Misioen Topagunea: espazioaren formatu berria abian!
Arantzazulab-ek sustatzen duen egitasmoetako bat da Misioen Topagunea, misioetan oinarritutako berrikuntzan sakontzeko espazioa. Erakunde publikoen topagunea eta ikasketa komunitatea da, berrikuntza publikoan aurrera egiteko eta Lankidetzazko Gobernantza praktikara eramateko.
Topagunea Arantzazulab, Apitropik, Ko-garri eta Maraka erakundeak elkarlanean diseinatu eta erraztu egiten dugu.
2024ko abiapuntua
Topaguneari 2024an eman genion hasiera. Urtean zehar lau saio egin genituen, non misioen ikuspegiari buruzko ezagutza jaso, nazioarteko eta tokiko inspirazio aurkezpenetatik ikasi eta gurean ikuspegi hau praktikan jartzen ari diren eragileen artean konexioak sortu ziren.
Urtea amaitzean, parte-hartzaileekin batera gogoeta egin genuen. Hausnarketa horretan, agerian geratu zen topagunean identifikatutako helburu anitzei erantzuteko beharrezkoa zela egitura berri bat. Horren ondorioz, hemendik aurrera hiru espazio osagarri aktibatzea erabaki dugu, bakoitza helburu jakin bati erantzuteko: inspirazioa eta gogoeta partekatua; laborategi esperimentala; eta ikaskuntza-sare egonkorra.
Topagunearen formatu berria
Topagunearen partaideekin batera, espazioaren hiru helburuak zehaztu ditugu eta horietan sakontzeko hiru talde desberdin aktibatuko dira:
- Inspirazioa eta gogoeta partekatua: esperientziak ezagutu eta gogoetarako espazioak sortzeko.
- Laborategia: misioetan oinarritutako berrikuntza praktikara eramateko moduak elkarrekin ikertu eta probatzeko.
- Sarea: praktika komunitate egonkorra eraiki, maila-anitzeko gobernantzan fokoa jarriz.


Honetaz gain, topagunearen dinamikak aberasteko, nazioarteko esperientzietan eta sareetan parte hartzen dugu. Zehazki, OPSI-OCDE taldeak sustatutako praktika komunitateko kide gara eta IIPP-UCLen MOIN sarean parte hartzen dugu. Bi talde horietan parte hartuz eta gure tokiko ezaugarriekin bat datozen esperientziekin harremanetan sakonduz, nazioarteko askotariko esperientzien ezagutza jasotzen dugu, gurera hori gerturatzeko, eta era berean, tokian gertatzen ari diren esperientziak zabaltzeko.
2025eko iraileko saioa
2025eko irailean Misioen Topagunearen saioa izan dugu, tokiko erakunde desberdinetako ordezkariak bilduz. Saioak hiru helburu nagusi izan ditu:
- Topagunearen formatu berria ezagutzea, 2025etik aurrera bultzatuko ditugun hiru espazio osagarriak aurkeztuz.
- Parte-hartzaileen arteko ezagutza eta konexioak sendotzea, eta bakoitzak misioen ikuspegiaren inguruan egiten ari den lana partekatzea.
- Tokiko eta nazioarteko inspirazio kasuak ezagutzea. Nazioartean, Flandriako Vlaanderen Circulair ekimenaren esperientzia ezagutu genuen, Brigitte Mouligneau (Trantsizioaren zuzendaria) gonbidatu nagusiaren eskutik. Tokian bertan, berriz, Goierri BarneTik ekimenaren inguruko esperientzia partekatu zuten proiektuan aktiboki inplikatutako hiru eragilek: Goieki, Biziola eta Orkli.


Saio aberatsa izan da, eta bertan argi geratu da ikuspegi eta esperientzia anitzen arteko elkarrizketa eta loturak funtsezkoak direla berrikuntza publikoan aurrera egiteko.
2026ra begira
Etorkizunera begira, Topagunearen hiru ildo nagusietan sakontzen jarraituko dugu lansaioen bidez, baita ikasketa- eta inspirazio-bidaia baten bidez ere. Helburua argia da: elkarlan berritzaileak aktibatu, esperientziak partekatu eta erakundeen eraldaketa kolektiboa elikatzen jarraitzea.