Arantzazulabek lantaldea handitu berri du

arantzazulab-lantaldea

Berri onak ditugu, izan ere, Arantzazulabek lantaldea handitu eta indartu egin du.  Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak bi lan deialdi egin zituen 2020ko abenduan, eta horren ondotik abian izandako hautapen-prozesuak bukatuta, Gandiaga Topaguneko bulegoan dauzkagu jada Arantzazulabeko kide berriak.

Ko-sorkuntzan eta ebaluazio ebolutiboan aditua, Ione Ardaiz gizarte berrikuntza proiektuen zuzendaritzaz arduratzen da. Aurretik ere esparru horretako zenbait ekimen gidatu eta koordinatu ditu, hala gure lurraldean (Debagoiena 2030 ) nola nazioarte mailan (esate baterako, Italian, Belgikan, Alemanian, Kolonbian eta Polonian). Diseinu Industrialeko Ingeniari Teknikoa da (Mondragon Unibertsitate Politeknikoa), eta Produktuaren Diseinuko Laurea Specialistikoa masterra du Milango Eskola Politeknikoan. Bere ibilbide profesionaleko azken urteak Agirre Lehendakaria Centerren eman ditu Ardaizek. Lehenago, The Australian Centre For Social Innovation erakundeko proiektuetan lan egin zuen Australiako Gobernuarentzat edota herrialde horretako zenbait GKErentzat.

Halaber, Imanol Iturrioz da Arantzazulabeko operazioen arduraduna. Enpresa Zientzietan diplomatua da (Euskal Herriko Unibertsitatea), eta Gizarte Ekonomia graduondokoa du Valentziakako Unibertsitate Politeknikoan. Iturriozek laborategiko administrazio eta baliabideen arloak kudeatuko ditu. Ekintzaile amorratua, bere aholkularitza enpresan jasangarritasun proiektuak bideratzen aritu izan da azken hamarkadan. Iturriozek, Ardaizek bezala, nazioartean ere eskarmentu badu. Izan ere, Bostonen bi urte eman zituen lanean, eta honezkero urtebete bada Ameriketako Estatu Batuetatik itzuli zela.

Bestalde, Arantzazulabek eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak lankidetza hitzarmena sinatu ostean, MyGADE-ko (Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza Gradua) ikaslea den Ane Mendizabal gurekin jardungo da bere formazio prestakuntza dualaren baitan. Lankide berrien iritsierarekin, Arantzazulabek ilusioz beteta jarraituko du bidean aurrera egiten.