu baina bere prozesu elektorala demokraziaren zilegitasunerako ezinbestekoa dela baieztatu dugu, beraz; prozesu parte-hartzaileagoen aldeko jarrerak ikusten ditugunean koiunturalak dira, momentuko haserrearengatik sortuak, ala konbentzimenduz emandako erantzunak dira, benetan erabaki politikoak beste modu batean hartu behar direlako pentsatzen dutelako? Ziurrenik bi arrazoiak emango dira eta, kasu askotan, hauek nahastuta egongo dira, baian horrelako galderak planteatzea ariketa interesgarria izan daiteke. 
  • “Joko demokratikoa”: eredu demokratikoa modu ezberdinetan imajinatzen dela konfirmatzeaz aparte, herritarrek demokraziarentzako nuklearrak diren balio eta printzipioak identifikatu eta aitortzeko gai direla frogatu dugu. Honekin batera, erabaki eta ordezkari politikoak herritarrengandik hurbilago egon beharko liratekeela babesten duten ideiak demokraziaren balio zentraletako bat bihurtu dela nabarmendu dugu.

Ezinbestekoa da gure ikerketa goitik behera zeharkatzen duten bi efektu aipatzea; lehenengoa a) adina eta generoaren arteko arrakala, eta bigarrena, b) “belaunaldi-mindua” deitu dioguna, 30-45 urte bitartean aurkitzen den taldearen egoera. Hitz gutxitan, efektu hauek gure gizartearen irudi orokor bat izateko pista batzuk ematen dizkigute, alde batetik a) generoak gazteen arteko jarrera eta lehentasunak ezberdintzeko jokatzen duen rola ulertzea. Ikusi dugu, adin-tarte ezberdineko emakumeen erantzunak oso antzekoak direla eta beraien adin-tarteko gizonezkoengandik, aldiz, nabarmen ezberdintzen direla, gazteetan bereziki. Bestetik, b) momentu historiko jakin batean (2008ko krisi ekonomikoan) sozializatu eta politizatutako belaunaldi batek eredu instituzionalarekin daukan jarrera kritikoa ezagutzea.  

Honekin, eta “beste antolaketa” horiek irudikatzeko modu ezberdinak daudela ulertuta, Arantzazulab-ek demokrazian sakontzeko gauzatu dituen esperientziak partekatu zituen Ione Ardaiz-ek, Arantzazulab-eko proiektuen arduradunak. 

Lehenik eta behin, herritarrak erabaki publikoetan inplikatzeari buruz ari garenean, parte-hartze maila desberdinak egon daitezkeela nabarmendu genuen. Parte-hartze publikorako Nazioarteko Elkarteak proposatuko gradientea eredu hartzen dugu Arantzazulab-en maila desberdinak deskribatzeko:  

Lehen maila batean, herritarrekin informazioa partekatu dezake erakundeak eta egiten denaren berri eman. Bigarren mailan, kontsultan, herritarrek beraien ekarpenak egin ditzakete erakundeak egindako lanean. Hirugarren mailan, engaiatzean, herritarrekin batera lan egin dezake erakundeak prozesuaren fase batzuetan. Laugarren mailan, lankidetzan arituko dira herritarrak eta ordezkari publikoak. Eta bostgarren mailan, erabakimena herritarren esku jarriko da. Maila hauek gradiente batean kokatzeak ez du esan nahi batzuek besteek baino garrantzia gehiago dutela, kasuan kasu ulertu beharko da herritarren zein inplikazio maila beharrezkoa den eta prozesuaren hasieran argi komunikatu. 

Abiapuntuko marko hau oinarri hartuta, Arantzazulab-en esploratzen hasi garen demokrazian sakontzeko hainbat ikuspegi azaldu genituen. Bakoitzean ondokoak azaldu genituen: ikuspegia zein erronkari aurre egiteko baliagarria da, herritarren parte hartze gradientean zein mailatan kokatzen da, eta hurbilpena praktikara eramateko kontuan hartu beharrekoak. Zehazki, lau ikuspegi deskribatu genituen: 

  • Demokrazia Deliberatiboa: ausaz aukeratutako herritar talde bat erakunde publikoak zehaztutako dilema politiko bati erantzuteko elkartu egiten da erakundeak deituta, honek deliberatu egiten du eta abiapuntuko galderari erantzuteko gomendioak idazten ditu.
  • Misioetan oinarritutako berrikuntza: erronka konplexu eta handiei elkarlanean erantzuteko markoak proposatzen dira. Helburu amankomunak irudikatzen dira, eta eragile bakoitzak helburu hori erdiesteko egingo dituen ekarpenak azaleratu egiten dira, ekintzen arteko osagarritasunak identifikatuz.
  • Zerbitzuen diseinua: herritarrak erakundeen zerbitzu publiko zein programen definizioan inplikatzeko ikuspegia da.
  • Ebaluazio Ebolutiboa: ziurgabetasuna nagusi den esparruetan ikasketak jaso eta horren arabera erabakiak hartu eta egindakoaren eragina ulertzeko ebaluazio-ikuspegia da.

Ikuspegi hauetaz gain, beste asko daude demokrazian sakontzeko bai gurean bai nazioartean praktikara eramaten ari direnak. Arantzazulab-en helburua da horiek jasotzea eta gurean gauzatzeko aukerak sustatzen jarraitzea.  

Jardunaldia talde txikietako dinamiketara pasatu zenean, parte hartzaileek gure planteamendua aberasteko ikuspuntuak gaineratu zituzten, eta galdera zein hausnarketa berriak sustatu zituzten. Esaterako, atxikimendu falta zabaldua eta onartua izan arren, bereziki gazteak mobilizatzeko mugimenduen indarra aditu zen (mugimendu feminista, LGTBI+…). Gizarteak bizi duen balio eta kezka aldaketengatik izan daiteke hau, gizartea aktibatzeko gai eta prozesu ezberdinen inguruko hausnarketa bultzatu dezakeena; izan ere, berraktibazio ahaldun baten beharra identifikatu zen. Bai taldean, bai pertsonalki, erantzukizunez jokatzeko bideak ahalbidetu eta sendotzeko nahia nabaria zen. Desafekzioa eredu politikotik jasotzen ez denagatik adierazten bada ere, herritar askok alderantzizko desafekzioaren berri ere eman zuten. Beste hitzetan, indibidualki gizartearekiko eta gai publikoekiko kezka galdu eta arrakala bi noranzkoan ematen dela adierazi zen.

Herritarrekin izandako elkarrizketak, aldi berean, hauen gaitasunak balioan jartzeko konfirmazioa izan ziren. Erabakiak beste modu batean hartu nahi direla azaleratzen denean, kontuan hartu beharko da desiragarriena behetik gorako prozesuak izatea dela. Herritarrek argi daukate zeintzuk diren beraien komunitatearen beharrak eta hauek nolako prozesuen bitartez burutu behar diren, bakoitza bere funtzionatzeko era eta helburu zehatzekin. Abisu bat izan zen ere, herritarrak erakunde publikoen egiteko zein erabakietan txertatzeko prozesuak martxan jarri nahi dituzten instituzio publiko horientzako, hauek edonola egin ezin direlako.  

Laburbilduz, ikerketa lanen ondorioz garatzen diren ezagutzak eta galdera berriak herritarrekin partekatzea eta kontraste lan bat egitea beti emankorra den ariketa bat da, eta ez zen gutxiago izan Lekeition. Gainera, ikerketaren emaitzetan oinarrituta, urrats bat gehiago eman zen, alegia, erronken ezagutzan sakontzeaz gain, horiei erantzuteko bideak esploratu genituen. Bi ardatz hauek dira Arantzazulab-en ekarpena ezaugarritzen dutenak: alde batetik, erronken ezagutza teorikoan sakontzea, eta bestetik, identifikatutako galderei erantzunak elkarlanean bilatzeko egitasmoak erraztea. Partaideek positiboki baloratu zuten bi plano horiek saioan lantzea eta bietan ekarpenak egiteko espazioa sortu izana. Gainera, lasaitasunez eta konfiantzan hitz egiteko sortutako giroa eskertu zuten, baita ikuspuntu politiko desberdinak dituzten pertsonekin espazioa partekatzeko aukera ere.  

Honela, herri mailan herritarren inplikazioari buruz ezagutzan sakondu eta sortutako galderei erantzuteko zein bide jarraitu daitezkeen lantzeko jardunaldi bat izan zen. Era berean, Arantzazulab-en ekosistemetan dihardugun askotariko ezagutza motak eta lan egiteko moduak konektatzen jarraitzeko beste mugarri bat izan da.


Ezagutzan sakontzen jarraitzeko materialak: 

Jardunaldian aurkeztutako edukietan sakondu nahi izanez gero, erabilitako euskarriak hemen deskargatu ditzakezu:

– Ikerketa Elkargunea – Asier Baztanen aurkezpena

– Demokrazian sakontzeko hurbilpenak – Ione Ardaizen aurkezpena

Arantzazulab-en weborrian ikuspegi hauetako bakoitza praktikara eraman ditugun adibideak eta jasotako ezagutzak esploratu ditzakezue:  

Demokrazia Deliberatiboan: ezagutza jaso dugu gida honetan. Eta ikuspegia praktikara eraman ditugun adibideak:

– Misioen ikuspegia 

– Zerbitzuen diseinua  

  • (Ingelesez) Observatory of Public Sector Innovation – Service Design txostenean ikuspegia aurkezten da.
  • Eta Marakak garatutako adibide zehatz honekin ulertu daiteke ikuspegiak non egin dezakeen ekarpena. Kultur Lemoa proiektua: Lemoako aisi-kultur zerbitzuak berrantolatuz, Kotxepin aisi-kultur gunea eraikitzera. Prozesuaren laburpen bideoa eta proiektuaren txostena

– Ebaluazio Ebolutiboa