Demokraziaren eta adimen artifiziala langai Arantzazulab-en ‘Erronka Astean’
Otsailaren 16tik 20ra Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Kanadako Huron Unibertsitateko 60 ikasle demokrazia eta adimen artifizialaren inguruan jardun zuten Arantzazulab-en eskutik, Gandiaga Topagunean.
Erronka Asteak Gazteekin kultura demokratikoan sakontzeko: inpakturako zenbakiak
Arantzazulab-en Demokraziaren berrikuntza, sormena eta diseinua ardatz dituen programa bat da eta diziplina anitzetako ikasleak Arantzazulab-en astebeteko egonaldia egitera gonbidatzen ditugu. Egitasmo honen xedea da laborategiak proposatzen dien erronkaren inguruan (demokraziaren berrikuntza, kultura demokratikoan sakontzea, gobernantzaren eraldaketa eta horietan teknologia berriek egin dezaketen ekarpena) gazteak modu aktiboan inplikatzea, beraien ahotsa jasotzeko, eta gure ekimenetara belaunaldi berriak erakartzeko.
Erronka asteak Arantzazulab-ek demokraziaren berrikuntzarako laborategi bezala dituen ardatz estrategiko baten markoan kokatzen dira: Kultura demokratikoan sakontzea eta gaitasunen garapena. Batetik, laborategiak herritarrek demokrazian eta politikan beraien parte-hartzea eta inplikazioa handitzeko ahalegina egiten du —politikarako eta demokraziarako interesa sustatuz, jakin-mina piztuz, modu esanguratsuan parte hartzeko aukerak zabalduz, besteak beste—. Bestetik, kultura demokratikoan sakontzea dugu helburu, sistema demokratikoan eragiteko herritarren gaitasunen garapena sustatuz; beste modu batera esanda, herritarrek bizitza demokratikoan modu aktibo eta eraginkorrean parte hartzeko beharrezko gaitasunak garatzeko espazioak zein egitasmoak erraztuz. Hor kokatzen dira Erronka Asteak.
Eta aurtengo zenbakiak hauek: 60 ikasle ekimenaren erdigunean, 10 irakasle eta arduradun koordinatzaile eta aurkezle lanetan, Arantzazulab-eko 4 pertsonako erraztaile taldea ikasleei bidelaguntza ematen, komunikazioko lagunak testigantzak eta inpaktuak jasota gelditzeko, erakunde kolaboratzaileetako arduradunak esperientziak partekatzeko, eta astebeteko egonaldian ezer falta ez izateko beste hainbat laguntzaile (catering zerbitzuak, Gandiaga Topaguneko kudeatzaileak, Arantzazuko ostatuak eta jatetxeak, besteren artean). 100 pertsona inguru guztira, kultura demokratikoan sakontzeko egitasmo berritzaile baten parte. Bada zerbait.

Horrez gain, programa honek badu beste inpaktu bat ere: gure herriko kultura gertutik ezagutzeko, Arantzazuko historia eta balioak egonaldian zehar lehen eskutik bizitzeko, eta gure herriko lankidetzazko esperientzia publiko eta kooperatibo interesgarriak bisitatzeko aukera dute ematen die ikasle eta irakasle taldeari (Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Mondragon Korporazioa aurten). Hain zuzen ere, tokiko kultura eta balioetara gerturatzea Erronka Astearen parte delako, eta ezinbestean gazteen proposamenak jorratzerako orduan haien begirada osatzen duela uste dugulako.
Aurtengo gaia: Demokrazia eta Adimen Artiziala
Demokraziaren eta adimen artifizialaren arteko elkarrekintzak hainbat erronka mahaigaineratzen ditu.
Adimen artifizialak badu demokraziaren berrikuntzan ekarpena egiteko ahalmena; izan ere, adimen artifizialaren eta adimen kolektiboaren arteko eredu hibridoak indartzeko baliagarria izan daiteke, berrikuntza interes orokorraren zerbitzura jarriko duten marko etiko eta gobernantza-esparruekin batera.
Bestetik, adimen artifiziala esfera publiko digitalizatu batekin lotu daiteke, adimen artifizialean oinarritutako plataformak eta teknologiak baliatuz deliberazioa zabaltzeko eta parte-hartze zibiko eta deliberatibo inklusiboagoa lortzeko, hain zuzen ere. Guzti horrek agerian uzten du aro digitalean kultura eta gaitasun demokratikoak lantzearen garrantzia, ikaskuntza eta pentsamendu kritikoa sustatuko dituzten tresnen bidez, baita gazteen ezagutza eta ikuspegiak erabaki-prozesuetan txertatzearen beharra ere.
Azkenik, nabarmena da gobernantza-egitura argiak ezartzeko beharra —sektore publikoaren eta pribatuaren parte-hartzearekin—, teknologiaren garapena, erabilera eta jabetza zilegiak, gardenak eta arduratsuak izan daitezen, eta interes orokorrera bideratuak egon daitezen.


Gaian sakonduz
Gaian eta erronkan murgiltzen joan ahala, ikasleek adimen artifizialaren eta demokraziaren arteko harremanari buruzko gogoeta egiten hasi ziren: gardentasuna, arautzea, baliabide eta hezkuntza-berdintasuna, boterearen kontzentrazioa eta adierazpen-askatasunaren babesa bezalako erronkak azpimarratuz.
Ikasleen jatorri aniztasunak hainbat herrialdetako eta testuinguru kulturaletako esperientzia eta ikuspegi desberdinak agerian jarri zituen, eta lehenik eta behin adimen artifiziala eta demokrazia zer diren definitzearen beharra planteatu zuten ikasleek, biak nola uztartu aztertzeko.
Estatuaren papera funtsezkotzat jo zuten ikasleek: erregulazioan, sektore pribatuaren erantzukizun eta gardentasunari dagokionean, zein herritarren parte-hartzea bermatzeko teknologia-, hizkuntza- eta kultura-oztopoak gainditzeko premian.

Azken finean, adimen artifiziala tresna gisa ulertu eta sistema demokratikoaren barruan, herritarren ahotsa eta boterea esfera publikora zabaltzeko erronka plazaratu zuten ikasleek.
Adituen inspirazioa
Erronkan murgildu ondoren, Arantzazulab-eko, Huron Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko adituen eskutik, gaian sakontzeko bideari ekin zitzaion.
Arantzazulabeko proiektuen zuzendaria Ione Ardaizek herrialde txiki batetik egin daitekeen ekarpenari buruzko gogoeta zabaldu zuen, demokrazia amaitu gabe eta bitartekaritzaren krisia bizi duen etengabeko eboluzioan dagoen prozesu gisa ulertuta. Euskal kulturako auzolanaren eta lankidetza-oinarritutako gobernantzaren balioetatik abiatuta, zoru komun bat sortzeko, deliberazioa eta erantzunkidetasuna sustatzeko praktika berrien berrasmatzearen beharra azaleratu zuen, gaur egungo testuinguruan. Hiru ardatz nagusi proposatu zituen: demokrazia sakontzea, komunitatea indartzea eta ongizaterako lehiakortasuna bultzatzea.
Bestetik, 2023an garatutako Demokraziari buruzko ulermenak gurean ikerketa ekarri zen gogora: nahiz eta demokrazia sistemaren aldeko babes zabala egon, haren funtzionamenduarekiko desadostasuna agerikoa da; ordezkaritza onartzen da, baina berrikuntzarako eta parte-hartze esanguratsurako eskaera dago, benetako eragina izango duen parte-hartzea, balioetan oinarritutako legitimitatea eta herritarren gaitasun edo agentziaren aitortza uztartzen duena.
Kanadako Huron Unibertsitatetik, Kate Graham, Neil Bradford eta Jesse Helmer irakasleek Kanadako gobernantza-eredu deszentralizatua aurkeztu zieten ikasleei: lurralde- eta kultura-aniztasun handia duen herrialde batean (probintziak, eskualde-gobernuak eta gobernu indigena ugari) komunitate bakoitzaren nortasunaren zaintza dago gobernantzaren erdigunean. Nahiz eta Kanada gizarte plural funtzional gisa aurkeztu, bertako tentsio politiko eta identitarioak ere azpimarratu zituzten, batez ere nazioarteko testuinguruaren eta barneko mugimenduen ondorioz.


Bestalde, eredu gisa aurkeztu zen gobernantza-ereduen berrikuntza eta lankidetza kasu bezala Quebeceko ekonomia sozialaren tradizioa (kooperatibismoa, gobernantza partekatua) demokrazia ekonomikoaren ikuspegiarekin lotuz, neoliberalismoaren alternatiba gisa.
Azkenik, herri indigenekin adiskidetzea eta haien eskubideen aitortza azaldu zuten—bereziki Vancouverren eta NBEren Adierazpenaren aplikazioan— gobernantza-eredu berrien adibide moduan.
Mondragon Unibertsitateko Egoitz de La Iglesia teknologian aditu eta ikertzaileak teknologiaren eta gizakiaren arteko harreman konplexuaren inguruko hausnarketa izan zuen ardatz hitzartzean: pertsona eta teknologiaren arteko nahasketa eta muga garbirik eza eta adimen artifizial generatiboaren naturalizazioa eta antropomorfizazioa. Teknologia, garapena eta datuak ez dira objektiboak, baizik eta gizartearen eraikuntza eta subjektibitatearen emaitza; interpretazioa eta balio demokratikoak ezinbestekoak dira horietan. Era berean, etikaren dimentsioa nabarmendu behar da diseinuan eta garapenean, erabakiak hartzeko espazio mugatuetan, eta giza agentzia eta balio demokratikoek erabaki horien oinarri izan behar dute.
Itziar Alkorta Euskal Herriko Unibertsitateko bioetikan aditu eta Zuzenbide zibileko irakasle eta ikertzaileak Europako adimen artifizialaren arautzeari buruzko gogoeta egin zuen, tentsio nagusiak azpimarratuz: Europako Batasunak (EEBB) legeak aplikatzean dituen zailtasunak, beste herrialdeekin, batez ere Txinarekin, lehiatzeko presioarengatik, Araudiaren eboluzioaz jardun zuen: hasieran, araudia teknologiaz bakarrik kezkatzen zen eta “High Risk AI” kasuak soilik teknologiaren %5a hartzen zuen; gero, ikuspegi zabalagoa hartu zen, gizakiaren eskubideak eta etikako printzipioak (kalte-prebentzioa, autonomia, konfiantza, printzipio bioetikoak) barne hartuz. Hala nola, Europako legediak galerazitako adimen artifizial motak (erabilerak), arrisku handikoak eta arrisku txikikoak azaldu zituen.
Helburua “Human-centered AI” (pertsonetan zentratutako adimen artifiziala) lortzea da, baina tentsio konpetitiboak eta erregulazio estuak errealitate konplexua sortzen du Europan.
Adituen hitzaldiez gain, Mondragon taldeko demokrazia organizatiboaren esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzazko gobernantzaren estrategia ezagutu zuten Estrategia foru zuzendaria Iosu Arraizen eskutik.
Hamar proposamen demokrazia eta adimen artifiziala uztartzeko
Hamar izan ziren ikasleek landutako lanak, askotarikoak: proposamenetako batzuk adimen artifizialaren inguruko ezagutza eta kontzientzia landu zuten; beste batzuk, adimen artifizialaren erregulazioan herritarren partehartzea bermatzeko formulak proposatu zituzten; eta, beste multzo batek adimen artifizialaren bidez demokrazia indartzeko formulak proposatu zituzten.
Bi lanek jaso zuten aipamen berezia. Horietako batek etorri berriei, adimen artifiziala erabiliz tokiko sistema politikoa ezagutu eta parte hartzeko erreminta proposatu zuen. Besteak aldiz, adimen artifiziala herritarren behar eta gobernuen erabakien arteko lotura egiteko sistema proposatu zuen.


Eta, modu horretan, bi berrikuntza nagusirekin amaitu zen “Erronka astea”: kultura desberdinetako ikasleen arteko harreman berriekin, eta adimen artifizialak demokrazia indartzeko izan dezakeen aukeren gaineko ideia berriekin.